Mintzodromoaren hirugarren edizioa, Euskararen Nazioarteko Egunean egin den bigarrena, izan zen joan den asteartean Beasaingo plaza azpian. Beasaingo Udalak, AEK-k eta Beasaingo Udal euskaltegiak antolatzen du ekimen hau, hainbat helbururekin: egunerokoan euskaraz aritzen direnak euskaraz aritzeko ohiturarik ez dutenekin solasean aritzea, euskarari bere tokia ematea eta euskaraz aritzeko guneak eskura jartzea edo sortzea, edozein gairi buruz eta egunerokotasunean euskaraz aritu gaitezkeela jabetzea...
40 lagun inguru bildu ginen plaza azpian: AEK eta Udal euskaltegiko ikasle eta irakasleak, mintzalagunak, eragileak, bestelako herritarrak...Hiru gairen inguruan aritu ginen hizketan: makinak vs. pertsonak, Gabonak eta oporrak. Gai bakoitzari buruz aritzeko mahaiz aldatu genuen eta solaskide berriekin aritu ginen hizketan. Hitz egiten genuen bitartean, txokolate beroa ere hartu genuen barrenak berotzeko.
Solasean aritu ginen bitartean, Imanol Aizpuruak mintzodromoaren eta egunaren berezitasuna irudikatu zuen bere artelanaren bidez. Ekitaldiaren amaieran artelanaren aurrean talde argazkia atera genuen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina