Joan den asteartean Ordiziako Tximista sagardotegian izan ginen euskaltegiko 35 ikasle, irakasleekin. Sagardotegiko bi nagusiek egin ziguten harrera, Amaia Blazquez eta Aitor Esnaolak. Bertan zen sagardoa egiteko prozesuan laguntzen ari zen Maddi ere.
Iaz hasi ziren Ordiziako sagardotegian sagardoa ekoizten. Joan den urtean 11.000 litro egin zituzten eta ia guztia txotxetik eman zuten, gutxi batzuk besterik ez zituzten botilaratu. Aurten 4 kupela gehiago erosi dituzte eta 17.000 litro egiteko asmoa dute. Hala ere, bertan sagar gutxi dutenez, beste toki batzuetara joko dute lehengai bila.
Sagardoa egiteko prozesua erakutsi ziguten: sagarra nola garbitzen duten, zintan gora nola joaten den matxakara eta hortik tolarera, prentsara. Tolare neumatikoa daukate eta aldiro 700 kilo inguru sartzen dituzte. Egunean bi prentsaldi egiten dituzte. Hortik muztioa kupeletara joaten da hodien bidez.
Ikasleen galderei erantzun ostean, Tximista sagardotegiaren historia kontatu ziguten; aurrena galdarategia izan zen, gero jatetxea eta orain sagardotegia. Amaitzeko, gazta eta sagardoa dastatzeko aukera izan genuen.
Mila esker Tximista sagardotegikoiei euren harreragatik eta jatortasunagatik!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina