2013/01/29

AEK Txotx egun ederra izan dugu!

Joan den larunbatean, AEK Txotx eguna ospatu genuen Usurbilen. Korrikak eta AEK-k euskara ikasleak omendu nahi izan zituen egun osoko jai honen bidez.

Goizean goizetik hasita txaranga giroa berotzen aritu zen eta ordu bata aldera izan zen kupelen irekiera.


Jarraian, Iratxe Ibarra eta Eneko Abasolo 'Abarkas' bertsolariak aritu ziren bertsotan. Bi bertsolari bizkaitarrak gure euskaltegiko kide bati aritu ziren bertsotan, saioa kamerarekin grabatzen ari zela ikusita. Hementxe duzue grabatutakoa:


Otorduaren garaia iritsi zen ondoren, eta txahal erre pintxoak dastatzeko aukera izan zen. 

Arratsalde partean, berriz, euskara ikasleen omenaldia egin zen pilotalekuan. Solasaldien bideoan agertzen diren euskara ikasleek AEKren eta Korrikaren omenaldia eta oparia jaso zuten. Edurne Brouard Korrikako arduraduna izan zen hizlari nagusia. 




Iluntze aldera Tximeleta taldeak giroa piztu zuen eta bertaratu ziren denak dantzan jarri zituen. Kantu jira ere izan zen ilunabarrean. Azkenik, Esne Beltza taldeak itxi zuen eguneko egitaraua.


2013/01/28

'Eman euskara elkarri' solasaldiak

Euskara ikasleak dira Korrika 18ren omenduak eta horietako batzuk agertzen dira azpiko bideoan. Euskara ikasleak Euskal Herriko zenbait ospetsurekin aritu dira solasean, euskarari buruz eta baita euren zaletasunei buruz ere.

Bideoa Eriz Zapirainek zuzendu du. 16. Korrikarako “Bidaia Intimoak” dokumentala egin zuen Jon Maiarekin batera. Ikusi eta gozatu!
Eman euskara elkarri!






2013/01/24

Kopla ikastaroa egingo dugu datorren asteartean

Agate deuna laster izango dela-eta, kopla ikastaroa antolatu dugu datorren astearterako. Korrika 18 gaitzat hartuta koplak sortuko ditugu Mikel Artola bertsolariaren laguntzaz. Ikastaroa 18:00etan izango da, Ordiziako euskaltegian. Animatu eta parte hartu!


2013/01/22

Txotx irekierako afaria egingo dute Arriarango Intxaurpe elkartean






Txotx irekierako afaria egingo dute Arriarango Intxaurpe elkartean datorren larunbatean, urtarrilaren 26an. Afaria 20:30ean izango da eta sagardoa dastatzeko aukera ere egongo da, noski. Horretaz gain, Urdangarin-Mitxelarena eta Matxain trikitilariak arituko dira giroa pizten.

20 euro ordaindu beharko dira eta parte hartu nahi duenak elkartean bertan, gure euskaltegian edota intxaurpelkartea@gmail.com helbidera idatzita eman behar du izena.

Ekitaldi hau Korrika Kulturalaren barrukoa da.

2013/01/21

Tuppersex bilkura egin dugu euskaltegian


Tuppersex bilkura egin genuen joan den ostegunean Ordiziako euskaltegiko ekitaldi aretoan eta 28 bat lagun elkartu ginen bertan sexurako erabil daitezkeen produktuak gertutik ikusi eta eurei buruzko informazioa jasotzeko.Umore alaiz eta irribarretsu egon ziren partaideak eta Leire Olaziregiri esker aholkuak jaso zituzten eta ezagutzen ez zituzten produktuen berri ere izan zuten. Kremak usaindu eta probatzeko aukera izan genuen, bibragailuak ere eskuetan erabili genituen, lentzeria jantzi zuten bilkuran parte hartu zuten bi herritarrek....Denetatik ikusi eta probatzeko aukera izan zen bertan, argazki galerian ikus daitekeen bezala.

 

Saioaren amaieran Leirek oparitutako produktu sorta zozketatu genuen ikasleen artean eta Beasaingo goizeko taldeko kide den Patxi Urangak eskuratu zuen. Zorionak, Patxi, eta gozatu!