2012/11/30

Esne Beltzak egin du Korrika 18ren kanta

iritzia: 
Gaur goizean aurkeztu dute Andoainen Korrika 18ren kanta eta Esne Beltza taldeak eginiko 'Bagoaz' abestia entzuteko aukera izan da bertan, Xabier Solanoren eskutik. Azpian duzue abestiaren bideoklipa. Audioa, berriz, hemen deskarga dezakezue. Gozatu abestiaz eta eman euskara elkarri!





2012/11/28

Bitxi ugari egin ditugu ikastaroan

iritzia: 
 

Bitxigintza ikastaroko bi saioak burututa, jendea eskuak bitxiz beteta joan da etxera. Lehenengo saioan, eraztuna, belarritakoak  eta lepokoa egin genituen. Bigarren saioan, berriz, mugikorrentzako zintzilikarioa, koloretako bolatxodun lepokoa eta beste eraztun bat. Larraitz Sukia ataundarra izan genuen irakasle eta berak azaldu zizkigun gauza bakoitza egiteko eman beharreko pausoak. Hona hemen emaitza:



Bejondeizuela, apaingarri ederrak egin dituzue-eta! Larraitz Sukiari ere gure esker ona irakatsitakoagatik eta hurrengora arte!

Argazki gehiago.

'Euskaraz bizi nahi dugu' manifestazioa izango da larunbatean Donostian

iritzia: 
Larunbatean, abenduak 1, Donostian manifestazioa egingo da euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko. 17:00etan aterako da manifestazioa Anoeta estadioaren paretik, 'Euskaraz bizi nahi dugu' lelopean. Manifestazioa honen bultzatzaileak Kontseilua, Euskal Herrian Euskaraz, Ikastolen elkartea eta AEK dira.

Azpiko bideoan duzue ekimenaren manifestua.


Autobusak ere antolatu dira manifestaziora joateko. Hemen duzue horren inguruko informazioa.

Atxikimendua eman nahi baduzue, berriz, hemen duzue aukera.

Larunbatean denok Donostiara! Gu joango gara eta zu?

2012/11/27

Korrika 18ren Goierriko aurkezpena egin dugu gaur Ordiziako euskaltegian

iritzia: 
Korrika 18ren Goierriko aurkezpena egin dugu gaur goizean Ordiziako Goiztiri AEK euskaltegian. Prentsaurrekoan izan dira Korrikaren Goierriko koordinatzailea den Axular Barandiaran; Goiztiri AEK, Maizpide eta Beasaingo Udal euskaltegiko ikasle eta irakasleak eta Ordiziako hezkuntzako ordezkariak. 


Barandiaranek Korrika 18ren inguruko xehetasunak azaldu ditu goizeko agerraldian. Korrikaren 18. edizio honetako leloa 'Eman euskara elkarri' dela azaldu du eta omenduak euskara ikasleak izango direla. Edizio honetako abestia, berriz, Andoainen aurkeztuko dute ostiralean, 11:30ean.

Horretaz gain, Korrikak Goierrin egingo duen ibilbidea ere zehaztu du. Andoaindik abiatuko da martxoaren 14an eta Goierritik egun berean pasako da, gauez. Legorreta, Itsasondo, Arama, Ordizia, Zaldibia, Lazkao, Olaberria, Idiazabal, Beasain, Ormaiztegi, Mutiloa, Zerain, Segura eta Zegama zeharkatuko ditu. Korrikaren amaiera, berriz, Baionan izango da martxoaren 24an.

Korrikaren parte izateko modu asko daudela azpimarratu du Goierriko koordinatzaileak, baina batez ere bi nabarmendu nahi izan ditu gaurkoan: Korrika laguntzaile izatea eta herrietan sortuko diren Korrika batzordeetan parte hartzea.Gonbita luzatu nahi diegu, beraz, goierritarrei euren laguntza eskaintzeko era batean edo bestean.

Azpiko bideoetan jasota duzue gaurko prentsaurrekoaren nondik norakoa.  Bertako informazioa jaso ondoren, izan zaitez zu ere Korrikaren partaide!



2012/11/26

Elkarretaratzeak egin dira Beasainen eta Ordizian euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko

iritzia: 
Beasainen 30 bat lagun eta Ordizian 20 bat lagun elkartu ginen larunbatean
'Euskaraz bizi gaitezen aska ditzagun kateak' lelopean. Elkarretaratze honen bidez, Donostian abenduaren 1ean egingo den 'Euskaraz bizi nahi dugu' manifestaziora joateko deia luzatu nahi diegu goierritarrei. Euskal Herrian Euskaraz, Kontseilua, Ikastolen Elkartea eta AEK dira manifestazio honen bultzatzaileak.

 
 
Bestalde, gogorarazi nahi dugu 'Euskaraz bizi nahi dut' banderatxoak
salgai ditugula hiru euroan Goiztiri AEKren euskaltegietan (Ordizian Nafarroa Beherea 1 kalean eta Beasainen Urbialde 7, behean).

2012/11/23

'Euskaraz bizi nahi dugu' elkarretaratzeak izango dira bihar Goierrin

iritzia: 


Bi elkarretaratze izango dira bihar Goierrin euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Elkarretaratzeak eguerdiko hamabietan izango dira Ordiziako plaza nagusian eta Beasaingo Zubimuzu plazan. Goierritar oro gonbidatua dago elkarretaratzean parte hartzera. Hurbildu, beraz, bihar Ordiziara edo Beasainera!



Bestalde, 'Euskaraz bizi nahi dut' banderatxoak ere salgai ditugu hiru eurotan Ordiziako (Nafarroa Beherea,1) eta Beasaingo (Urbieta 7, behea) euskaltegietan.

2012/11/21

Ormaiztegiko ikasleak Mendi Asteko hitzaldian izan dira

iritzia: 
Ormaiztegiko taldea bertako Mendi Astearen hitzaldietako batean izan zen aurreko astean. Irakurri ikasleek horri buruz kontatutakoa:

Mendi astea Ormaiztegin


Lehengo ostegunean Ormaiztegiko ikasleak hitzaldi batera joan ginen. Hitzaldiaren gaia: Groenlandian zeharkaldia. Alfonso izan zen hizlaria. Alfonso Kataluniakoa da eta espedizioko kide bat da beste bost lagunen artean.


Espedizioa Cabo Taney-tik Siorapaluk-era joan zen (Groenlandia) eta 180 kilometro egin zituzten. Zeharkaldi hau egitea 15 egun kostatu zitzaien.


Hotz handia egiten zuen han, -5 eta -25 graduko tenperaturen artean ibili ziren. Paisaia berdina zen denbora guztian, dena zuria zen eta zuhaitzik gabe. Leku arriskutsua da hartz zuriak daudelako.


Espediziokoek asko jaten zuten energia asko galtzen zutelako (egunean 4.000 – 7.000 kaloria). Horregatik, koipe asko jaten zuten.


Esperientzia hau oso interesgarria izan da espedizioko kideentzat.

2012/11/20

Korrika 18ren Goierriko aurkezpena egingo dugu datorren asteartean

iritzia: 



Korrika 18ren aurkezpen nagusia eginda, Goierrikoa izango dugu datorren asteartean Ordiziako euskaltegiko ekitaldi aretoan, 11:30ean. Bertan, Korrikak Goierrin egingo duen ibilbidearen berri emango dugu. Horretaz gain, leloa, omenduak, eta beste zenbait kontu ere jakinaraziko dira.




Prentsaurrekoan izango dira Korrikaren Goierriko arduraduna den Axular Barandiaran; Goiztiri AEK, Maizpide eta Beasaingo Udal Euskaltegiko hainbat ikasle eta irakasle eta Goierriko hezkuntza arloko ordezkariak.



Ikusi Korrika 18ren aurkezpen orokorreko bideoa

2012/11/16

Triki-bertso poteoa eta kontzertuak izango dira bihar Beasainen

iritzia: 


Abenduaren 1ean 'Euskaraz bizi nahi dugu' lelopean Donostian egingo den manifestazioa bideratzen ari dira Euskal Herrian Euskaraz, Euskararen GIzarte Erakundeen Kontseilua, Ikastolen Elkartea eta AEK. Ekitaldi hori girotu eta indartzeko asmoz, bihar ere hainbat ekitaldi izango dira Beasainen, euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Hauxe izango da biharko egitaraua:

19:00etan. Triki-bertso poteoa, plazatik abiatuta.
21:00etan. Afaria, Gernika pasealekuko pilotalekuan. Ogitartekoak izango dira 3, 4 edo 5 euroren truke. Edariak ere izango dira bertan salgai.
23:00etan. Kontzertuak:  Bolkete eta Sutan. Gernika pasealekuko pilotalekuan.

Ekimen hau Goierriko Euskal Herrian Euskarazek antolatu du. Euskaraz bizi nahi duen edonori luzatu nahi diogu ekintza hauetan parte hartzeko gonbita. Animatu!
 


2012/11/13

Legorretako Zestus Agirrebeñak eskuratu du urriko lehiaketako saria

iritzia: 
Ikasturte hasierako Korrikako kirol-jertsea Legorretan bizi den Zestus Agirrebeña soraluzearrari egokitu zaio. Urriko lehiaketako saria erakutsiz argazkia atera du Agirrebeñak, eta azpiko argazkian ageri da jertse grisa soinean duela, dotore asko! Zorionak, Zestus!


Gogoratu azaroko lehiaketa ere martxan dugula eta Goierriko Euskal Liburu eta Disko Azoketako batean gastatzeko 50 euroko bonua irabaz dezakezuela. Animatu eta parte hartu, beraz!

2012/11/12

BItxigintza ikastaroan izena-emateko epea zabalik da

iritzia: 
 

Iazko ildotik jarraituz, aurten ere bitxigintza ikastaroa antolatu dugu azaroaren 19an eta 26an, 09:30etik 11:30era. Alanbrearen antzeko materiala erabiliz, Larraitz Sukia ataundarrak eraztunak eta belarritakoak egiten irakatsiko digu Ordiziako euskaltegian bilduko garenoi. Bi orduko bi saio izango dira eta parte hartzaile bakoitzak 6 euro ordaindu beharko ditu. 



Ikastaroa egiteko interesa duenak ostegunera arteko epea du izena emateko. Horretarako Beasaingo (Urbialde 7, behea) edota Ordiziako (Nafarroa Beherea, 1) euskaltegietara gertura daiteke. Bestela, berriz, e-posta bidali beasain@aek.org edota ordizia@aek.org helbideetara edo 943 88 93 40 edota 943 88 91 74 telefono zenbakietara deitu.

Animatu ikastarora! Baietz arrakasta izan zure kabuz egindako bitxiekin!

2012/11/08

Hilabete honetako galdera

iritzia: 
Hilabete honetako galdera: Zein izango da Kontseiluak abenduaren 1ean Donostian egingo duen manifestazioaren leloa?
 
Saria: Abenduaren 14tik 16ra Goierrin egingo diren bost  Euskal Liburu eta Disko Azoketako batean (Ataunen, Ordizian, Beasainen, Seguran eta Lazkaon) gastatzeko 50 euroko bonua.
Azken eguna:  azaroak 30.
Bidali zure erantzuna gure helbidera: goierri@aek.org. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.

2012/11/05

Euskarazko Doodle-a ikusi nahi al duzu Euskararen Egunean?

iritzia: 
Abenduaren 3an ospatu ohi dugu Euskararen Nazioarteko Eguna eta Eusko Ikaskuntzak erronka polita jarri du martxan: Euskal Doodle-a. Doodle-a Google-n logotipoa da eta abenduaren 3an euskarari erreferentzia eginez azpiko irudian agertzen den moldaketa erakustea da asmoa. Hartara, mundu osoan izango luke presentzia gure hizkuntzak, egun horretan behintzat.Gainera, logotipoaren gainen klikatuz gero,euskarari buruzko informaziora bideratuko luke erabiltzailea.




Google-k eskari hau aintzat har dezan sinadura bilketa egiten ari dira eta dagoeneko sei mila sinaduratik gora bildu dituzte. Hementxe duzue sinatzeko aukera. Parte hartzen dutenen artean HABEko agendak eta egutegiak zozketatuko dituzte. Sinatu, beraz!