2016/10/18

Astigarragako AEKren aurrematrikulaziorako bideoa

Goiztiri AEK-kook egin genuen spotean, Kendu zama gainetik, umorea zen nagusi eta Astigarragako AEK-koek ere ildo beretsua jarraitu dute bideo honetan. Ikusi, ikusi!


2016/10/17

Euskararen erabilerak gora egin du EAEn azken 25 urteetan

Euskal Autonomia Erkidegoan egindako VI. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskararen ezagutza, erabilera eta babesak gora egin du azken 25 urteotan. 

EAEko 4.200 laguni egin zaie inkesta eta hizkuntz gaitasuna, euskararen transmisioa, erabilera eta sustapenari buruzko jarrera neurtu dituzte. Jasotako datuen arabera, 1991n baino 212.000 euskaldun gehiago daude. Gipuzkoan euskaldunak erdia baino gehiago dira, Bizkaian laurdena baino zerbait gehiago eta Araban, berriz, bostetik batek du ezagutza, lehengoaren bikoitza. Euskaldunen portzentajeak, beraz, %1,9 egin du gora 2011.urtetik. 
euskara erabilera bilaketarekin bat datozen irudiak

25 urtean euskara dakiten gazteen ehunekoa hirukoiztu egin da. Gazteen erdiak baino gehiagok etxetik kanpo ikasi dute euskara, orain arte gertaturikoari aurka eginez. Hori dela eta, gehienek gazteleraz hobeto egiten dute, euskara bigarren hizkuntza baitute. Aldeak handiak dira lurraldearen arabera, Gipuzkoaren kasuan gazteen %36ak egiten du euskaraz errazago, Araban %7ak.

Bi gurasoak euskaldunak direnean ia beti —%96 — euskara transmititzen zaie umeei. Euskalduna guraso bakarra denean hamarretik seitan gertatzen da hori.

Erabilerak era gora egin du eremu soziolinguistiko guztietan, biztanleen %80 baino gehiago euskaldunak direnetan izan ezik. Batez beste, 25 urtean %7,9 hazi da.

Euskara sustatzearen alde agertu da inkestan parte hartu dutenen gehiengoa: lurraldeka begiratuz gero, Gipuzkoan %75 , Bizkaian %62 eta Araban %53. Euskararen ezagutzaren arabera sailkatuz hamarretik bederatzi euskaldun daude sustapenaren alde, euskara ulertzen dutenen %63 eta ulertu ere egiten ez dutenen artean erdia.


Informazioa Argia aldizkarian.

2016/10/14

Besarkada

Euskadi Literatura saria lortu berri du Uxue Alberdi idazleak eta Maite Gurrutxaga ilustratzaileak sortutako Besarkada liburuak. Liburuan agertzen diren Alberdiren koplez, Gurrutxagaren ilustrazioez eta Ruben Caballeroren musika doinuez ondu dute azpiko bideo eder hau. Gozatu!


2016/10/13

Trebiñu II irrati nobela Euskadi Irratian

"2056. urtea da. 25 urte pasa dira Euskal Herriak independentzia lortu zuenetik. Orain, Euskal Espazio Agentziak Euskal Herriko Errepublikaren independentziaren 25. urteurrena ospatzeko, bi astronauta bidaliko ditu lehendabiziko aldiz espaziora Trebiñu II izeneko lehen estazio espaziala martxan jartzera". Sarrera Trebiñu II izeneko bi minutuko irrati-nobela komikoarena da; goizero entzun daiteke, Euskadi Irratia 07:55ean piztuz gero.


Euskal irrati publikoaren denboraldi berriaren programa da, eta Koldo Almandoz gidoilariak sortu du. Almandozek berak azaldu du zergatik bidali duten Trebiñu espaziora: "Estazio horren izena Trebiñu II da, independentzia prozesuan Trebiñu ezin izan zelako Euskal Herrian geratu; orduan, Trebiñurik gabe ez geratzeko, estazio espaziala sortu zen. Burgosen geratu beharrean, espazioratu genuen". Trebiñu izena "aitzakia" baino ez dela azaldu du Almandozek, hainbatentzat ezezaguna den errealitatea agerian uzteko: "Mahai gainean jarri nahi genuen paraje eta errealitate ezezagunak direla euskaldun askorentzat".

Taldeko lana

Gorka Etxebestek eta Mikel Fernandezek egiten dute Sarasola eta Johnson izeneko astronauta zoroen papera, eta Lierni Ibargutxi aktoreak ahotsa jartzen dio Eskisabel kapitainari. Saioa bi astronauta hauen eta Euskal Herriko basearen arteko komunikazioetan oinarrituta dago. Alor teknikoa Iñaki Olaziregik zuzentzen du.

Euskadi Irratian Jon eta Jone irrati-nobela egin du taldeak Trebiñu II aurretik, baina horrekin alderatuta tonua "erabat" aldatu dutela azaldu du Almandozek. "Egunkarietan dauden zintak edo komikietako binetak bezalakoak dira oraingo saioak, eta, gainera, segidan entzuten badira badaude bilduma modukoak, baina bakarrik entzunda ere ulertzen dira".

Goizean goiz, atal informatiboa puri-purian dagoenean, irrati-nobela bat emititzea saiakera "ausarta" dela aitortu du Almandozek, baina, tarte horretan ere fikzioa sartzearen aldekoa dela dio.

Euskara ikasleentzako materiala

Euskara ikasleentzako jarduera didaktikoak prestatu dira B2 mailako ikasleentzat eta Euskadi Irratiak egunero emitituko dituen entzungaien ulermenaren garapena dute helburu. Iraupen motzekoak dira, batzuk taldean egitekoak eta beste batzuk bakarka.

Informazioa : alea.eus

Sagardoa nola egiten den ikasten

Joan den asteartean Ordiziako Tximista sagardotegian izan ginen euskaltegiko 35 ikasle, irakasleekin. Sagardotegiko bi nagusiek egin ziguten harrera, Amaia Blazquez eta Aitor Esnaolak. Bertan zen sagardoa egiteko prozesuan laguntzen ari zen Maddi ere.


Iaz hasi ziren Ordiziako sagardotegian sagardoa ekoizten. Joan den urtean 11.000 litro egin zituzten eta ia guztia txotxetik eman zuten, gutxi batzuk besterik ez zituzten botilaratu. Aurten 4 kupela gehiago erosi dituzte eta 17.000 litro egiteko asmoa dute. Hala ere, bertan sagar gutxi dutenez, beste toki batzuetara joko dute lehengai bila.


Sagardoa egiteko prozesua erakutsi ziguten: sagarra nola garbitzen duten, zintan gora nola joaten den matxakara eta hortik tolarera, prentsara. Tolare neumatikoa daukate eta aldiro 700 kilo inguru sartzen dituzte. Egunean bi prentsaldi egiten dituzte. Hortik muztioa kupeletara joaten da hodien bidez.


Ikasleen galderei erantzun ostean, Tximista sagardotegiaren historia kontatu ziguten; aurrena galdarategia izan zen, gero jatetxea eta orain sagardotegia. Amaitzeko, gazta eta sagardoa dastatzeko aukera izan genuen. 


Mila esker Tximista sagardotegikoiei euren harreragatik eta jatortasunagatik!