2013/02/06

Korrika 18ren materiala salgai dago Ordizian eta Beasainen


Komenigarria izaten  da Korrika herrira iristen den garaian, aproposa den jantziekin irtetea kalera eta baita aurretik giroa berotzen joatea ere eta, hori dela-eta, Korrika 18ren arropa eta materiala salgai daukagu Goierrin. Hiru toki finko ditugu eskualdean:Ordiziako euskaltegia (Nafarroa Beherea, 1), Beasaingo euskaltegia (Urbialde behea, 7) eta Beasaingo Herri Denda (Kale Nagusia). Beasaingo Herri Denda ostegunetan, ostiraletan eta larunbatetan izaten da zabalik, 18:00etatik 21:00etara. 

Hemen dauzkazue Korrika 18ren arropak erakusteko egindako desfileko argazkiak.

Animatu eta erosi, arroparen bidez ere euskara emateko elkarri!


2013/02/05

Agate Deuna bezperan kantuan aritu dira jubilatuak


Euskaraz ikasten ari diren jubilatuak kantuan aritu ziren Agate Deuna bezperan Ordizian. Jubilatuak Lukusin plazan elkartu ziren Urdanetako ikasleekin. Bertan egin zuten lehen saioa eta, ondoren, Barrena pareko plazara joan ziren eta han ere koplak kantatu zituzten. Jubilatuen egoitzan egin zuten hurrengo geldialdia eta kantuan eta giro onean borobildu zuten Agate Deuna bezpera. 


Hemen dituzue Agate Deunako koplak, abestu edo ikasi nahi izanda ere.

2013/02/04

Otsaileko lehiaketa




Hilabete honetako galdera: Zein da Korrika 18ren leloa?

Saria: Martxoaren 9an Beasainen egingo den eskualdeko Korrika afarirako 8 txartel, 4 lagunentzat bina.

Parte hartzeko azken eguna: otsailak 28.

Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.

2013/01/31

Korrika 18ri buruzko kopla sorta osatu dugu ikastaroan

Kopla ikastaroa izan genuen joan den asteartean Ordiziako euskaltegian eta parada ederra izan genuen Korrika 18ri buruzko kopla sorta egiteko. Mikel Artola bertsolariak kopla zer zen eta koplak sortzeko jarraitu beharreko pausoak azaldu zituen.

Azalpena amaitutakoan, taldeka elkartu eta bertan bildutako ikasleok eta euren irakasleeok gaiari buruzko helduleku bana hautatu genuen: omenduak,leloa eta ginkana, korrika egitearen nekea eta Korrikaren xedea. Hori finkatutakoan, koplak osatzeari ekin genion.


Talde bakoitzak bere koplak abestu zituen eta guztion artean kopla bat aukeratu genuen ahapaldi nagusirako. Jarraian, koplen ordena hautatu genuen eta, azkenik, guztion artean abestu genuen sorta osoa. Azpiko bideoan duzue emaitza:



2013/01/30

Ginkanarako izena-emateko epea luzatu dugu


Otsailaren 10era arte luzatu dugu Lekukoaren Bila izeneko ginkanan parte hartzeko izen-emate epea. Ginkanaren eskualdeko kanporaketa proba Ordizian jokatuko da otsailaren 23an. Ginkanan parte hartzeko 8 lagunez, gizonezkoak eta emakumezkoak nahastuta, osatutako taldeak behar dira eta taldekideek hainbat proba burutu beharko dituzte. Probek ahalegin fisiko pixka bat, talde-lana, punteria ona, koordinazioa, oreka, trebetasuna, lotsa eza…eskatuko dute. Proba gainditutakoan taldekideek hurrengo tokia bilatzeko pista jasoko dute eta horrela jarraituko beharko dute probaren amaierara iritsi arte. Probak lehen amaitzen dituen taldea izango da garaile.




Eskualdeko kanporaketa irabazten dutenek Gipuzkoakoa jokatuko dute martxoaren hasiera aldera eta herrialdekoa irabazten dutenek Baionan izango dute finala martxoaren 24an. Finaleko irabazleek bidaia ederra eskuratuko dute.

Parte-hartzeko Beasaingo edota Ordiziako euskaltegietan eman behar da izena. 943 88 93 40 edota 943 88 91 74 telefono zenbakietara dei daiteke edota beasain@aek.org zein ordizia@aek.org helbideetara mezua bidali.

Informazio gehiago hemen