2019/12/04

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta hainbat ekitaldi antolatzen dira herrietan. Euskaltegiko ikasle eta irakasleek egun berezi honetan ikasgelan hainbat jarduera egiteaz gain, ekitaldietan ere parte hartu dute.


Ordizian hainbat ekintza izan ziren egunean zehar eta arratsaldekoarekin eman zioten errematea. 'Ahobizi eta belarriprestak kalera' izeneko ekitaldian hainbat jarduera izan ziren: euskararen eguneko manifestuaren irakurketa, euskararekiko bizipenen eta desioen sareratzea, Goierriko Bertsozale elkarteari omenaldia eta Urdaneta eta Amets Bide dantza taldekoen emanaldia. Txaranga ere aritu zen giroa berotzen, tartean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 'Maite zaitut' abestia jo zuten.






Beasainen, berriz, Loinazko San Martin plazaren azpian izan zen ospakizuna. 2018ko Euskaraldiko datuen berri eman zuten eta 2020ko Euskaraldiaren ezaugarriak eta zentzua azaldu ziren. Horretaz gain, herritar eta erakundeei 2020ko Euskaraldian parte hartzeko gonbita egin zitzaien. Jarraian, Euskal Herri osorako Topaguneak prestatutako Kike Amonarrizen idatzia irakurri zuten. Azkenik, Aurtzaka dantza taldekoek soka-dantza egin zuten eta bertaratu zirenek, eskutik helduta sarea osatu zuten dantzan.


Ekitaldia amaitu ondoren, Beasaingo euskaltegiko Txapeldunak taldeko kide batzuk oholtza gainera igo eta abestera animatu ziren. 'Behin betiko' abestia kantatu zuten han bilduta zeudenen aurrean. Hasiera mailako ikasleak dira, gainera, urrian euskara ikasten hasitakoak. Ausartak, ezta? 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina