2013/03/05

Bertso Korrikaren barruko saioa izan dugu Amaia Agirrerekin

 

Bertsozale Elkarteak, AEK-k eta Bertso Eskolek Bertso Korrika ekimena antolatu dute bertsolaritza euskara ikasleei hurreratu nahian. Korrikarekin batera joango den bertso zirkuitua izango dugu hau eta Euskal Herriko 25 tokitan egingo dira bertso saioak. Euskara ikasleen neurrira egindako saioak izango dira, eurak erakarri nahi baitira mundu honetara. Haietako askorentzat bertso saio bat entzungo duten lehen aldia izango da. Horregatik, saioko azalpenak eta bertsolarien jarduna egokitu egingo dira, euskara ikasleek uler dezaten. Alabaina, bertsozaleentzat ere saio hauetako ateak zabalik daude, publikoan bertsozaleek eta euskara ikasleek bat egitea nahi baita.


Bertso saioaren aurretik lanketa egin dugu Beasainen Amaia Agirre bertsolariarekin. Bertan, Agirrek bertsoa zer den, nola egiten den...azaldu die ikasleei. Horretaz gain, saioaren nondik norakoak ere azaldu dizkigu: non izango den, zein bertsolarik kantatuko duten, zein izango den gai-jartzailea...Ikasleak gustura aritu dira eta bertso mundua ezagutzeko balio izan die eta baita hitzen errima lantzeko ere.

Bertso Korrika ekimenaren baitan Goierrin egingo den saioa bertso afaria izango da eta martxoaren 21ean egingo da, 20:00etan, Lazkaoko Maizpide euskaltegiko jangelan. Bertso afarian parte hartzeko 7 euro ordaindu beharko dira. Endika Igartzabal, Oihana Iguaran, Gorka Maiz eta Beñat Iguaran arituko dira bertsotan eta Amaia Agirrek aurkeztuko ditu gaiak. AEK, Bertsozale Elkartea eta Goierriko Bertso Eskola dira saio honen antolatzaileak. 


Animatu eta hurbildu Maizpidera, giroaz eta bertsoez gozatzera!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina