2012/03/15

Kanposantu literarioak

Goierriko Kastako kideen testuak argitaratzen jarraituko dugu ekainera arte, eta gaurkoan Xabier Mendiguren Elizegi idazlearen testua dugu blogean. Testuan gori-gorian dugun gai bati buruzko gogoeta egin du beasaindarrak. Irakurri eta gozatu!

Xabier Mendiguren Elizegi Beasainen jaio zen 1964ko maiatzaren 3an. Euskal idazlea eta editorea da. Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen eta gaur egun ere hizkuntzari lotuta jarraitzen du, bai lanbidez eta bai zaletasunez. Idazle oparoa da eta genero asko landu ditu: haur eta gazte literatura, helduentzako ipuinak, eleberria, antzerkia...Literatura sari ugari ere jaso ditu: Lizardi Saria, Bizenta Mogel Saria, Tene Mujika Saria, Donostia Hiria...

Irudiak: Goierriko Hitza

2012/03/12

Bixi-bixi irratsaioan 25.urteurrenari buruz aritu gara hizketan

Goiztiri AEK euskaltegiko Karmele Santoyo eta Nekane Munduate irakasle eta zuzendaritzako kideak Bixi-bixi irratsaioan izan ziren joan den asteazkenean. Bertan 25.urteurrenari buruz hitz egin zuten, eta euskaltegiak egindako ibilbide luzeari buruz aritu ziren kontu kontari. Euskaltegien tartean ere, euskaltegiko irakasle den Amaia Ajuriak hartu zuen parte, eta emakumearen eguna aitzakiatzat hartuta, emakumeek euskal kulturaren trasmisioan duten eta izan duten garrantzia nabarmendu zuen.

Lierni Elortza esataria, Nekane Munduate, Amaia Ajuria, Karmele Santoyo eta Santos Beloki kolaboratzailea.

Entzun irratsaioa.

2012/03/08

'Erregea eta bufoia' ikuskizuna izango da martxoaren 16an Seguran

Goiztiri AEKren 25.urteurrena dela-eta, Erregea eta Bufoia ikuskizuna antolatu dugu Segurako Iparra-Hegoaren barruan. Ikuskizunean Ander Lipus aktorea eta bertsolari bat aritzen dira gaijartzaile baten gidaritzapean. Martxoaren 16ko emanaldian Josu Goikoetxea arituko da gai jartzen, Ander Lipus bufoi lanetan eta Aitor Sarriegi errege. Bertsolariaren bat-batekotasunaz gain, antzezleak ere inprobisatu egingo du. Antzezlea mozorrotu egingo da, eta hainbat pertsonaia ekarriko ditu oholtza gainera. Pertsonaia bakoitza eta bertsolaria etengabeko elkarrizketan arituko dira, nor baino nor.

Ander Lipus aktore markinarra, Iñigo Ibarra benetako izenez, abangoardiako aktorea eta bufoia da. Hainbat antzerki lanetan parte hartu du, bai Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo ere, baina bertso munduan 2007ko Bertso Egunean eta Bertso Tranpak ekimenean aritu zen, besteak beste.

Aitor Sarriegi bertsolari beasaindarra aski ezaguna da bertso munduan, eta hainbat plaza egin ditu bai Goierrin eta baita eskualdetik kanpo ere. Iazko Gipuzkoako txapelketan Laxaro Azkunek jarri zion irabazlearen txapela. Horretaz gain, 2009ko Euskal Herriko Txapelketako finalista izan zen.

2012/03/07

Bihar hasiko da 'Korrika irlandarra'

Rith 2012 gaelikoaren aldeko lasterketa hasiko da bihar Irlandan. Gaoth Dobhair-en (Gweedore, Donegal) hasiko da eta Inis Mór-en (Aran Islands, Galway) amaituko da martxoaren 17an, Saint Patricks egunean hain zuzen ere. Egun horretan irakurriko dute eskuz esku ibiliko duten lekukoaren barruko mezua. Irlandan korrika aritzerik ez baduzu ere, ziber-kilometroak erosten lagun dezakezu Rith 2012ren webgunean.
Irakurri albistea AEKren orrialdean.

2012/03/06

Herritar batek eskuratu du lehiaketako saria

Otsaila ere joan zaigu, eta hilabete horretako lehiaketaren irabazlea Mari Carmen Arregi izan da. Arregik 'Ipar haizearen kontra' antzezlana ikusteko bi sarrera lortu zituen, eta antzerkia ikusteko aukera izan zuen joan den ostiralean Beasaingo Usurbe antzokian. Bi sarrera eskuratu zituenez, bere senarra eta Goiztiri AEK-ko ikaslea den Carlos Redondok ere gozatu zuen antzezlanarekin. Zorionak, beraz, biei!
Gogoratu martxoko lehiaketa ere martxan dugula. Parte hartu, beraz!