2013/03/12

Eskualdeko Korrika afaria jendetsua eta giro apartekoa izan da

Goierriko Korrika afaria izan genuen larunbatean Beasaingo plaza azpian eta 150 lagun elkartu ginen bertan. Adin guztietako jendea bildu zen eskualdeko afarian eta gustura aritu ginen jan- edanean, berriketan eta dantzan.


Afariko menua lehiaketa gastronomikoan parte hartu zutenei esker izan genuen. 12 elkartek hartu zuten parte: Beasaingo Arrano eta Arriarango Intxaurpe;  Segurako Zopa jale, Txoritegi eta Elorri; Ordiziako Irriki, Argi Berri eta Larrun Arri; Legorretako Aldapa Haundi; Itsasondoko Arbelaitz; Lazkaoko Gerriko eta Lazkaomendiko Lartxai.



Elkarteek patatak errioxar erara eta haragi gisatua prestatu behar izan zuten lehiaketarako. Epaimahaikideek elkarte guztien jakiak dastatu zituzten eta puntuazioa ere eman zieten, ondoren plater bakoitzaren irabazlea izendatu ahal izateko. Epaimahaia Oianguko Kontxi eta Beni  Mujikak, Beasaingo Kattalin erretegiko Juan Manuel Garmendiak eta Goiztiri AEKren ikasle den Patxi Urangak osatu zuten.

Afariaren ondoren, berriz, lehiaketako irabazleei saria banatu zitzaien, lekukoa. Lehenengo plateraren irabazleak Ordiziako Argi Berri elkartekoak izan ziren eta bigarrenarenak Legorretako Aldapa Haundi elkartekoak.








Jarraian, Aiko taldea aritu zen giroa musikaz eta dantzaz betetzen. Ederki amaitu genuen gaua; batzuek plaza azpian eta beste batzuek tabernaz taberna parrandan!


 
Eskerrik asko plaza azpira inguratu zineten guztioi eta baita lanean lagundu ziguzuen guztioi ere! 

Gogoratu ostegun gauean pasako dela Korrika Goierritik. Eman euskara elkarri!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina