Euskaldunok jan eta edanean trebeak garela ezin ukatuko dugu baina janaria prestatzen ere ez gara gaizki moldatzen. Gure trebezia erakusteko aukera izan genuen atzo Ordizian egin genuen IV. Pintxo lehiaketan.
Aurtengoan, euskaltegiko ikasle eta irakasleek osatutako zortzi taldek hartu genuen parte lehiaketan. Hasierako azalpenak eman ondoren, arratsaldeko seiak eta laurden aldera, talde bakoitzak beharrezko osagaiak hartu eta pintxoak prestatzeari ekin genion.
Epaimahaiari aurkezteko pintxoak mahai batean jarri genituen arratsaldeko zazpi eta erdietarako. Harrituta geratu ginen parte-hartzaile eta epaimahaikideak pintxoen mailarekin. Hori da artea!
Gainerakoak, berriz, beste mahai batzuetan kokatu genituen, epaimahaikoek euren lana egin bitartean, guztion pintxoak dastatu ahal izateko.
Kantoi tabernako Ekain Lorenzo eta Ordiziako Udaleko Gaztedia saileko arduraduna den Koro Ruiz izan ziren epaimahaiko kide. Oso serio egin zuten bere lana eta ondo aztertu zituzten pintxoak atalez atal: usaina, itxura, egitura eta zaporea.
Azkenik, epaimahaikoek euren epaia eman zuten eta hiru pintxo onenak zein ziren jakinarazi zuten. Honelaxe gelditu zen sailkapena:
1. Amona mantangorria. Ordiziako goizeko A1 taldekoek egina.
2. Txalupa. Beasaingo iluntzeko taldeak egina.
3. Izokin kapritxoa. Ordiziako goizeko A2 taldekoek sortua.
Irabazleak Ordiziako goizeko A1 taldekoak izan ziren, beraz. Azpiko argazkian gustura ageri dira, euskaltegiko ikasleek egindako oroigarriekin.
Bejondeizuela parte hartzaile guztioi, eta datorren urtera arte!
Argazki galeria hemen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina