2015/12/23

Urte euskahaldun on!

Oporrak hartuko ditugu gaur eta urtarrilaren 11n itzuliko gara kontu berriekin. Bien bitartean, ondo pasa Gabonak eta garai hau ere euskaraz gozatu. Urte euskahaldun on!


Euskaltegira ere iritsi zaigu oparia



Olentzero laster iritsiko da geure etxeetara baina geuk aurreratutako oparia jaso dugu euskaltegian. Beasaingo ikasle den Gorkak liburu azokan erabiltzeko 50 euroko bonua eskuratu zuen azaroko lehiaketan. Berarentzat bi liburu erosi zituen eta baita euskaltegirako jokoa ere. 


Euskal Herriaren historia ederki ikasiko dugu eta, hori gutxi balitz, guztiok batera gozatuko dugu. Mila esker, Gorka!

Carlos Madrazo ikasleak lortu du abenduko saria



Errigoraren kaxa zozketatu dugu abenduko lehiaketan eta Ordiziako ikasle den Carlos Madrazo izan da irabazlea. Hilero parte hartu ohi du lehiaketan, fin-fin, eta aritzen denak lortu egiten du azkenean! Bejondeizula, Carlos, eta gozatu sariaz!

Eguzkia eta jendea lagun Beasaingo liburu eta disko azokan



Beasaingo 26. Euskal liburu eta disko azoka egin genuen asteburuan Gernika pasealekuan. Eguzkia lagun izan genuen asteburu osoan eta jendea  gerturatu zen azokara ostiraletik igandera. Liburu eta diskoen salmentaz gain, hainbat ekitaldi izan ziren azoka gunean. 


Ostiral goizean Gabonetako kartel lehiaketaren sari banaketa egin zen. Ander Kortaberriak irabazi zuen eta Maddi Urteaga, Irene Dominguez eta Amets Zurutuza ere saritu zituzten.


Arratsaldean, Irakurle taldeko kideak bildu ziren Uxue Alberdiren 'Aulki-jokoa' liburuari buruz hitz egiteko. 


Jarraian, Maddi Noguera ataundarraren musika emanaldia izan genuen. Gozatu ederra hartu zuten bertaratutako guztiek.


Larunbat goizean, berriz, Olentzero eta Mari Domingi izan genituen bisitan. Umeek musuak, besarkadak eta gozokiak jaso zituzten.


Arratsaldean, Largabistaren tailerra izan genuen eta umeek euren marrazkiez apaindu zuten ekitaldietarako karpa txikia. 


Ondoren, Maider Agirrek Bihotzero liburua aurkeztu zuen Irati Goikoetxearen gidaritzapean. Liburuko ilustrazioen egile den Idoia Beratarbide ere marrazten aritu zen aurkezpenean bertan.


Igande goizean Beasainen 400.urteurreneko bideo grabaketa egin zuten Igartzan. Arratsaldean, berriz, Kantujira taldekoak aritu ziren kantuan eta gerturatu ziren herritarrak gustura aritu ziren entzuten eta txalo jotzen. 19:00etan amaiera eman genion 26. Euskal liburu eta disko azokari.


Mila esker azokan erosketak egin edota ekintzetan parte hartu zenutenoi. Datorren urtean berriz izango gara elkarrekin eta, bien bitartean, jarraitu musikaz eta literaturaz gozatzen!

Ospakizun giroa urteko azken eskoletan

Urteko azkeneko klase egunak izan ditugu egunotan eta ospakizun giroa sumatu da eskoletan: jan-edana, jolasak...Horren adibide dira Legorretako eta Idiazabalgo taldekoen argazki hauek. Bejondeizuela eta jarraitu horrela datorren urtean ere!