2019/01/31

Talogintza tailerra otsailaren 13an izango da

i

Antolatzen ditugun kultur ekintzen artean arrakastatsuenetakoa izaten da talogintza tailerra, parte-hartze aldetik behintzat, eta aurtengoan ere taloak egiteko bilduko gara otsailaren 13an, 18:00etan, Beasaingo Arriaran auzoko Intxaurpe elkartean.

Segurako talogileek orea prestatuko dute eta, ondoren, mahaietan banatuko da, parte-hartzaile bakoitzak bere taloa egin dezan. Jarraian, sutan erre eta hirugiharra, gazta, txistorra edo txokolatea tartean dutela dastatuko ahalko dira.  

Parte hartu nahi izanez gero, otsailaren 8ra arteko epea izango da izena emateko. Horretarako, gurekin harremanetan jarri beharko duzue. Helduek 4 euro ordainduko dute eta umeek, berriz, 2 euro.

2019/01/30

Ipuinen magian murgilduta

Leire Zinkunegi ipuin kontalariaren saioa izan genuen asteartean Ordiziako Barrena jauregian eta bertan bildu ginen iluntzeko taldeetako ikasle eta irakasleak, eta baita hainbat herritar ere, tartean ume batzuk. 

Leirek hiru ipuin kontatu zituen: satorra, beheko erreka eta karakola I. Narrazio ederrak dira hirurak, mezu garrantzitsu eta gogoangarriak dituztenak eta zinez gozatu genuen entzuten. 


Amaieran, hizketaldia ere egin genuen, hiru ipuinen inguruko gogoeta egiteko.

2019/01/29

Korrika Batzordeen hitzorduak

Goierriko herrietako batzordeen bilera hitzorduak lotzen ari gara pixkanaka eta hauek dira orain arte finkatutakoak:



Falta diren herrietako hitzorduak jakinaraziko ditugu zehaztu ahala, beraz, adi ibili!

2019/01/28

Txillardegiren omenaldi-ekitaldirako gonbidapenak eskuragarri

21. KORRIKAk Txillardegiren omenezko ekitaldia antolatu du datorren otsailaren 9rako, 19:00etan, Musikene* Goi Mailako Musika Ikastegian.

Ekitaldian, Txillardegik euskararen normalizazioan eta bestelako arloetan eginiko ekarpenaren aitorpena egingo dute AEK-k eta KORRIKAk.


Ekitaldia doakoa izango da; etorri nahi duen orok gonbidapena eskuratu behar du helbide honetara mezua idatzita: ekitaldiak@korrika.eus

* Musikene goi-mailako musika ikastegia
Europa plaza, 2, 20018 Donostia

2019/01/25

Otsailean hilabeteko ikastaro trinkoak Foruko barnetegian

Hizkuntza bat ikasteko ez dago hizkuntza hori hitz egiten den ingurunean murgiltzea bezalakorik. Hori dela eta, egunean 24 orduz euskaraz bizitzeko aukera ematen dizugu Foruko barnetegian: euskaraz gosaldu, bazkaldu eta afaldu; euskara eskolak jaso; eta, ordu libreetan, euskara hutsean bizi.


AEK-k ikasturte osoan eskaintzen dizu, urritik ekainera, barnetegian ikasteko aukera. Hilabete edo gehiago -120 orduko ikastaroak- egin dezakezu Foruko barnetegian (Bizkaia), Urdaibaiko biosfera-erreserban.

  • Epea: otsailaren 4tik martxoaren 1era. 
  • Prezioa: 536 euro. Eskolak, egonaldia eta otorduak barne. 
  • Maila guztiak. 
  • Informazio gehiago eta izen-emateak: gernika@aek.eus // 946 253 596 
Datozen hilabeteotan ere aukera gehiago izango duzu. Ikusi hemen.