2016/02/29

Euskararen Donostia Binakako lasterketa martxoaren 20an



Martxoaren 20rako binakako lasterketa antolatu du Donostiako AEK-k.

Hiru kategoria egongo dira: neska-neska, mutil-mutil eta neska-mutil. Kategoria bakoitzeko lehenengo hiru bikoteentzat garaikurrak egongo dira eta lehen bikoteek -modalitate bakoitzean- sagardotegi-menuak irabaziko dituzte Gartziategi sagardotegian.

Nahiz eta lehenengo postuetan geratu ez, parte- hartzaile guztiek opari bana jasoko dute. Era berean, guztiek jasoko dute lasterketarako elastikoa, Forum Sporten eskutik eta hamaiketakoa, Super Amarak eta Gartziategi sagardotegiaren eskutik.

Izen-emateak: http://herrikrosa.eus/

Datu gehiago:

Ordua: 10:00etan
Irteera eta helmuga: Boulevardean, Bretxa parean.
Luzera: 6,00km
Prezioa: 20€ aldez aurretik.
Sari-banaketa Bretxan izango da. Dutxak Kontxan.

Animatu eta egin korrika euskararen alde!

2016/02/25

Karikaturak egiten


Karikatura tailerra egin genuen asteartean Ordiziako euskaltegian eta nahiko marrazkilari trebeak direla erakutsi zuten euskaltegiko ikasleek. Euskaltegiko 21 ikasle, 3 irakasle eta bi herritar gaztetxo bildu ginen Alex Herranzen gidaritzapean karikaturak egiten ikasteko. 



Emaitzak argazkitan ikusteko gehixeago itxaron beharko duzue. Jakin-mina piztu al dizuegu?

2016/02/22

Eskuratu Errigoraren olioa!




Eskutik eskura kanpaina bertako produktuak gure eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da, gure kontsumo eredua aldatzeko gonbita. Kontsumitzaile arduratsuak herriz herri elkartzeko saiakera: gutako bakoitzari on egin dagion eta, denon artean, gure inguru hurbilari on egin diezaiogun.



Orain, Nafarroa hegoaldeko oliba olioa eskura dezakezu: 5 litro oliba olio ekologiko 32 euroan eta konbentzionala (5 litro) 22,5 euroan.


Eskaria egiteko epea martxoaren 2an bukatuko da eta gure euskaltegietan eska dezakezu. Informazio gehiago Errigoraren webgunean.


Nafar hegoaldeko uzta, eskutik eskura!

2016/02/17

Karikatura tailerra egingo dugu datorren asteartean

Karikaturak egiten ikasi nahi al duzu? Datorren asteartean egingo dugun tailerrean izango duzu aukera. Alex Herranz izango dugu irakasle eta berak irakatsiko digu marrazkia nola egin. Parte-hartzaile bakoitzak karikatura bat egingo du tailerrean. 



Tailerra hilaren 23ean izango da Ordiziako euskaltegian, 18:00etatik 20:00etara. Parte hartzeko interesa baduzu, eman izena Goiztiri AEKn.

Animatu!

2016/02/16

Urtarrileko lehiaketaren irabazleak

Urtarrileko lehiaketan Ordiziako inauterietako pertsonaia zein den galdetu genuen eta Zozomikote dela asmatu zutenen artean zozketatu genuen saria. Ordiziako euskaltegiko B1 taldeak, iluntzekoak, lortu du saria. Bejondeizuela eta gozatu Markel Ormazabalen liburuaz, Ruperren diskoaz eta Zozomikoteren ipuin-liburuaz!


Gogoratu otsaileko lehiaketa ere martxan dela. Parte hartu!