2014/04/28

'Irakurri, gozatu, oparitu' kanpaina martxan dago Beasainen


Beasaingo Udalak, Udal biblioteka, Mirentxu liburu denda eta Topagunearekin batera, Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina jarri zuen martxan pasa den apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko egunean.


 
 
Udaletik, irakurleak euskarara gerturatu nahi ditugu, euskaraz ere irakurtzeko aukera zabala dagoela ikusteko. Euskarazko kontsumoa ere bultzatu nahi dugu, bai umeena baita helduena ere. Azken batean, herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditugu.
 
Ekimenaren helburuak ondorengoak dira:
-          Irakurzaletasuna sustatzea.
-          Udal liburutegiak eta herritarrak harremanetan jartzea.
-          Euskarazko literatura ezagutzea.
-          Euskal liburugintza indartzea.
 
Ekimenaren iraupena: apirilaren 23an jarri zen martxan eta ekainaren 30era arte iraungo du.
 
Nori zuzendua: Beasaingo herritar guztiek izango dute kanpainan parte hartzeko eta abantailez baliatzeko aukera.
 
Hiru pauso eman behar dira parte hartzeko (funtzionamendua):

1.urratsa: IRAKURRI. Lehenengo pausoa irakurtzea da; euskaraz irakurtzea. Herritarrak Udal liburutegiko mailegu zerbitzua erabilita, bertako euskarazko liburu bat eramango du etxera irakurtzeko. 

2. urratsa: GOZATU. behin irakurrita liburutegira itzuliko du liburua eta irakurle fitxa erraz bat bete beharko du bertan (zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman dion…). Fitxa hori beteta, liburutegiko arduradunak erosketa txekea emango dio irakurleari, hitzartutako liburu dendan erosteko. 
 
3. urratsa: OPARITU. Azken pausua, liburua oparitzea da, lagun bat, senide bati, edo norbere buruari.
 
Liburutegian jasotako erosketa txekearekin %25 merkeago erosiko du norbaiti oparituko dion euskarazko liburu bat. Euskara ikasleentzat eta mintzalagunentzat erosketa txekeen balioa %50ekoa izango da.
 
Hileroko zozketa: Udal bibliotekan, maiatzean eta ekainean, hilabete bakoitzean liburutegian maileguan libururen bat hartu dutenen artean, 30 euroko erosketa txekeak zozkatuko dituzte.

2014/04/11

Didgeridooa jotzen aritu gara


 

Australiar aborigenen musika tresna da didgeridoo-a eta berari buruzkoak erakutsi zizkigun atzo Iban Nikolai musikariak. Lehenik eta behin, erakustaldia egin zigun, instrumentua pixka bat joz, eta, jarraian, bere jatorriaz, izenaren nondik norakoaz eta beste zenbait kontuz hitz egin zigun. Ondoren, instrumentua jotzeko teknikak erakutsi zizkigun eta praktikan jarri genituen didgeridoo-a hartuta. Ikasle eta herritarren artean artista ugari daudela jabetu ginen, bai horixe! 







Argazkien bilduma hemen.



2014/04/10

'Estatuen esku-hartzea gelditu' elkarretaratzea Ordizian


Estatu espainiarrak azkenaldian hizkuntza-irizpideetan zein Euskara Planetan egindako esku-hartze eta errekerimenduak salatzeko eskualdeko elkarretaratzea egin genuen atzo Ordiziako plazan. 'Estatuaren esku-hartzea gelditu' lelopean, eskuak margotuta irudikatu genuen ez dugula esku-hartzerik onartzen eta geurea dela geure hizkuntza-politika erabakitzeko eskubidea.



Argazki bilduma hemen.

2014/04/09

Iparra-Hegoaren bertso-afariaren kronika

Dakizuen bezala, martxoko lehiaketan Iparra Hegoaren barruan egindako bertso afarirako bi txartel zozketatu genituen. Joan den ostegunean izan zen ekitaldia Segurako plazan eta euskaltegiko ikasle den Karlos Jandula joan zen bertara. Jandulak, esker onez, gau hartako kronikatxoa egin digu. Badu meritua, gainera, A1 mailako ikaslea baitugu bera. Irakurri, merezi du-eta!


Pozten gara ondo pasatu izanaz! Bejondeizula, Karlos, eta jarraitu horrela!

2014/04/08

Urte osoko soldataren zozketak badu sariduna

AEKren soldata-errifak salgai izan dira azken hilabeteotan eta ONCEren apirilaren 3ko zozketak erabaki du sariduna zein den, 54.865 zenbakia, hain zuzen ere. Andoainen egokitu da saria eta AEKren ikasle ohi eta Mintzalagunak eskuratu du, gainera! Bejondeiola! Gozatu sariaz!


Errifak erosi dituzuen guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu zuen laguntzagatik. Ea datorren urtean Goierrin izaten dugun sariduna!