Ohiturari jarraiki, talogintza tailerra egin dugu aurten ere Arriarango Intxaurpe elkartean. Leihate zabaletatik kanpora bista zoragarriak, eta barruan ere giro paregabea: taloak egiten ikastea aitzaki, adin askotako jendea euskaraz solasean.
Bertaratutakoek adi-adi entzun zituzten Segurako talogileen azalpenak. Lehenik, orea egin zuten talogileek arto-irina, ur beroa eta gatza nahastuta. Ondoren, ore zatiak mahaietan banatu eta lanari ekin zioten parte-hartzaileek: talo-oholaren gainean, eskuarekin kolpeak emanez, forma eman zioten nahasketari taloa osatu arte. Talogileek azaldu zuten garrantzitsua dela kolpe lehorrak ematea; ez dela indar kontua. Aholkua praktikara eramatea, ordea, ez da hain erraza, eta askotarikoa izan zen azken emaitza: talo txikiak, handiak, borobil-borobilak, forma irregularrekoak, leunak, koskadunak... Guztiak desberdinak, baina guztiak mimoz eginak, eta, sukaldean egon zen mugimendua ikusita, oso gozoak.
Behin taloa eginda, barruan zer sartu? Norberaren nahierara: hirugiharra, txistorra, gazta eta txokolatea; bakarrik zein edozein modutara konbinatuta. Hain zuzen ere, konbinazio desberdinak dastatzen aritu ziren asko: lehenengo taloa era batera, bigarrena beste batera, hirugarrena, laugarrena... Gehienak bapo afalduta bueltatu ziren etxera, eta, batez ere, euskaltegitik kanpo arratsaldea euskal giroan ederki pasata.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina