2015/02/05

Agate Deuna bezperan kantuan aritu dira Ordizian

 
Urteroko ohiturari jarraituz, AEKren euskara klaseak jasotzen dituzten jubilatuak kopla kantari atera ziren Urdanetako ikasleekin eta jubilatuen abesbatzarekin. Aurtengoan, ordutegi berean klasea izaten duten beste bi ikasle talde ere batu dira ekimenera. 


Lukusain plazatik atera ziren eta, ondoren, Barrena ingurura jo zuten eta, azkenik, Barrendain plazan amaitu zuten kopla-kanta. Ez dakit lurra esnatzerik lortu zuten baina gustura ibili ziren, behintzat, euskaraz kantuan eta giro politean.

Korrikaren arropa desfilea eta Gosariak ikuskizuna Donostian

Korrikaren inguruan antolatutako hainbat ekitaldi izango dira otsailean eta martxoan eta Donostian bi hitzordu ditugu: Korrika arroparen desfilea eta Gosariak ikuskizuna.

 

Donostiako euskahaldunek Korrikako arropa desfilea antolatu dute larunbaterako, otsailaren 7rako. San Juan kalean (Bretxa ondoan) izango da, 11:30ean. Hori bai, eguraldi txarra egiten badu, Bretxa barruan egingo dute, lehenengo solairuan.Musika zuzenean eta giro bikaina asteburuko hotzari aurre egiteko!

Bestetik, Gosariak ikuskizuna ere izango da otsailaren 13an, 22:00etan, Intxaurrondoko Kultur Etxean. Sarrerak 9 eurotan daude salgai Donostia Kultura webgunean eta Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan. Kultur Etxeko leihatilan ere salduko dira emanaldia hasi baino ordubete lehenago. Animatu eta izan Gosariak euskahaldunaren parte!


AEK eta Korrika Tribuaren Berbak saioan

Euskararen txikitasunaren handitasunaz arituko dira gaurko ETB1eko Tribuaren Berbak saioan. Euskara erreferente edo eredu den alorretako kideekin mintzatuko da Kike Amonarriz: Garabideko Ander Bolibar eta Maddi Iñarra, Andoni Egaña, Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrika eta Kontseiluko Paul Bilbao eta  AEK-ko Mertxe Mugika eta Korrikako arduradun Asier Amondo.


                
Zoritxarrez agur esan beharko diogu euskararen inguruko saioari. Izan ere, gaur eskainiko dute azken programa, 22:15ean. Tribuaren Berbak saioa bera ere erreferentea izan da euskaldunontzat. Tribuaren Berbak ere euskahaldun!

2015/02/03

Izan Korrika Laguntzaile!



Korrika Laguntzailea kanpainak martxan jarraitzen du. Korrika diruz laguntzen dutenek, 12 euroren truke, Laguntzaile direla adierazten duen pina, Euskal Herriko ehunka komertziotan beherapenak izateko txartela, eta txartela erabili ahal izango den komertzioen katalogoa eskuratuko dituzte.
Korrika Laguntzaile izan nahi duen orok gure euskaltegian egin dezake eskaria.  Internet bidez ere egin daiteke. 

AEKri eta Korrikari laguntzeko modua

AEK-k 1980an lehenengo Korrika antolatu zuenetik, 18 Korrika eta 34 urte igaro badira ere, herria euskAHALduntzen jarraitzeko laguntza behar du, inoiz baino gehiago.

Urteek aurrera egin badute ere, helduen alfabetatze eta euskalduntzerako dauden diru-laguntzak ez dira nahikoak. Iparraldeko eta Nafarroako ikasguen egoera larria da, eremu administratibo horietako euskaltegi eta gau-eskolek ez dute inondik ere behar dituzten diru laguntzak jasotzen, eta EAEko diru-laguntza politika oraindik ere ez da nahikoa.

Prest da Korrikaren mugikorrerako aplikazioa

Korrika sakelan izan dezakezu, nahi izanez gero. Euskararen aldeko lasterketa non dagoen, zein abiadurarekin datorren, zauden lekura iristeko zenbat denbora falta den...Hori guztia jakin ahalko duzu Korrikaren aplikazioa zure mugikorrean instalatzen baduzu.

Hauxe topatuko duzu, besteak beste, aplikazioan:
  • Egoera pantaila: Korrikaren unean uneko egoera eskainiko duen pantaila nagusia, alegia. Ibilbidea, lekukoaren kokalekua denbora errealean eta norberarena ezagututa, Korrikarekiko distantzia zein den eta beste hainbat kontu ezagutzeko parada izango duzu.
  • Korrika kulturalaren agenda:  Korrikaren inguruan antolatzen diren kultur ekitaldiei buruzko informazio guztia biltzen duen agenda.
  • Argazki lehiaketa: Korrikak irauten duen egunetan (martxoaren 19tik 29ra) Korrikarekin loturiko argazkirik onenek saria izango dute.
Akting enpresak garatu du Korrikaren sakelako telefonoetarako aplikazioa eta Google Store (Android) zein App storetik (Apple) deskarga daiteke, doan. 

Deskargatu Korrikaren aplikazioa eta izan euskahaldun!