2014/02/26

GITBren egoitza ezagutu dugu gaur goizean

 

GITBren (Goierri Irrati Telebista) egoitzan izan gara gaur goizean Ordiziako goizeko taldekoak. Ion Aldanondo zuzendariak eman digu ongietorria eta bera izan dugu gidari, txoko guztiak erakutsi eta azalpen osoa eman baitigu. Lehenik eta behin, telebista eta irratiaren hastapen garaiko kontuak aipatu dizkigu eta historiaren berri eman digu, labur-labur. Ondoren, telebistako platoa erakutsi digu; bertan dute sukaldaritza saioa egiteko sukaldea (azpiko argazkian ageri dena) eta eztabaida saioetarako erabiltzen duten dekoratua. 


Jarraian, irratira jo dugu. Une honetan musika da irratian da emisioaren oinarria, baina telebistan eta irratian ematen den 'Ikusi irratia' elkarrizketa saioa ere bertan egiten dute. Irratia ezagututakoan, erredakziora jo dugu. Bertan egoten dira publizitateaz eta administrazioaz arduratzen diren langileak eta baita kazetari taldea ere. Grabatutako bideoen edizioa zein soinu lanketa ere bertan egiten dute. Azkenik, emisioa kontrolatzeko erabiltzen duten gelatxora jo dugu eta emisioaren kontrola nola egiten duten erakutsi digu Aldanondok.


 
Goiz interesgarria izan dugu, tokiko komunikabideetako bat barrutik ezagutzeko parada izan baitugu. Esperientzia polita, bai horixe!

2014/02/24

Triki-txotx: sagardoa eta dantza

 

Ataungo Urbitarte sagardotegira egin genuen irteera joan den ostiralean. Ordiziako Mintzalagunak, Hitzaroko bazkideak eta Goiztiri AEKren ikasle eta irakasleak elkartu ginen bertan, 64 lagun guztira. Jende ugari, beraz, eta umore alaian ibili ginen, gainera. 

 Sagardotegiko ohiko menua izan genuen afaltzeko: bakailao tortila, bakailaoa eta txuleta. Postrean, berriz, intxaurrak eta gazta. Bakailaoa tomatetan atera ziguten eta gozatu egin genuen jaten, ederra baitzegoen! Bertako ogi guztia jan genuen ia, bakailaoaren tomate saltsan bustita!

Afalondoren, trikitilariak jo eta su aritu ziren. Gari Lizarraga ere inguruan zebilen eta, soinua jotzeko grinak hartuta, pieza dezente jo zizkigun. Majo dantzatu genuen. Horren erakusgarri dira azpiko bideoak. Ikusi, ikusi!








Argazki bilduma.
Bideoak Youtubeko gure kanalean.

2014/02/21

Mobilizazio iraunkorra hasi dute Nafarroan AEK-k eta IKAk

Nafarroako AEK eta IKA euskaltegiek mobilizazio iraunkorra jarri dute martxan. Otsailaren 19an egin zuten lehen elkarretaratzea Gobernuaren egoitzaren aurrean eta hilean behin egingo dute aurrerantzean ere; hurrengo hitzordua martxoaren 12an izango da, hain zuzen ere.


Agerraldi hauen helburua Euskarabideari lehenbailehen euskaltegientzako diru-laguntzak banatzeko eskaera egitea da. Izan ere, 2012ko urritik ez dute euro bakar bat ere jaso Nafarroako Gobernutik,  2013 eta 2014ko aurrekontuetan euskaltegientzako partidak azaldu diren arren. Egoera zein den ikusita, martxoaren 31 baino lehen diru-laguntzen deialdia indarrean jartzea eskatzen diote Gobernuari, maiatzerako, beranduenez, dagokien partida euskaltegien esku izateko.

 Albistea AEKren webgunean.

2014/02/19

Deklinabidea lantzeko aplikazioa

Deklinabidea landu nahi al duzu, paper artean galdu gabe? Bada, Gesmae informatika etxeak deklinabidearen inguruko aplikazioa sortu du. Aplikazioak euskal deklinabideko kasu guztiak eskaintzen ditu; hutsuneak dituzten esaldiak ageri dira eta erabiltzaileak dagokion kasu marka jarri behar du. Kontsulta teorikoak ere egin daitezke, taulen bidez.


'Deklinabidea' izeneko aplikazioa ordenagailuan eta Android edo Iphone sakeleko telefonoetan doan lor daiteke. Interneko www.deklinabideapp.net orrialdean bertsio bakoitzerako estekak daude.

Beraz, badakizue, deskargatu aplikazioa eta eman egurra deklinabideari!

2014/02/17

Euskaltegiko taldeak

Pixkanaka-pixkanaka euskaltegiko taldeen argazki bilduma osatzen ari da. Bi argazki berri iritsi zaizkigu oraingoan: Ordiziako iluntzeko A1 taldekoena eta Ordiziako langabetuena. Azpiko irudietan ikus ditzakezue bi taldeetako kideetako batzuk.