2010/03/18

Haristizabal baserrian izan ziren Goierriko Goiztiri AEK-ko hainbat irakasle-ikasle eta herritar.

iritzia: 
Haristizabal baserrian, argazkian ikusi dezakegun moduan, pastak zein gari-irinezko taloak egiten ikasi zuten bertaratutako guztiek. Horrez gain, irina nondik datorren, gari motak, beste zereal batzuk, ogia egiteko prozesua, lehengaien kalitatearen garrantzia, gari-alearen zatiak eta elikadurari dagokionez bakoitzaren balioa azaldu zizkien bertako arduraduna den Xabi Akizuk. Hariztizabal baserria Gipuzkoako arte eta arkitektura ondarearen zerrendan katalogatuta dago; baserri hau noiz, zergatik eta zertarako egin zuten ere azaldu zuten bertan. Pastak egiteaz gain, baserriaren eguneroko lanei buruzko informazioa eta ezagutza jaso zuten, nahiko ikuspuntu holistikotik. Ondorioz, hemengo gizartearen iragan hurbilaren eta horrek gaur egungoarekin duen loturaren osotasunezko ideiarekin atera ziren guztiak. Pasta zein taloak dastatu ere egin zituzten!

2010/03/16

Ordiziako Goiztiri AEK euskaltegiko goizeko talde bateko ikasleak Altarte elkartean.

iritzia: 
Argazkian, Ordiziako Goiztiri AEK-ren euskaltegian dabiltzan goizeko talde bateko ikasleak Altarte Elkartean, Altamira auzoan, buruturiko sukaldaritza ikastaroan ikus ditzakegu.

2010/03/10

Segura herrira bisita gidatua datorren martxoaren 25ean, osteguna.

iritzia: 
Martxoaren 25ean, osteguna, Segura herrira bisita gidatua egingo dugu. Irteera, Ordizia, Beasain eta Ormaiztegitik izango da 09:15ean. Segurara bertaratzeko norbere automobila erabili beharko da. Ahal bada izena emandakoekin taldeak osatuko dira elkarrekin bertaratzeko. 09:30ean Ardixarra etxean ikus-entzunezkoa ikusi ondoren herri-gunea bisitatuko dugu. Irteera irekia da, nahi duen orok har dezake parte. Hori bai, abenduaren 21erako izena eman behar da Goierriko Goiztiri AEK-aren euskaltegiren batean. Ordiziako Udalak EBPNaren babesarekin lagunduta dagoenez doan izango da irteera. Bisita 11:30ean amaituko da. Anima zaitezte!

2010/03/04

Goierriko Goiztiri AEK-n euskara ikasten ari diren Idiazabalgo taldekoak, D´elikatuz interpretazio zentruan.

iritzia: 
Egunerokotasuneko arazoetan murgiltzen gara eta, gehiegitan, ez dugu baloratzen zoriontsu egiten gaituzten gauzak hortxe ditugula, esaterako, janaria eta ingurunean dugun natura. Horretarakoxe beta ematen du D´elikatuz interpretazio zentruak: elikadurari buruzko ezagutzan sakontzeko eta bizi garen bailara eder hau hobeto ezagutzeko. Gu bertara joan ginen eta asteburuetan egiteko plan mordoxka bat buruan genituela atera ginen!

2010/03/03

Haristizabal baserrian izan ziren Goierriko Goiztiri AEK-ko hainbat irakasle-ikasle eta herritar.

iritzia: 
Argazkian, Haristizabal baserrira hurbildu zirenak adi irakaslearen azalpenak entzuten ikus ditzakegu. Ikasitakoa praktikan jartzea baino hoberik ez dago! Mmmmmmm! Goxoak egongo dira, bada!

2010/03/01

40 lagun izan ginen joaneko ostiralean Ataungo Urbitarte Sagardotegian afaltzen

iritzia: 
40 lagun izan ziren joaneko ostiralean Ataungo Urbitarte Sagardotegian afaltzen. Tartean Goierriko AEK-ko ikasle-irakasleak, Hitzaro Kultur Elkarteko bazkideak eta Ordiziako mintzalagunak izan ziren. Giro bikaina izan zen sagardotegian Aiora eta Josuren trikiti doinuen laguntzarekin. Autobusean egin genuen joan-etorria eta ondoren festak aurrera jarraitu zuen goizaldeko ordu txikiak arte. Ixiarrek prestatutako makailo-tortila zein takoak primerakoak zeuden eta zer esanik ez Demetriok ateratako txuletak! Esan bezala, festa giro euskaldun bikaina sagardoa lagun.