2013/11/27

Pertsonaia ezkutua

iritzia: 
Ormaiztegiko taldeko ikasleek ere pertsonaia ezkutua ekarri digute, nor den asmatzen saiatzeko. Azpian dituzue pistak:


- 1981eko abenduaren 12an jaio zen.
- Lemoan bizi da.
- Unibertsitatera ez zen joan.
- Mendiko munduan oso famatua da baina lehen eraikuntzan lan egin zuen.
- Ormaiztegin hitzaldi batean egon zen.

Nor da?

Bota zuen erantzunak iruzkinetan. Ea asmatzen duzuen!

2013/11/26

'Emakumea bertsolaritzan' hitzaldia izango da Ordizian

iritzia: 
 
Amaia Agirre bertsolariak emakumeak bertsolaritzan duen tokiaz arituko da solasean bihar, azaroak 27, Ordizian. Bere esperientzian oinarrituta, emakumeek bertsolaritzaren munduan duten tokiaz, euren kezkez, ezinez eta beste hainbat konturi buruz hitz egingo du Agirrek. Hitzaldia 19:00etan izango da, Barrena Jauregiko 7.gelan. 

Animatu eta parte hartu!


2013/11/25

Eman izena Beasaingo III.Mintzodromoan parte hartzeko!

iritzia: 
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu eta Beasainen III. Mintzodromoa antolatu dugu Goiztiri AEK euskaltegiak, Beasaingo Udalak eta Beasaingo Udal euskaltegiak. Ekimen honetan euskara ikasleak, egunerokotasunean euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta ez dutenak bilduko dira zenbait gairen inguruan hitz egiteko. Modu honetara, euskaraz hitz egiten dugunon sarea zabalduko dugu eta euskaraz arituko gara zenbait konturi buruz solasean. 


San Martin plazaren azpian elkartuko gara abenduaren 3an, 19:00etatik 20:00etara. Launaka eseriko gara mahaietan eta hiru gairi buruz hitz egingo dugu. Gai bakoitzari buruz hamabost minutuz arituko gara solaskide batzuekin eta hurrengo gaiaz hizketan aritzeko mahaiz eta solaskidez aldatuko dugu.

Mintzodromoan parte hartu nahi baduzue, eman izena osteguna baino lehen Goiztiri AEKren Beasaingo euskaltegian (943 88 93 40), Beasaingo Udaleko Euskara eta Kultura zerbitzuan (943 02 80 63) edota Beasaingo Udal euskaltegian (943 02 81 00). E-posta ere bidal dezakezue beasain@aek.org helbidera. 

Animatu eta eman izena!

EGA/C1 prestatzeko eta euskaraz hitz egiten hasteko ikastaroak

iritzia: 
EGAra edo HABEren 3.maila/ C1era aurkeztu nahi duzu? Oraintxe duzu azterketa prestatzeko aukera ezinhobea:

Ikastaroa: EGA prestatu 165 ordutan
Noiz: abenduaren 3tik ekainaren 19ra. Astearte eta ostegunetan, 18:00etatik 21:00etara.
Prezioa: 285 €.


Euskaraz hitz egiten hasteko eta oinarrizko ezagutza jasotzeko ikastaroak ere izango ditugu. A1 mailan aritu nahi dutenentzako 165 orduko ikastaroa eskainiko dugu:

Noiz: abenduaren 3tik ekainaren 19ra.
Astelehen, astearte eta ostegunetan, 14:30etik 16:30era.
Prezioa: 285€.

Egunerokoan beharrezkoak dituzten kontuak ikasiko dituzte: erosketak egiten, lagun eta senideekin elkarrizketa sinpleak, informazioa eskatu eta eskaerak egiteko inprimakiak bete...


Beste aldetik, etorkinek euskarara hurbilketa egiteko ikastaroa ere izango dugu. 60 orduko ikastaroa izango da abenduaren 9tik martxoaren 5era eta 18,50 euroko kostua du. 


Ikastaro hauetakoren batean izena eman nahi baduzu, abenduaren 1era arte duzu epea zabalik. Beasaingo euskaltegian (Urbialde plaza 7,behea/ 943 88 93 40) edota Ordiziako euskaltegian (Nafarroa Beherea,1/ 943 88 91 74) eman dezakezue izena. E-posta ere bidal dezakezue ordizia@aek.org edota beasain@aek.org helbidera.

2013/11/21

Ezetz asmatu!

iritzia: 
 

Beasaingo goizeko taldeko ikasleek Goierriko lau pertsonairen inguruko deskribapenak edo pistak sortu dituzte. Erronka bota dizuete, ea bakoitza nor den asmatzen duzuen.

1. Euskal Herrira itzuli eta preso sartu zuten Tolosan bere abestiek herriarengan pizten zuten sentimendu biziagatik. Karlisten gudari talde batean ere ibili zen.

2. 1889an jaio zen Ataunen eta 1991n hil zen jaioterrian. Apaiz ikasketak egin eta Teologian lizentziatu zen. Etnografia eta antropologiako lanei ekin zien Aralar mendialdean. Hiru unibertsitatetan honoris causa doktore izendatu zuten.

3. 1788ko abenduan jaio zen. Pertsonaia honek eskribau ikasketak egin zituen eta pertsona geldiezina zen. 1835eko apirilean Eliot ituna sinatu zuen.  

4. Lazkaon jaio zen  AbaliƱe baserrian. Gizon txikia zen baina bertsolari handia  

Ba al dakizue nortzuk diren? Utzi erantzuna azpiko iruzkinetan! Ezetz guztiak asmatu!
.

2013/11/20

Baserritarrez janzteko ideiak eta aholkuak jaso ditugu

iritzia: 


XIX.mendeko euskal jantzien inguruko saioa egin genuen atzo Beasainen, Ostadar dantza taldekoen partaidetzaz. Jantzien jatorriaz eta izan duten bilakaerari buruzko informazioa eman ziguten Ostadarrekoek saio hasieran, testuingurun kokatzeko. Jarraian, dantza taldeko zenbait kidek garai hartan erabiltzen zituzten jantziak soinean jarri zituzten eta nola jantzi behar den azaldu ziguten. Lehenbizi, gizonezkoen jantzien ingurukoak kontatu zituzten: abarkak nola lotu, nolako galtzerdiak jantzi, alkandora motak, gerrikoa nola lotu, txapela buruan nola kokatu... 



Ondoren, emakumeek erabiltzen zituzten jantzien inguruko xehetasunak aipatu zituzten: gonak nolakoak eta zein luzeratakoak, amantalak zein luzeratakoak, ilea nola bildu, buruko zapia edota bizkarrekoa nola jantzi...


Bertan bildutako ikasle eta herritarrek ideia ugari jasota joan ziren etxera eta Gabonetan dotore asko janzteko moduan daude orain. Kontuz, beraz, ea zer nolako itxurarekin ateratzen zareten orain! Bidali argazkia eta baloratuko dugu!

Argazki galeria hemen.

Neguko irakurle kanpaina martxan da

iritzia: 
Urteroko legez, neguko irakurle kanpainako katalogoa iritsi zaigu eta hainbat produktu dituzue bertan: liburuak, diskoak, hiztegiak...AEKren ikasle izateagatik, produktu hauek merkeago lor ditzakezue. Bertako produkturen bat eskuratu nahi izanez gero, azaroaren 27ra arteko epea duzue eskaera eta ordainketa egiteko.


Animatu eta erosi!

2013/11/15

Hainbat konturi buruz aritu gara hizketan Bixi-bixi irratsaioan

iritzia: 
Goiztiri AEK euskaltegikook Segura Irratiko Bixi-bixi irratsaioaren euskaltegien tartean kolaboratu ohi dugu hilean behin, eta joan den asteazkenean izan zen gure txanda. Euskaltegiko kide den Maitane Legarretak Errigoraren udazkeneko kanpainari buruz hitz egin zuen. Horretaz gain, azaroaren 5ean Ordizian Bertso Txapelketa Nagusiaren inguruan egindako saio didaktikoaz aritu zen solasean eta baita hilaren 19an Beasainen egingo dugun baserritar jantzien inguruko saioari buruz ere. 

Beste hainbat gai ere landu zituzten asteazkeneko Bixi-bixin: 'Tribuaren berbak' saio berria, UEMAren arnasgune tailerrak...

Entzun irratsaioa eta gozatu!


Denboraldiko saio guztiak hemen

2013/11/14

Azaroko lehiaketa

iritzia: 

Hilabete honetako galdera: Goierriko zein bost herritan egiten dira Liburu eta Disko azokak abenduan?

Saria: Abenduaren 13,14 eta 15ean egingo diren Liburu eta Disko Azoketako batean erabiltzeko 50 euroko bonua.

Parte hartzeko azken eguna: azaroak 30.

Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.


Lehiaketaren laguntzailea:
                                 

2013/11/13

Baserritar jantzien inguruko saioa izango dugu hilaren 19an Beasainen

iritzia: 



Gabonak gero eta gertuago daudela aprobetxatuz, baserritar jantziei buruzko saio didaktikoa antolatu dugu Ostadar dantza taldekoen laguntzaz. XIX. mendeko baserritarren erara janzteko eta jantziak moldatu ahal izateko aholkuak eta ideiak emango dizkigute Ostadarrekoek. Saioa azaroaren 19an izango da, 18:00etan, Beasaingo Andramendi ikastolaren gelan, AEK euskaltegiaren azpian (Urbialde plaza 7, behea).
 

 

Guztiok gonbidatuta zaudete saio honetara. Hurbildu saiora, hartara Gabonetan kalera dotore-dotore aterako zarete-eta! 

2013/11/12

Bixi-bixi irratsaioan izango gara bihar

iritzia: 

Goiztiri AEK euskaltegiak biharko Bixi-bixi irratsaioan parte hartuko du hainbat konturi buruz hitz egiteko. Alde batetik, Errigorak AEK, Ikastolen Elkartea eta Sortzen-Ikasbatuazekin batera martxan jarritako kanpainari buruz hitz egingo dugu. Dakizuen bezala, Nafarroa Hegoaldeko produktuak Euskal Herrian zabaldu eta bertako euskalgintzari laguntzeko, bertako produktuz betetako saskia eska daiteke azaroaren 14a baino lehen. 

Horretaz gain, azaroaren 5ean Ordiziako euskaltegian Bertso Txapelketa Nagusiaren inguruan egindako saioa didaktikoaz ere arituko gara solasean. Arkaitz Oiartzabalek bertso txapelketaren inguruan irakatsitako kontuen berri emango dugu, beraz.

Hauek eta beste hainbat kontu izango dira bihar Segura Irratiko Bixi-bixi saioan. Interesa baduzue, sintonizatu FM 89.5, 12:15etik aurrera. Entzun eta gozatu!

2013/11/07

Bertso Txapelketa Nagusia hurbildu digu euskaltegira Arkaitz Oiartzabalek

iritzia: 
 

Bertso Txapelketa Nagusiari buruzko saio didaktikoa izan genuen asteartean Ordiziako euskaltegian. Arkaitz Oiartzabal 'Xamoa' bertsolariak Txapelketa Nagusia jarraitzeko heldulekuak eman zizkigun ikasle eta irakasleei eta bertsolaritzaren mundura hurbildu gintuen. 

Txapelketa Nagusiak bertsolaritzan duen tokia azaldu zuen Oiartzabalek eta txapelketaren egituraren berri eman zigun. Horretaz gain, saioetan izaten diren ariketen nondik norakoak eta zeri erreparatu behar zaion ere jakinarazi zigun. Beraz, Txapelketa Nagusiko edozein saiotara joateko gertu gaude orain! Oiartzabalek Txapelketako saioren batera joateko gonbita egin zigun, baina bestelako saioetara (bertso afari, jaialdi...) joatera ere animatu gintuen, bertsolaritzaren zabaltasuna eta saio mota bakoitzaren berezitasunaz gozatzeko. 


2013/11/03

Bertso Txapelketa Nagusiari buruzko saioa izango dugu bihar Ordiziako euskaltegian

iritzia: 
Bertso Txapelketa Nagusia martxan da irailetik eta igande honetan Tolosara iritsiko da. Horixe izango da Goierritik gertuen izango dugun bertso saio. Aitzakia hori aprobetxatuz, Bertso Txapelketa Nagusiaren inguruko saio didaktikoa egingo dugu bihar, 18:00etan, Ordiziako euskaltegian. Arkiatz Oiartzabal 'Xamoa' bertsolaria izango dugu hizlaria eta berak irakatsiko dizkigu Txapelketaren egitura, ariketa mota ezberdinak, bakoitzaren ezaugarriak eta beste hainbat kontu. Bertsolaritza gosez gaude jada!