2016/10/31

Talde-argazkiak: Zaldibiako eta Ordiziako Aisa, Ordiziako A1

 


Goian Ordiziako goizeko A1 taldeko ikasleak daude, irribarretsu, eta azpiko argazkietan,berriz, Zaldibiako eta Ordiziako AISA ikasleak. Hauetako batzuk ez dute hain gogoko argazkietan agertzea eta horregatik ageri dira bizkarrez, baina euren berri grafikoa eman nahi izan digute.




AISA taldeko ikasleak euskara ikasi nahi duten etorkinak izaten dira eta oinarrizko ezagutza jasotzen dute 60 orduko ikastaroan. Jarraitzeko gogoa izanez gero, beste bi AISA ikastaro egin ahal izaten dituzte, 60 ordukoak bakoitza.

Animo guztioi!

Bixi-bixi irratsaioan parte hartuko dugu asteazkenean


Segura irratiko Bixi-bixi irratsaioak hasi du bere hamargarren denboraldia eta asteazkenean bertako partaide izango gara beste behin, euskara biziberritzea helburu. Bob Dylanen Literatur Nobel saria aitzakiatzat hartuta, musikari estatubatuarraren zer abestiren letrak euskaratu diren jakingo dugu. Horretaz gain, Anarik egindako Dylanen abesti baten euskarazko moldaketa ere entzungo dugu. Segura Irratian, FM 89.2an, izango da entzungai, 12:00etako albistegiaren ondoren. Ez galdu!

2016/10/27

Fermin Muguruzaren solasaldian izan dira ikasleak


Fermin Muguruza musikaria Lazkaoko Gerriko elkartean izan zen atzo Hitz&Musik zikloaren barruan. Ordiziako iluntzeko B2 taldekoak ere bertan izan ziren irundarraren kontuak eta kantuak entzuten.


 
Goierriko Hitzaren bideo honetan duzue atzoko solasaldiaren zatitxo bat.


Taldeen argazki gehiago

Ordiziako jubilatu taldekoak Segura aldean ibili ziren, baserria eta sagarraren mundua gertutik ezagutzen, eta talde-argazkia ateratzeko aprobetxatu zuten.


Eurez gain, Ordiziako iluntzeko A1 taldekoek ere atera dute argazkia eta baita Orkliko langileen taldeak ere.



Argazkietan ikusten den moduan denetik egiten dugu euskaltegian: irteera alaiak, fin-fin lan egin eta lotsatuta barre egin ere bai. Laster argazki gehiago izango ditugu, beraz, adi ibili!

B2 iluntzeko taldekideen aurkezpenak

Ordiziako iluntzeko B2 taldekoek ere grabatu dute euren aurkezpena. Ikusi eta utzi iruzkina zer iruditu zaizuen kontatzeko!














2016/10/26

Ordiziako goizeko A1 taldekoen aurkezpena

B2 taldekoez gain, Ordiziako goizeko A1 taldekoak ere animatu dira aurkezpen bideoa grabatzera. Maila baxukoak direnez, aurkezpen laburra egin dute: nor diren, nongoak diren eta non bizi diren, eta adina. Ikusi bideoa eta utzi iruzkinen bat!



2016/10/25

Eskatu Errigoraren saskia!



Errigoraren udazkeneko kanpaina martxan da, Errigorago izenarekin.  Hasierako ametsak beteta, amets gehiago betetzeko asmotan datoz. Nafarroa hegoaldeko nekazarien produktuak zabaltzeaz gain, zonalde hori euskalduntzeko helburua ere badute, diruaren %25 horretara bideratzen baita.



Kanpaina honetan bi saski daude salgai, zuria eta beltza, bakoitza 50 eurotan:

ZURIA

  • Txokolatezko gutiziak
  • Pasta ekologikoa
  • Arroza
  • Polboroiak edo teilak
  • Madaria almibarrean
  • Eskalibada
  • Pikillo-saltsa
  • Zainzuri estra lodiak
  • Orburu-bihotzak
  • Pikillo-piper osoak
  • Ozpin ekologikoa
  • Melokotoia almibarrean
  • Ardo ekologikoa

BELTZA


  • Oliba-olio birjina
  • Mahats-zukua
  • Potxak
  • Melokotoi-marmelada
  • Arbendolak
  • Borraja ekologikoa
  • Pikillo piper mamia
  • Zainzuri estra lodiak
  • Orburu-bihotzak
  • Pikillo-piper osoak
  • Ozpin ekologikoa
  • Melokotoia almibarrean
  • Ardo ekologikoa

Eskaria gure euskaltegian bertan egin dezakezue, azaroaren 8a baino lehen



Errigoraren sorrerako ametsak beteta, amestuko ditugu zerumuga berriak? Joango gara Errigorago? Izango gara Errigorago? Bada, erosi ditzagun saskiak!

2016/10/24

Ikasleen aurkezpenak

Taldeek martxa hartu dute eta ikasleek euren burua ikaskideei aurkezteaz gain, beste taldeetako ikasleei ere euren berri eman nahi izan diete bideo bidez. Bideoetan agertzen direnak B2 mailako ikasleetako batzuk dira. 













Mila esker zuen burua aurkezteagatik. Orain gainerakoen txanda!

2016/10/21

Talde argazkiak

Pixkanaka-pixkanaka ari gara taldeen argazkiak biltzen eta beste bi ditugu hemen; bata, Beasaingo goizeko taldekoena eta bestea Ordiziako iluntzeko A2 taldearena. Ezagutzen al dituzue?



Euskaldunon ajeak komikian islatuta


Euskaldunok identifikatuta sentitzen gara komiki honetan islatzen denarekin, ezta? Zaldieroa artistak AIZU aldizkarirako egindako komikia da. Ea etorkizunean gero eta gutxiago gertatzen zaigun...

2016/10/19

Ordiziako goizeko A1 eta A2 taldekoak Tximista sagardotegian


Joan den asteartean euskaltegiko lau talde izan ziren Ordiziako Tximista sagardotegian eta atzo goizeko A1 eta A2 taldekoak izan ginen bertan. Izan ere, maila baxuagoko ikasleak direnez, sagardotegiaren lexikoa eta bestelakoak landu genituen aurretik.Guri ere sagardoa nola egiten duten azaldu ziguten eta Tximistaren historia.



Mila esker Tximistakoei euren harrera atseginagatik!

Argazkien bilduma

2016/10/18

Astigarragako AEKren aurrematrikulaziorako bideoa

Goiztiri AEK-kook egin genuen spotean, Kendu zama gainetik, umorea zen nagusi eta Astigarragako AEK-koek ere ildo beretsua jarraitu dute bideo honetan. Ikusi, ikusi!


2016/10/17

Euskararen erabilerak gora egin du EAEn azken 25 urteetan

Euskal Autonomia Erkidegoan egindako VI. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskararen ezagutza, erabilera eta babesak gora egin du azken 25 urteotan. 

EAEko 4.200 laguni egin zaie inkesta eta hizkuntz gaitasuna, euskararen transmisioa, erabilera eta sustapenari buruzko jarrera neurtu dituzte. Jasotako datuen arabera, 1991n baino 212.000 euskaldun gehiago daude. Gipuzkoan euskaldunak erdia baino gehiago dira, Bizkaian laurdena baino zerbait gehiago eta Araban, berriz, bostetik batek du ezagutza, lehengoaren bikoitza. Euskaldunen portzentajeak, beraz, %1,9 egin du gora 2011.urtetik. 
euskara erabilera bilaketarekin bat datozen irudiak

25 urtean euskara dakiten gazteen ehunekoa hirukoiztu egin da. Gazteen erdiak baino gehiagok etxetik kanpo ikasi dute euskara, orain arte gertaturikoari aurka eginez. Hori dela eta, gehienek gazteleraz hobeto egiten dute, euskara bigarren hizkuntza baitute. Aldeak handiak dira lurraldearen arabera, Gipuzkoaren kasuan gazteen %36ak egiten du euskaraz errazago, Araban %7ak.

Bi gurasoak euskaldunak direnean ia beti —%96 — euskara transmititzen zaie umeei. Euskalduna guraso bakarra denean hamarretik seitan gertatzen da hori.

Erabilerak era gora egin du eremu soziolinguistiko guztietan, biztanleen %80 baino gehiago euskaldunak direnetan izan ezik. Batez beste, 25 urtean %7,9 hazi da.

Euskara sustatzearen alde agertu da inkestan parte hartu dutenen gehiengoa: lurraldeka begiratuz gero, Gipuzkoan %75 , Bizkaian %62 eta Araban %53. Euskararen ezagutzaren arabera sailkatuz hamarretik bederatzi euskaldun daude sustapenaren alde, euskara ulertzen dutenen %63 eta ulertu ere egiten ez dutenen artean erdia.


Informazioa Argia aldizkarian.

2016/10/14

Besarkada

Euskadi Literatura saria lortu berri du Uxue Alberdi idazleak eta Maite Gurrutxaga ilustratzaileak sortutako Besarkada liburuak. Liburuan agertzen diren Alberdiren koplez, Gurrutxagaren ilustrazioez eta Ruben Caballeroren musika doinuez ondu dute azpiko bideo eder hau. Gozatu!


2016/10/13

Trebiñu II irrati nobela Euskadi Irratian

"2056. urtea da. 25 urte pasa dira Euskal Herriak independentzia lortu zuenetik. Orain, Euskal Espazio Agentziak Euskal Herriko Errepublikaren independentziaren 25. urteurrena ospatzeko, bi astronauta bidaliko ditu lehendabiziko aldiz espaziora Trebiñu II izeneko lehen estazio espaziala martxan jartzera". Sarrera Trebiñu II izeneko bi minutuko irrati-nobela komikoarena da; goizero entzun daiteke, Euskadi Irratia 07:55ean piztuz gero.


Euskal irrati publikoaren denboraldi berriaren programa da, eta Koldo Almandoz gidoilariak sortu du. Almandozek berak azaldu du zergatik bidali duten Trebiñu espaziora: "Estazio horren izena Trebiñu II da, independentzia prozesuan Trebiñu ezin izan zelako Euskal Herrian geratu; orduan, Trebiñurik gabe ez geratzeko, estazio espaziala sortu zen. Burgosen geratu beharrean, espazioratu genuen". Trebiñu izena "aitzakia" baino ez dela azaldu du Almandozek, hainbatentzat ezezaguna den errealitatea agerian uzteko: "Mahai gainean jarri nahi genuen paraje eta errealitate ezezagunak direla euskaldun askorentzat".

Taldeko lana

Gorka Etxebestek eta Mikel Fernandezek egiten dute Sarasola eta Johnson izeneko astronauta zoroen papera, eta Lierni Ibargutxi aktoreak ahotsa jartzen dio Eskisabel kapitainari. Saioa bi astronauta hauen eta Euskal Herriko basearen arteko komunikazioetan oinarrituta dago. Alor teknikoa Iñaki Olaziregik zuzentzen du.

Euskadi Irratian Jon eta Jone irrati-nobela egin du taldeak Trebiñu II aurretik, baina horrekin alderatuta tonua "erabat" aldatu dutela azaldu du Almandozek. "Egunkarietan dauden zintak edo komikietako binetak bezalakoak dira oraingo saioak, eta, gainera, segidan entzuten badira badaude bilduma modukoak, baina bakarrik entzunda ere ulertzen dira".

Goizean goiz, atal informatiboa puri-purian dagoenean, irrati-nobela bat emititzea saiakera "ausarta" dela aitortu du Almandozek, baina, tarte horretan ere fikzioa sartzearen aldekoa dela dio.

Euskara ikasleentzako materiala

Euskara ikasleentzako jarduera didaktikoak prestatu dira B2 mailako ikasleentzat eta Euskadi Irratiak egunero emitituko dituen entzungaien ulermenaren garapena dute helburu. Iraupen motzekoak dira, batzuk taldean egitekoak eta beste batzuk bakarka.

Informazioa : alea.eus

Sagardoa nola egiten den ikasten

Joan den asteartean Ordiziako Tximista sagardotegian izan ginen euskaltegiko 35 ikasle, irakasleekin. Sagardotegiko bi nagusiek egin ziguten harrera, Amaia Blazquez eta Aitor Esnaolak. Bertan zen sagardoa egiteko prozesuan laguntzen ari zen Maddi ere.


Iaz hasi ziren Ordiziako sagardotegian sagardoa ekoizten. Joan den urtean 11.000 litro egin zituzten eta ia guztia txotxetik eman zuten, gutxi batzuk besterik ez zituzten botilaratu. Aurten 4 kupela gehiago erosi dituzte eta 17.000 litro egiteko asmoa dute. Hala ere, bertan sagar gutxi dutenez, beste toki batzuetara joko dute lehengai bila.


Sagardoa egiteko prozesua erakutsi ziguten: sagarra nola garbitzen duten, zintan gora nola joaten den matxakara eta hortik tolarera, prentsara. Tolare neumatikoa daukate eta aldiro 700 kilo inguru sartzen dituzte. Egunean bi prentsaldi egiten dituzte. Hortik muztioa kupeletara joaten da hodien bidez.


Ikasleen galderei erantzun ostean, Tximista sagardotegiaren historia kontatu ziguten; aurrena galdarategia izan zen, gero jatetxea eta orain sagardotegia. Amaitzeko, gazta eta sagardoa dastatzeko aukera izan genuen. 


Mila esker Tximista sagardotegikoiei euren harreragatik eta jatortasunagatik!

2016/10/10

'Praktikatu eta bizi' jardunaldia azaroaren 4an izango da Bilbon




Azaroaren 4an burutuko da, Bilboko Ondare aretoan, Praktikatu eta Bizi jardunaldiaren III. edizioa, AEKren Praktikatu zerbitzuak antolatuta.

Praktikatu eta Bizi jardunaldiaren aurreko edizioetan motibazioaren gaiari heldu izan diogu; 2014an, mintzapraktika egitasmoetako parte-hartzaileen motibazioaz eta jorratu beharreko diskurtsoaz aritu ginen. 2015ean, aldiz, motibazioak plangintzetan jokatu beharreko paperari erreparatu genion.

Aurtengo jardunaldian eragiteko errezetak topatzen saiatuko gara, hizlarien laguntzaz eta psikologiaren ikuspegitik. Horretarako, eremu bi alderatuko ditugu: batetik, entzungo dugu zelan ulertu, jokatu eta aritu behar dugun gune urbano nagusiki erdaldunetan; bestetik, jakingo dugu nolako garrantzia duen norberaren hizkuntz jokaerak arnasgune deritzegunetan, bai eta praktika onak ezagutu ere. Lehen-lehenik, baina, ahaleginduko gara antzematen, eta partekatzen, zer den akuilu norberaren motibazioan.



Jardunaldian, zenbait adituren ekarpenak aditzeaz gain, erronka handi honen gaineko gogoeta egingo dugu, denon esperientzia/proiektuen berri emateaz batera. Berebiziko aukera izango dugu, hortaz, hitz egin dezagun mintzapraktika egitasmoen egoeraz, bidelagun zein bidelarien aktibazioaz eta, jakina, programa hauen etorkizunaz.

Egitaraua
09:30 Harrera eta ongi etorria
10:00 Eduardo Apodaka: Praktiken altzoan.
10:30 Gemma Sanginés eta Mikel Urdangarin: Mintzapraktika programak euskahalduntzerako bidean.
11:30: Atsedena. Kafea
12:00 Amaia Agirre: Coachinga mintzapraktika taldeetan.
12:30 Mahai-ingurua hizlariekin.
13:30 Agurra

Mintzapraktika egitasmoak sustatzen dabiltzan lagunei zuzendua dago jardunaldia: dinamizatzaileak, euskara teknikariak, euskara elkarteetako kideak, euskaltegietako irakasleak eta abar.

Izen ematea doakoa da, baina MATRIKULA-ORRIA bete beharra dago. Leku-kopurua mugatua denez, izen-emate dataren arabera gordeko da lekua. Izena emateko azken eguna urriaren 31 izango da. Eman izena lehenbailehen!

Informazio gehiago hemen.

2016/10/06

Taldeen eskaintza


Ikasturte berria martxan da eta azpiko dokumentuan agertzen diren hauek dira une honetan ditugun taldeak. Klaseak hasi berri direnez, taldeetan txertatzeko aukera dago oraindik baina hilaren 21a baino lehen matrikulatu beharko da.  Kendu zama gainetik eta ikasi euskara!


Animatu!

2016/10/05

Urriko lehiaketa



Hilabete honetako galdera: Zein izan da 2016/2017ko kanpainarako Goiztiri AEK euskaltegikook erabili dugun leloa, spotean islatzen dena? 

Saria: Mozkorra parregarri opera komikoa, lehenengo euskal opera, ikusteko bi sarrera. Ekitaldia azaroaren 12an izango da, 19:30ean, Beasaingo Usurbe antzokian.



Parte hartzeko azken eguna: urriak 31.

Bidali zure erantzuna:

  • E-posta: goierri@aek.eus
  • Whatsapp mezua: 607 635 687

Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez.



Lehiaketaren laguntzaileak:

2016/10/04

Hasi dugu ikasturtea!


Ikasturte berria, 2016/2017, martxan da jada! Atzo hasi ziren euskara klaseak AEKren Ordizia eta Beasaingo euskaltegietan.



Euskara modu afektibo eta efektiboan ikasiko dute ikasleek eta gure kultur ekintzekin ere gozatuko dute. Euskaraz bizitzeko abentura honetan kide izango gara guztiok hemendik aurrera! 

Ongi etorri guztioi Goiztiri AEKren familia honetara!

2016/10/03

AEKren aplikazioa



AEK, euskara praktikoa AEK-ren aplikazioa da. Bertan, oinarrizko elkarrizketetan moldatzeko hitzak nahiz esamoldeak aurkituko dituzu. Aurtengo berrikuntzetako bat da hiztegiarekin aritzeko jarri dugun jolasa. Era berean, hurbilen duzun euskaltegiari buruzko informazioa eskura dezakezu; nahi izanez gero, bertara idatzi eta AEK-ren euskaltegietako eskaintzaren nondik norakoak ezagutuko dituzu.