2012/11/27

Korrika 18ren Goierriko aurkezpena egin dugu gaur Ordiziako euskaltegian

Korrika 18ren Goierriko aurkezpena egin dugu gaur goizean Ordiziako Goiztiri AEK euskaltegian. Prentsaurrekoan izan dira Korrikaren Goierriko koordinatzailea den Axular Barandiaran; Goiztiri AEK, Maizpide eta Beasaingo Udal euskaltegiko ikasle eta irakasleak eta Ordiziako hezkuntzako ordezkariak. 


Barandiaranek Korrika 18ren inguruko xehetasunak azaldu ditu goizeko agerraldian. Korrikaren 18. edizio honetako leloa 'Eman euskara elkarri' dela azaldu du eta omenduak euskara ikasleak izango direla. Edizio honetako abestia, berriz, Andoainen aurkeztuko dute ostiralean, 11:30ean.

Horretaz gain, Korrikak Goierrin egingo duen ibilbidea ere zehaztu du. Andoaindik abiatuko da martxoaren 14an eta Goierritik egun berean pasako da, gauez. Legorreta, Itsasondo, Arama, Ordizia, Zaldibia, Lazkao, Olaberria, Idiazabal, Beasain, Ormaiztegi, Mutiloa, Zerain, Segura eta Zegama zeharkatuko ditu. Korrikaren amaiera, berriz, Baionan izango da martxoaren 24an.

Korrikaren parte izateko modu asko daudela azpimarratu du Goierriko koordinatzaileak, baina batez ere bi nabarmendu nahi izan ditu gaurkoan: Korrika laguntzaile izatea eta herrietan sortuko diren Korrika batzordeetan parte hartzea.Gonbita luzatu nahi diegu, beraz, goierritarrei euren laguntza eskaintzeko era batean edo bestean.

Azpiko bideoetan jasota duzue gaurko prentsaurrekoaren nondik norakoa.  Bertako informazioa jaso ondoren, izan zaitez zu ere Korrikaren partaide!



2012/11/26

Elkarretaratzeak egin dira Beasainen eta Ordizian euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko

Beasainen 30 bat lagun eta Ordizian 20 bat lagun elkartu ginen larunbatean
'Euskaraz bizi gaitezen aska ditzagun kateak' lelopean. Elkarretaratze honen bidez, Donostian abenduaren 1ean egingo den 'Euskaraz bizi nahi dugu' manifestaziora joateko deia luzatu nahi diegu goierritarrei. Euskal Herrian Euskaraz, Kontseilua, Ikastolen Elkartea eta AEK dira manifestazio honen bultzatzaileak.

 
 
Bestalde, gogorarazi nahi dugu 'Euskaraz bizi nahi dut' banderatxoak
salgai ditugula hiru euroan Goiztiri AEKren euskaltegietan (Ordizian Nafarroa Beherea 1 kalean eta Beasainen Urbialde 7, behean).

2012/11/23

'Euskaraz bizi nahi dugu' elkarretaratzeak izango dira bihar Goierrin



Bi elkarretaratze izango dira bihar Goierrin euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Elkarretaratzeak eguerdiko hamabietan izango dira Ordiziako plaza nagusian eta Beasaingo Zubimuzu plazan. Goierritar oro gonbidatua dago elkarretaratzean parte hartzera. Hurbildu, beraz, bihar Ordiziara edo Beasainera!



Bestalde, 'Euskaraz bizi nahi dut' banderatxoak ere salgai ditugu hiru eurotan Ordiziako (Nafarroa Beherea,1) eta Beasaingo (Urbieta 7, behea) euskaltegietan.

2012/11/21

Ormaiztegiko ikasleak Mendi Asteko hitzaldian izan dira

Ormaiztegiko taldea bertako Mendi Astearen hitzaldietako batean izan zen aurreko astean. Irakurri ikasleek horri buruz kontatutakoa:

Mendi astea Ormaiztegin


Lehengo ostegunean Ormaiztegiko ikasleak hitzaldi batera joan ginen. Hitzaldiaren gaia: Groenlandian zeharkaldia. Alfonso izan zen hizlaria. Alfonso Kataluniakoa da eta espedizioko kide bat da beste bost lagunen artean.


Espedizioa Cabo Taney-tik Siorapaluk-era joan zen (Groenlandia) eta 180 kilometro egin zituzten. Zeharkaldi hau egitea 15 egun kostatu zitzaien.


Hotz handia egiten zuen han, -5 eta -25 graduko tenperaturen artean ibili ziren. Paisaia berdina zen denbora guztian, dena zuria zen eta zuhaitzik gabe. Leku arriskutsua da hartz zuriak daudelako.


Espediziokoek asko jaten zuten energia asko galtzen zutelako (egunean 4.000 – 7.000 kaloria). Horregatik, koipe asko jaten zuten.


Esperientzia hau oso interesgarria izan da espedizioko kideentzat.

2012/11/20

Korrika 18ren Goierriko aurkezpena egingo dugu datorren asteartean




Korrika 18ren aurkezpen nagusia eginda, Goierrikoa izango dugu datorren asteartean Ordiziako euskaltegiko ekitaldi aretoan, 11:30ean. Bertan, Korrikak Goierrin egingo duen ibilbidearen berri emango dugu. Horretaz gain, leloa, omenduak, eta beste zenbait kontu ere jakinaraziko dira.




Prentsaurrekoan izango dira Korrikaren Goierriko arduraduna den Axular Barandiaran; Goiztiri AEK, Maizpide eta Beasaingo Udal Euskaltegiko hainbat ikasle eta irakasle eta Goierriko hezkuntza arloko ordezkariak.



Ikusi Korrika 18ren aurkezpen orokorreko bideoa