2016/04/29

Bretainieraren aldeko lasterketa hasi da

iritzia: 


Bretainieraren aldeko lasterketaren bosgarren edizioa gaur abiatu da Sant-Ervlanetik (Nantesetik hurbil). Eskuz esku, pausoz pauso, herriz herri... hamaika kilometro egin ondoren, maiatzaren 7an emango ditu azken urratsak Lokoal-Mendonen, jai giroan. Izan ere, egun horretarako egun osoko egitaraua prest daukate.

Gogoan izan bretainieraren aldeko lasterketan, gure Korrikan bezala, parte hartzeko modu asko dagoela: ziberkilometroak, materiala... Informazio guztia Ar Redadeg-en webgunean aurkituko duzue!

2016/04/27

Zubideiak gune irekia

iritzia: 

Euskarak nola lagundu dezake gaur egun, hemen, bizikidetza indartzen? Euskara izan daiteke, testuinguru honetan, sexu, esparru, adin, kultura, hizkuntza eta sektore ezberdinen arteko zubi. Eta Zubideiakek horiek guztiak elkartu nahi ditu Gune Ireki batean, elkarrekin, ariketa sozial bat burutu dezagun euskara, aniztasuna eta bizikidetza ardatz hartuta.

.Zer aterako da elkarrizketa edo ariketa sozial honetatik? Zubideiaken txostena euskara-bizikidetza harremanaren agenda eguneratua izango da, euskara eta bizikidetzaren arteko harremanari buruzko lagin erreal bat.





  • Non? Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan (Leioa)
  • Noiz? Maiatzaren 7an (9:30-18:00). Edozein unetan sartu eta irteteko aukera.
  • Izena emateko: Fomularioa bete hemen, mesedez (ahal baduzu, maiatzaren 2rako)
  • Matrikula (katerina barne): 10 € (garestiegia iruditzen zaizu? Lasai, jarri gurekin harremanetan eta konponduko dugu)
  • Ordainketa: eskuz, tokian bertan


Informazio gehiago HEMEN.

2016/04/25

Maiatzean eta ekainean Foruko barnetegia zabalik

iritzia: 


Urritik ekainera, AEK-k Foruan (Bizkaia), Urdaibai Biosfera-Erreserban duen barnetegian, hilabete osoko ikastaroak eskaintzen ditu, maila guztietan (A1, A2, B1, B2 eta C1). Izan ere, barnetegia ez da udarako soilik; asko eta asko dira neguan eta udaberrian ikastaro trinkoak edo barnetegiak egiteko aprobetxatzen duten ikasleak. AEK-k apiriletik ekainera bitartean honako ikastaro hauek dauzka abian:

  • Maiatzeko barnetegia maiatzaren 2tik 27ra izango da (izena emateko azken eguna apirilaren 29a).
  • Uda barnetegiak abiatu baino lehen, azken ikastaroak maiatzaren 30etik ekainaren 24ra eskainiko ditugu (izena emateko azken eguna maiatzaren 29a).

Informazio gehiago edota izen-emateko 94 625 35 96 telefonora deitu edo gernika@aek.eus helbide elektronikora idatzi.

2016/04/21

Mertxe Mugika Azpimarra saioan

iritzia: 
Atzo AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugika ETB1eko Azpimarra saioan izan zen, helduen euskalduntzeaz, matrikulazioaz, euskara ikastearen zergatiez...hizketan. Ikusi saioa 1:07 minututik aurrera! 



2016/04/20

Erreportajea bideoan: ikasi eta bizi izandakoa ez duzu ahaztuko

iritzia: 
Barnetegietan bizi izandako esperientzia ahaztezinak jasotzeko asmoz, AEK-k Ikasi eta bizi izandakoa ez duzu ahaztuko erreportajea ekoiztu du Ahotsa.inforekin elkarlanean.

Barnetegian euskalduntzearen abentura bizi izan dute erreportajearen protagonista diren Anak, Remiro-Tobar familiak eta Dabidek. Zuek ere barnetegien magian murgildu nahi al duzue?


AEKn askotariko barnetegiak eskaintzen ditugu: euskalduntze barnetegiak, ibiltariak, familientzakoak, hizkuntza eskakizunak eta bestelako azterketa ofizialak prestatzekoak… Hemen duzue informazio osoa.


2016/04/19

Eguraldi mapen sekretuak ikasi ditugu

iritzia: 
 

Eguraldi mapak interpretatzen ikasteko saioa izan genuen joan den asteartean Beasaingo Igartza jauregian. Gloria Latasa izan genuen saioaren gidari eta berak azaldu zizkigun isobara, antizikloi, fronte eta gainerako kontuen berri. Orain ez duzu eguraldia iragarpenak ez ulertzeko aitzakiarik!


2016/04/18

Carlos Madrazo ikaslea izan da martxoko lehiaketaren irabazlea

iritzia: 
Martxoko lehiaketan Tere Irastortza eta Karlos Gorrindoren liburu bana zozketatu genuen. Carlos Madrazo Ordiziako ikasleak fin-fin hartu ohi du parte lehiaketan, hilabetero, eta oraingoan saria eskuratzea lortu du. Bejondeizula, Carlos eta irakurketa on!


2016/04/14

Ikasi eta bizi izandakoa ez duzu ahaztuko

iritzia: 
Opor ahaztezinak igaro zituzten iaz Remiro-Tobar familiak, Ana Perezek, David Romeok eta beste hainbat ikaslek. Euskaltegian ikasitakoa praktikan jarri zuten Zugarramurdin, Arantzan eta Euskal Herriko hainbat lekutan eta, ia konturatu gabe, euskaraz bizi izan ziren 24 orduz.



Esperientzia ahaztezin horiek jasotzeko asmoz, AEK-k Ikasi eta bizi izandakoa ez duzu ahaztuko erreportajea ekoiztu du, Ahotsa.inforekin elkarlanean.

Estreinaldia astelehenean izango da, 20:30ean, Naiz, Ahotsa-ren eta AEKren webguneetan.  

Adi ibili, beraz, astelehenean!

2016/04/13

Bertsomovieda lehiaketako lanak ikusgai daude webgunean

iritzia: 


Dagoeneko ikusgai daude Bertsomovieda lehiaketan parte hartu duten lanak. Guztira 31 lan jaso dituzte aurten, hiru gaztetxoen mailan eta gainontzekoak helduenean; horietatik bi dira goierritarrek egindakoak. 

Urtero bezala, gustukoen dugun bideoa bozkatzeko aukera izango da. Boto gehien jasotzen dituenak lortuko du publikoaren saria. Ostiralean zabalduko dute horretarako epea eta hilaren 22ra arte eman ahal izango da botoa. Sari banaketa berriz, hilaren 29an egingo dute, 19:00etan, Beasaingo Igartza jauregian.

2016/04/12

Etzi amaituko da HABEren azterketetan izena emateko epea

iritzia: 

HABEren B1, B2, C1 eta C2 mailetako azterketei begirako izen-emate epea zabaldu da. HABEren web orriaren bitartez eman behar da izena eta ordainketa ere aipatutako webgunearen bidez bideratu behar da.

Egutegia:

  • ENTZUMENA ETA IRAKURMENA: maiatzaren 6 eta 7an (B2 eta C1) eta ekainaren 22an (B1)
  • IDAZMENA: maiatzaren 14an (B2 eta C1) eta ekainaren 13-14an (B1)
  • MINTZAMENA: ekainaren 23-24-25ean (B2), uztailaren 1-2an (C1) eta ekainaren 7-8-9an (B1)

Apirilaren 14a izango da izena emateko azken eguna.

2016/04/11

Apirileko lehiaketa

iritzia: 
 

Hilabete honetako galdera: Zer urtetan izan zen euskal baleazaleen hilketa Islandian?

Saria: Euskal balezaleen triskantza dokumentalaren aurkezpen emanaldirako bi sarrera. Ekitaldia maiatzaren 27an izango da, 19:00etan, Beasaingo Usurbe antzokian.

Parte hartzeko azken eguna: apirilak 30.

Bidali zure erantzuna:
  • E-posta: goierri@aek.org
  • Whatsapp mezua: 607 635 687 
Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.

Lehiaketaren laguntzaileak:


2016/04/08

Udako barnetegiak

iritzia: 
Barnetegian izena ematea euskalduntzeko biderik zuzenena eta azkarrena da. Dagoeneko 2016ko udako ikastaroen datak zehaztu ditugu: euskalduntze barnetegiak, azterketak prestatzekoak, familia barnetegiak, ibiltariak, ikastaro trinkoak euskaltegietan...


Izen-ematea laster abian jarriko bada ere, hona hemen datak:

EUSKALDUNTZE BARNETEGIAK (B1, B2 eta C1 mailak): uztailaren 4tik 17ra, uztailaren 18tik 31ra, abuztuaren 1etik 14ra, abuztuaren 15etik 28ra eta abuztuaren 29tik irailaren 11ra.

EUSKALDUNTZE BARNETEGIAK (A2): uztailaren 18tik 31ra.

BARNETEGI IBILTARIAK: Oinez, uztailaren 16tik 30era. Bizikletaz, uztailaren 30etik abuztuaren 13ra.

FAMILIA BARNETEGIAK: uztailaren 4tik 15era, uztailaren 18tik 29ra, abuztuaren 1etik abuztuaren 12ra eta abuztuaren 15etik 26ra.

EGA/C1 MAILA AZTERKETA PRESTATZEKO BARNETEGIA: abuztuaren 15etik 28ra.

MAILAK EGIAZTATZEKO AZTERKETA PRESTATZEKO BARNETEGIA: abuztuaren 29tik irailaren 11ra

Barnetegiak Iparraldean

EUSKALDUNTZE BARNETEGIAK (A1-A2-B1-B2-C1 mailak): uztailaren 18tik 29ra, abuztuaren 1etik 12ra (10 egun) eta uztailaren 18tik abuztuaren 2ra (20egun)

ZUBERERA BARNETEGIA: abuztuaren 1etik 6ra.

2016/04/07

Eguraldi iragarpenak ulertzen ikasteko hitzaldia

iritzia: 

Euskaldunok garrantzi handia ematen diogu eguraldiari eta eguneroko elkarrizketa labur horietan hizpide izaten dugu. Horretaz gain, telebistako, egunkariko edota irratiko eguraldi iragarpenei ere jarraipena egiten diogu. Ez da beti erraza izaten, ordea, iragarpenak ulertzea eta aipatutako kontuak interpretatzea. Horretan trebatzen lagunduko digun hitzaldia antolatu dugu datorren astearterako, hilak 12, Beasaingo Igartza jauregian, 10:00etatik 12:00etara. 


Gloria Latasa izango da hizlaria eta berak irakatsiko dizkigu eguraldi mapen eta iragarpenen sekretuak.

Hurbildu asteartean Igartzara!

2016/04/05

AIZU aldizkariaren apirileko alea kalean da

iritzia: 
 azala

AEKren AIZU aldizkariaren apirileko alean Ane Gabarain aktorea dugu protagonista. Berari egin diote elkarrizketa nagusia eta hainbat kontu interesgarri aipatu ditu.


Horretaz gain, beste hainbat gai ere badira, noski: D eredua Nafarroan, autoekoizpena, esaera zaharren txapelketa...

Eskuratu AIZU aldizkariaren apirileko alea eta gozatu!