2014/12/05

Euskararen eguna Goierrin: mintzodromoa, lasterketa, omenaldia...

Abenduaren 3an hainbat ekintza burutu ziren Goierrin euskararen eguna ospatzeko. Beasainen Mintzodromoa egin zen eta Goiztiri AEK euskaltegiko irakasle eta ikasle batzuek bertan parte hartu genuen. Hiru gairi buruz aritu ginen solasean: Beasain hemendik 10 urtera nolakoa izango den, erretiratuen bizimodua eta itxura fisikoari ematen diogun garrantzia. Fresko egiten zuen arren, giro goxoan aritu ginen solasean bertan bildutako ikasle eta herritarrak txokolate beroaren laguntzaz.


Ordizian, berriz, herri lasterketa eta ekitaldia egin zituzten. Abesteaz gain, Jose Mari Goenaga zinema zuzendariari ere omenaldia egin zioten. Ekitaldian parte hartu zuten Ordiziako euskaltegiko irakasle eta ikasleek ere.


Zer moduz ibili zineten? Gustura ala?

Goierrin egindako ekitaldietako argazkiak Goierriko Hitzan.

2014/12/04

Durangoko Azoka omenduko du Korrikak igandean

Mende erdia beteko du Durangoko Azokak 2015ean. Ibilbide luze horrengatik eta auzolanean eta elkarlanean egindako lanagatik omenduko du Korrikak. Omenaldi ekitaldia abenduaren 7an izango da, 20:30ean, Ahotsenea gunean. Besteak beste, Asier Amondo Korrika arduradunak eta Durangoko Azokako zortzi guneetako ordezkariek parte hartuko dute ekitaldian. Korrika 19rako egindako 'Gu euskahaldunak' gara dokumentala ikusteko aukera ere izango da bertan. 


Ekitaldia zuzenean jarraitzeko modua izango da Korrikaren eta EITBren webguneetan.


Horretaz gain, Korrika laguntzaile txartela lortzeko parada ere izango duzue Durangoko azokan, 12 euroren truk. Txartel honi esker, Euskal Herriko hainbat komertziotan beherapenak izango dituzue. Honen inguruko informazio gehiago duzue hemen.


Gogoan izan Durangoko Azokak abenduaren 5etik 8ra izango dituela ateak zabalik eta bertan topatuko dituzuela aurten euskal kulturan sortutako hainbat eta hainbat liburu, disko, ikuskizun...

Hementxe duzue aurtengo egitarau osoa, egunez egun.


Korrikari buruzko lehiaketaren irabazleak


Joan den astean Korrika lehiaketa egin genuen Ordiziako euskaltegian, A2, B1 eta C1 taldeetako ikasleekin. Lehenik eta behin, jolasa egin genuen ikasleak taldekatzeko, maila ezberdinetako ikasleak izan zitezen talde bakoitzean. Ondoren, Korrikari buruzko lehiaketari ekin genion. Irakasleok 15 bat galdera egin genizkien ikasleei eta taldeek txandaka erantzun behar izan zuten. Zuzen erantzunez gero, puntu bana lortzen zuten; oker erantzunez gero, berriz, hurrengo taldeak izaten zuen asmatzeko aukera. Errebotean zuzen erantzundakoek puntu erdia jasotzen zuten. Jolasaren amaieran, argazkian agertzen den taldea izan zen irabazle. Diploma ederra eta metxeroak eskuratu zituzten. Zorionak!


Esku-hutsik geratu ziren ikasleak ere, klasera etorri aurretik baino beteago itzuli ziren etxera. Izan ere, Korrikari eta AEKri buruzko kontu asko ikasi zituzten. Ez al da hala?  Zer informazio berri jaso zenuten? Kontatu, kontatu!

2014/12/03

Hamaika hizkuntza, borroka bakarra

Askapena erakunde internazionalistak eta Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak Euskararen Nazioarteko Egunerako (ENE) bideoa egin dute auzolanean. Herrialde Katalanetatik, Maputxe herritik, Aragoitik, Korsikatik Boliviatik, Irlandatik eta Japoniatik iritsitako mezuekin osatu dute ikus-entzunezkoa. Helburua zera da: Euskararen Nazioarteko Egunean, munduko herrien arteko elkartasuna jorratu eta ikusaraziz, herri mugimendutik euskaldun eta euskaltzaleei mezua zabaltzea aurrerantzean ere euskararen alde lan egiten jarrai dezagun.


2014/12/02

Euskararen Eguna aldarrikatzeko hainbat ekitaldi Goierrin

Abenduaren 3an ospatzen dugu Euskararen eguna eta atzo hainbat eragile elkartu zen Beasaingo plaza azpian, bertako Udalak egindako adierazpen instituzionalarekin bat egiteko. Hainbat tokitan egindako adierazpenez gain, ekitaldi ugari antolatu dira.


Beasainen, esaterako, mintzodromoa antolatu dugu Goiztiri AEK, Beasaingo Udala eta Beasaingo Udal euskaltegiak. Arratsaldeko 19:00etan izango da plaza azpian eta euskaraz ikasten ari direnak eta euskaraz bizi direnak elkartuko dira hiru gairen inguruan solasean aritzeko. Aurrez 'Euskara, ospela eta egutera' dokumentala izango da toki berean. 


Animatu eta parte hartu!

Gainerako herrietako egitaraua Goierriko Hitzan.