2013/02/28

Martxoaren 9an izango da Goierriko Korrika afaria

iritzia: 


Eskualdeko Korrika afaria izango da martxoaren 9an Beasaingo plaza azpian, 21:30ean. Aurretik, ordea, elkarteen arteko lehiaketa gastronomikoa izango da. Elkarteek patatak errioxar erara eta haragi gisatua prestatu beharko dituzte eta epaimahaiak irabazlea hautatuko du. Afaltiarrek elkarteek egindako janaria dastatzeko aukera izango dute eta, horretaz gain, ijito besoa eta kafea ere otorduko parte izango dira. Afalondoren, ez da musikarik eta dantzarik faltako, Aiko taldearen erromeriari esker.


Afarira joan nahi dutenek txartelak erosi beharko dituzte; helduek 12 euro ordaindu beharko dute eta 18 urte artekoek, berriz, 5 euro. Ondorengo tokietan eros daitezke txartelak:

- Beasainen: Goiztiri AEK euskaltegian, Arranon eta Basakanan.
- Ordizian: Goiztiri AEK euskaltegian eta Barrenan.
- Lazkaon: Ansoategin.
- Ataunen: Sutegin, Troskaetan eta Errotaundin.
- Seguran: Elorripen.
- Idiazabalen: Izpar dendan.
- Itsasondon: Kaxintanen.
- Legorretan: Olason.
- Zegaman: Itzela tabernan.


Animatu eta etorri eskualdeko afarira!

2013/02/27

Giro ederra izan dugu talo ikastaroan

iritzia: 

 

Talo ikastaroa egin genuen atzo Arriarango Intxaurpe elkartean eta 90 lagun bildu ginen bertan. Segurako talogileek taloa nola egiten den irakatsi ziguten eta taloa egiten ari ginen bitartean aholkuak ere eman zizkiguten. Haurrak eta helduak, adin guztietako jendea, elkartu ginen taloak prestatu, erretzera eraman eta hirugiharra, gazta, txokolatea edota txistorra barruan zutela jateko.Jateaz gain, sagardoa dastatzeko aukera ere izan genuen, Intxaurpeko lagunek kupelak zabaldu baitzituzten. Ederki gozatu genuen barrena taloekin eta Intxaurpeko giro apartarekin! Datorren urtean gehiago!


Argazki gehiago hemen.

2013/02/26

Giro alaia izan da sagardotegiko irteeran

iritzia: 

 

Urteroko ohiturari eutsiz, aurten ere Hitzaroko kideak, Mintzalaguneko partaideak eta Goiztiri AEK ikasle eta irakasleak Urbitarte sagardotegian izan dira afaltzen. 47 lagun elkartu ziren afaritarako eta bapo jan eta edan zuten han elkartutako denek. Hori gutxi balitz, dantza saio ederrak ere egin zituzten umore alaian, Ander Matxain eta Mikel Urdangarinen trikiti soinuen erritmoan. Ikusi, bestela, azpiko bideoak!





2013/02/25

Korrika 18ren Unitate Didaktikoa prest dago

iritzia: 

Korrika 18ren Unitate Didaktikoa prest dago gaur goizean Koldo Tellituk eta Kristina Boanek, Euskal Herriko Ikastolen izenean, eta Edurne Brouardek, AEK-Korrikaren izenean, Bilboko Kalderapeko Kulturgunean aurkeztu ostean.


Unitate didaktikoa adin tarte guztietako ikasleei (haur hezkuntzatik 18 urtera artekoei) zuzendutako Korrika materiala da, 10 egunetarako prestatua eta Euskal Herriko eskola eta ikastoletan Korrikaren mezua zabaltzeko balio duen tresna.Helburua euskararen erabilera sustatzea eta indartzea da, AEK-k antolatutako Korrika ekimenaren zergatiaz eta beharraz ohartaraztea. Horretarako, Korrika 18ren mezua, kanta eta bideoklipa ditu eta Korrika Txikirako prestaketa egitera gonbidatzen ditu adin-talde guztiak. Horrez gain, hainbat jarduera dituzte unitate didaktikoan, adin tarteen araberakoak. 

Irakasleei Korrika txikiak antolatzen eta prestatzen laguntzeko baliagarria izateaz gain, Korrikaren alde egiten duten lan handia eskertzeko modu bat da. Korrikak beti jaso izan du asko euskal gizartetik, eta Korrikaren nahia, espiritua eta filosofia da ordainetan zerbait ematea. 

Hemendik  jaits dezakezue unitate didaktikoa.

2013/02/21

Asteburuan Korrika Kulturaleko ekitaldiak izango dira

iritzia: 
Goierriko Korrika Kulturalaren barruan hainbat ekintza antolatu dira eta horietako batzuk asteburuan izango dira:

-Idiazabal. Etzi,otsailak 23, Gipuzkoako II. Mus Txapelketa. 16:00etan, Xumen.
-Itsasondo.  Bihar, otsailak 22,bertso afaria. 21:00etan, elkartean.
- Olaberria. Larunbatean, otsailak 23,Gipuzkoako II. Mus Txapelketa. 16:00etan, Arkupe elkartean.
- Ordizia. Etzi, otsailak 23, Korrikako 'Lekukoaren bila' ginkana. Goierriko kanporaketa. 17:00etan, plazan.
- Ormaiztegi. Etzi, otsailak 23,Gipuzkoako II. Mus Txapelketa. 16:30ean, Murua tabernan.
- Zaldibia. Bihar,otsailak 22, arropa salmenta arratsaldean, plazan. Afaria antzokian eta, ondoren, bakarrizketak eta erromeria.


Animatu eta parte hartu bai asteburuko ekitaldietan eta bai gainerakoetan!




2013/02/19

Talo ikastaroa egingo dugu asteartean Arriaranen

iritzia: 
Urteroko ohiturei jarraituz, talo ikastaroa egingo dugu aurtengoan ere. Datorren asteartean izango da Arriarango Intxaurpe elkartean, 18:00etan.Segurako talogileak arituko dira irakasle eta taloak egiten irakatsiko digute. Taloa egiteaz gain, dastatzeko ere aukera izango da, noski, taloaren barruan, txistorra, txokolatea, gazta edo dena delakoa jarrita.




Ohiko legez, herritar guztientzat irekia da.Parte hartu nahi duenak izena eman beharko du Beasaingo edota Ordiziako euskaltegietan. Euskaltegira hurbildu ezin duenak e-posta bidal dezake beasain@aek.org edota ordizia@aek.org helbideetara. Bestela, berriz, deitu 943 88 93 40 edota 943 88 91 74 telefono zenbakietara.Txartela ere erosi behar da ikastaroan parte hartzeko; 12 urtera arteko haurrek, 12koek barne, 2 euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek 4 euro.

Animatu!

2013/02/13

Goierriko Korrika Kulturala aurkeztu dugu

iritzia: 
 


Korrika 18 martxoaren 14tik 15erako gauean pasako da Goierritik, baina hori baino lehen Korrika Kulturala izango dugu. Goierriko 16 herritan kultur ekitaldi ugari izango dira, otsailean eta martxoan, euskararen aldeko lasterketa erraldoiaren etorrera girotzeko.

Korrika Kulturalaren aurkezpena egin genuen atzo Ordiziako Barrena jauregian. Bertan bildu ziren Axular Barandiaran Korrikaren Goierriko koordinatzailea, Zezilia Herrador Beasaingo Udaleko ordezkaria, Izaro Intxausti Ordiziako Udaleko zinegotzia eta Maizpide Dantza Taldeko kidea, Hitzaro euskara elkarteko kideak,Goiztiri AEK irakasle eta ikasleak eta Korrika Batzordeetako zenbait kide.

Hona hemen Korrika Kulturalaren aurkezpenaren nondik norakoak:







Animatu eta parte hartu ekintzetan! Eman euskara elkarri!

2013/02/11

Goierriko Korrika Kulturala aurkeztuko dugu bihar Ordizian

iritzia: 

Martxoaren 14tik 15erako gauean pasako da Korrika 18 Goierritik baina aurreko asteak girotzeko Korrika Kulturala antolatu dugu herrietako elkarte, batzorde eta udalen laguntzaz. Bihar Ordiziako Barrena jauregian, 12:00etan, egingo dugu Goierriko Korrika Kulturalaren aurkezpena eta bertan emango dugu egitarauaren berri. Adi, beraz!

2013/02/08

Miel Otxinen kapelak egin dituzte ikasleek

iritzia: 
Inauteri garaia dela-eta, Goiztiri AEK ikasleek inauterien inguruan sakondu dute: non ospatzen diren, noiz, zein pertsonaia dauden...Hori guztia landu eta gero, Miel Otxinen kapela egin dute, pausoz pauso, eta amaieran euren lana erakutsi digute, kapela koloretsua soinean dutela. Azpiko argazkietan Ormaiztegiko taldea, Ordiziako goizeko A1 taldea eta Ordiziako arratsaldeko guraso taldea ageri dira, hurrenez hurren, dotore-dotore, parrandarako prest.

 

Argazki gehiago hemen.

Zuek ere kapela egin nahi al duzue inauterietarako ? Bada, hemen duzue Ordiziako arratsaldeko A1 mailakoen azalpena. Ikusi eta ikasi!


2013/02/07

Korrika 18k egingo duen ibilbidea

iritzia: 
Korrika 18 martxoaren 14an abiatuko da Andoandik eta Baionan amaituko da martxoaren 24an, baina tartean toki ugari zeharkatuko ditu. Goierrin honako tokietatik pasako da martxoaren 14tik 15erako gauean: Legorreta, Itsasondo, Ordizia, Zaldibia, Lazkao, Olaberria, Idiazabal, Olaberria, Beasain, Ormaiztegi, Mutiloa, Zerain, Segura eta Zegama. Ibilbidearen nondik norakoak zehatz-mehatz jakiteko azpiko mapan begira dezakezue.



   

       

            errepide lasterketak
       

       

           
                Korrika18
           

           
                Egilea: Korrika18
           

       

       

   


Hementxe duzue ibilbidea, eguna eta ordutegia zehaztuta. 

2013/02/06

Korrika 18ren materiala salgai dago Ordizian eta Beasainen

iritzia: 

Komenigarria izaten  da Korrika herrira iristen den garaian, aproposa den jantziekin irtetea kalera eta baita aurretik giroa berotzen joatea ere eta, hori dela-eta, Korrika 18ren arropa eta materiala salgai daukagu Goierrin. Hiru toki finko ditugu eskualdean:Ordiziako euskaltegia (Nafarroa Beherea, 1), Beasaingo euskaltegia (Urbialde behea, 7) eta Beasaingo Herri Denda (Kale Nagusia). Beasaingo Herri Denda ostegunetan, ostiraletan eta larunbatetan izaten da zabalik, 18:00etatik 21:00etara. 

Hemen dauzkazue Korrika 18ren arropak erakusteko egindako desfileko argazkiak.

Animatu eta erosi, arroparen bidez ere euskara emateko elkarri!


2013/02/05

Agate Deuna bezperan kantuan aritu dira jubilatuak

iritzia: 

Euskaraz ikasten ari diren jubilatuak kantuan aritu ziren Agate Deuna bezperan Ordizian. Jubilatuak Lukusin plazan elkartu ziren Urdanetako ikasleekin. Bertan egin zuten lehen saioa eta, ondoren, Barrena pareko plazara joan ziren eta han ere koplak kantatu zituzten. Jubilatuen egoitzan egin zuten hurrengo geldialdia eta kantuan eta giro onean borobildu zuten Agate Deuna bezpera. 


Hemen dituzue Agate Deunako koplak, abestu edo ikasi nahi izanda ere.

2013/02/04

Otsaileko lehiaketa

iritzia: 



Hilabete honetako galdera: Zein da Korrika 18ren leloa?

Saria: Martxoaren 9an Beasainen egingo den eskualdeko Korrika afarirako 8 txartel, 4 lagunentzat bina.

Parte hartzeko azken eguna: otsailak 28.

Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.