2019/01/24

Mintzodromo birtuala otsailaren 1ean

Hainbat ikasle ari da online ikastaroetan ikasten AEKn, munduan zehar zein Euskal Herrian. Hauek guztiak harremanetan jartzeko, otsailaren 1ean E-uskaltegian -AEKren euskaltegi birtualean- mintzodromoa egingo dugu. Mintzodromo arruntaren ezaugarri berberak izango ditu: talde txikietan hitz egingo dute gai zehatzen arabera, partaideak taldez talde aldatuko dira, dinamizatzaile bana egongo da taldeetan...baina online burutuko da.



Egunerokotasuna duten gaiak landuko dira; sare sozialak, euskararen aldeko ekimenak, eta oporrak, bidaiak eta turismoa izango dituzte eztabaidagai.Parte hartu nahi baduzue, aukeratu zein ordutegitan ahal edo nahi duzuen urtarrilaren 29a baino lehen. Izena emateko sakatu hemen.

Online ikastaroetako ikasleez gain, aurrez aurreko eskoletako euskara ikasleak, irakasleak, herritarrak eta abar parte hartzera gonbidatuta daude.

2019/01/23

Korrika Batzordeen hitzorduak


21. Korrikaren Goierriko aurkezpena egin genuen joan den astean eta orain herrietako batzordeak jarriko dira martxan apirilera bitarteko kontuak antolatzeko. Hauek dira oraingoz lotuta dauden hitzorduak:

  • Arama, Altzaga, Itsasondo: otsailaren 13an, 19:00etan, Itsasondoko udaletxean.
  • Beasain: urtarrilaren 31n, 18:00etan, Igartza jauregian.
  • Lazkao: urtarrilaren 30ean, 19:00etan, udaletxean.
  • Ordizia: otsailaren 5ean, 18:30ean, AEKn.
  • Ormaiztegi: urtarrilaren 29an, 19:30ean, kultur etxean.
  • Segura: otsailaren 7an, 18:00etan, kultur etxean.
  • Zegama: otsailaren 6an, 18:30ean, kultur etxean.
  • Zerain: urtarrilaren 30ean, 18:30ean, kultur etxean.
Hitzordu gehiago ere lotuko dira datozen egunetan, beraz, adi ibili, hemen bertan jakinaraziko dizuegu eta.

Animatu eta parte hartu! Klika Korrika!

2019/01/22

Ipuin kontaketa Ordizian asteartean



Ipuin kontalariaren saioa antolatu dugu Ordizian, urtarrilaren 29an, Barrena jauregian, 18:00etan. Leire Zinkunegi izango da kontalaria eta saioa doan izango da. Hiru ipuin kontatuko ditu Zinkunegik eta ondoren solasaldi txiki bat egingo dugu entzundakoaren inguruan. 

Animatu!

2019/01/21

21. Korrikaren Goierriko aurkezpena

21. Korrika apirilaren 13an iritsiko da Goierrira baina aurrez hainbat kontu izango ditugu eskualdean. Horren guztiaren berri emateko aurkezpena egin genuen joan den astean Beasaingo Igartza jauregian. Bertan elkartu ziren eskualdeko Korrika arduradun diren Leire Barandiaran eta Andoni Mikelarena, euskaltegiko zenbait ikasle, irakasle eta hainbat herritar. 


Lehenik eta behin, 21. Korrikaren leloaren, abestiaren, omenduaren eta ibilbidearen berri eman zuten. Horretaz gain, Korrika laguntzaile eta arropa salmentaren bidez lortzen den etekin ekonomikoa ere izan zuten hizpide.


Azalpen guztiak eman ondoren, bertan bildutakoak taldeka jarri ziren, jatorrizko herriaren arabera. Izan ere, hemendik aurrera herrietan Korrika batzordeak jarriko dira martxan. Batzordeetan antolatuko ditu herri bakoitzak tokian tokiko kontuak: kilometro salmenta, agenda kulturala...

Bertan hasi zen, beraz, lehen hazia ereiten. Datozen egunetan herrietako batzordeen hitzorduen berri izango duzue blogean, adi ibili, beraz!


Goierri Telebistaren albistea.

2019/01/18

Urtarrileko lehiaketa

 
Hilabete honetako galdera: Zer egunetan igaroko da 21.Korrika Goierritik?

Saria: otsailaren 22an Beasaingo Usurbe antzokian, 22:15ean, izango den Erlauntza antzezlanerako bi sarrera. 
 


Parte hartzeko azken eguna: urtarrilak 31.
 
Bidali zure erantzuna:

E-posta: goierri@aek.eus   
Whatsapp mezua: 688 74 66 38

Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez.

Lehiaketaren laguntzaileak: