2014/01/30

Euskal esaera zaharrak emotikonoen bidez irudikatuta

Azkenaldian sarean bueltaka ibili dira Whatsappeko emotikonoak erabiliz irudikatutako euskal esaera zaharrak. Goizeko EGA taldekoak esaerak zeintzuk diren asmatzen saiatu dira eta guztien arrastoa ateratzea lortu dute. Orain zuei luzatu nahi dizuete igartzeko gonbita eta eurek esango dizuete asmatu duzuen ala ez. Animo eta ekin lanari!



2014/01/28

Talo ikastaroa izango dugu otsailaren 11n

Urteroko ohiturari eutsiz, talo ikastaroa egingo dugu otsailaren 11n, 18:00etan, Arriarango Intxaurpe elkartean. Segurako talogileek taloak nola egiten diren irakatsiko digute eta partaideek ikasitakoa praktikan jarriko dute, ahalik eta talorik itxurosoenak egiteko asmoz. Ondoren, norberak eginiko taloak dastatzeko aukera izango da, txistorraz, txokolateaz, gaztaz edo hirugiharraz lagundua. 


Talo ikastaroan parte hartu nahi duenak otsailaren 7a baino lehen eman behar du izena. Helduek (12 urte baino gehiagokoek) 4 euro ordaindu beharko dute eta haurrek 2 euro. Aldez aurretik, txartelak erostea ere komeni da, egunean bertan txartela erakutsi beharko baita sarrera. Aurrez hartzea ezinezko duenak, egunean bertan erosi beharko du.

 - Izen-ematea eta txartelen erosketa:

 Beasaingo euskaltegia. Urbialde plaza 7,behea. 943 88 93 40.
 Ordiziako euskaltegia. Nafarroa Beherea,1. 943 88 91 74. 
                                  E-postaz: beasain@aek.org / ordizia@aek.org                                        
   
                                              Animatu eta parte hartu talo ikastaroan!

2014/01/27

Asmatu esaera zaharren amaierak!

Goizeko EGA taldeko ikasleak esaera zaharrak lantzen aritu dira azkenaldian eta blogeko ikasleen txokoa aprobetxatu nahi izan dute zuei jolas hau proposatzeko: esaera zaharren amaierak asmatzea. Gelako Sara eta Nerea izan dira kamera aurrean jartzen ausartu direnak.  Bideoan zuei esaeraren esanahia azaldu dizuete eta baita esaldiaren hasiera ere. Ikusi bideoa!



Beraz, hauek dira osatu beharreko esaeren hasierak:

1.  Ezina...
2. Alferrik da ura joan...
3. Bururik nekatzen ez duenak...
4. Astoak mandoari...

Ea asmatzeko gai zareten! Bota zuen erantzunak!

Bertso-kantu ikastaroa egingo dugu ostegunean

Euskal musikak eta bertsoak lotura handia izan dute aspalditik. Bertsolari askok egin dituzte musikarientzako letrak eta musikari batzuek bertsoak ere hartu dituzte musikatzeko. Hori kontuan hartuta, Mikel Artola bertsolariak bertso ezagun batzuk ekarriko dizkigu ostegunean, hiru lau doinu ikasi eta kantuan jarduteko. Hasi eztarriak trebatzen!

2014/01/22

Autoikaskuntza eta B2 maila prestatzeko ikastaroa

Urtea hasita euskara ikasteko erronka jarri al diozu zure buruari? Bada, oraintxe duzu aukera paregabea: otsailetik ekainera B2/PL2ko azterketa prestatzeko ikastaro trinkoa edo autoikaskuntza ikastaroa.

B2 mailako ikastaroa 

- 132 ordu, otsailaren 6tik ekainaren 19ra. 
- Astearte eta ostegunetan, 09:00etatik 13:00etara edo 14:00etatik 18:00etara.
- Prezioa: 229€.



Autoikaskuntza
Klasera etortzeko astirik ez baduzu, berriz, autoikaskuntzaren aukera daukazu.
- 100 ordukoa da, ekainera arte.
- Etxean lanak egin, 15 egunean behin tutoretza pertsonalizatua euskaltegian eta astero ordu eta erdiko mintzapraktika aurrez aurre autoikaskuntzako beste ikasleekin. 
- Prezioa: 334 €.



Ikastaro hauetakoren batean izena eman nahi izanez gero, urtarrilaren 31ra arte duzu epea zabalik. Bizkor ibili, beraz!