2012/06/22

Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sariak banatu ditugu


XXI. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sari banaketa egin genuen atzo, Ordiziako Barrena jauregian.  Lehenik eta behin, mintzalagunen ikasturte amaierako festa izan zen bertan, eta Xebe Diez aktoreak antzerki umoretsua eskaini zuen.


Jarraian, txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sari banaketa egin genuen. Legorretako ikaslea den Maruja Redondok tableta eskuratu zuen azpiko bideoan kontatzen duen 'Kulero beltzak' txisteari esker.


Aitor Calvillo Goiztiri AEK-ko kidea izan zen beste sarituetako bat. 'Corte inglesean' izeneko txisteagatik egonaldia lortu zuen Zeraingo Oiharten.



Hirugarren irabazleak Beasaingo iluntzeko taldeko ikasleak izan ziren. Hauek Urbitarte sagardotegian bost lagunentzako afaria dute zain. Azpiko bideoan ageri da taldeko ikaslea den Carlos Redondo txistea kontatzen.








Zorionak irabazleei eta mila esker parte hartu duzuen guztiei! Hurrengo urtean ere zuen txiste eta pasadizoen zain izango gara!

2012/06/21

Inaugurazioko irudiak

Hementxe dituzue joan den astean Ordiziako euskaltegi berriaren inaugurazioan grabatutako irudiak. Irudi hauetan Karmele Santoyo Goiztiri AEK-ko zuzendaritzako kidea eta Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusia ageri dira hizketan. Igor Eguren Ordiziako alkatea ere irudietan ikusiko duzue bertsotan.






Errimekin eta hitzekin jolasean jardun dute Beasainen

Jendea gustura atera zen asteartean Beasaingo Igartza jauregian egindako hitz-tailerretik. 21 lagun bildu ziren tailerrean eta gustura aritu ziren hizkuntzarekin jolasean. Amaia Agirrek 'saio polita' prestatu zuen bertan bildu zirenen iritziz. 



Eztarriak berotu zituzten kantuan eta errimekin jolasean aritu ziren taldeka, nor baino nor. Bertsoaren metrika ere azaldu zien, noski, eta ondoren 'Afrikako haurrak' gaitzat hartuta, bertsoak osatu zituzten errimak emanda. 

Horretaz gain, Agirrek argi utzi zuen bertsolaritza ez dela 'tranpa' , bertsoak taula gainean sortzen direla, ez direla etxetik prestatu ekartzen. 


Konturatzerako pasa omen zitzaien denbora; hasterako bukatu zela sentitu zuten, bi orduko saioa izanda ere. Beste saio bat egiteko gogoz geratu omen ziren eta ziur asko izango da beste tailerren bat datorren ikasturtean ere.


2012/06/20

Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sari banaketa izango da bihar


XXI. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa izan da aurtengoa eta bihar jakinaraziko dugu zein izan diren hiru irabazleak, eta bakoitzari egokitu zaion saria emango diogu. 

Ekitaldi honetarako Ordiziako Hitzaro Euskara Elkarteak antolatutako ekintzarekin bat egin dugu. Hori dela-eta, lehendabizi, ohitura duten moduan, bertako mintzalagunek ikasturte amaierako festa egingo dute Barrenan, 18:00etan. Antzerkitxoa eskainiko dute eurek. Jarraian, 19:00ak aldera, lehiaketako sari banaketa izango dugu. Amaitzeko, oturuntza izango da.

Herritar denak gonbidatuta zaudete biharko ekitaldira. Etorri eta ezagutu irabazleen txiste eta pasadizoak!

2012/06/18

Giro ederra sortu da urteurreneko afarian

 

Ostegunean lokal berria inauguratu, eta ostiralean 25.urteurrena ospatzeko afaria izan genuen Ordiziako Tximista sagardotegian. Arratsaldeko zazpi eta erdiak aldera elkartu ginen Behe Nafarroa kaleko euskaltegi berrian, eta bezperan lokala ikustera gerturatu ez zirenek gure txoko berria ezagutzeko aprobetxatu zuten. 


Ondoren, Ander Matxain eta Mikel Urdangarin trikitilarien laguntzaz euskaltegitik tabernetara joan ginen, poteoan aritzeko. Handik Tximista sagardotegira joan ginen afaltzera. Afaltzeko entsalada eta oilaskoa izan genuen, eta postrean hainbat pastel dastatzeko aukera izan zen.


Giro ederra sortu zen afarian. Trikitilariek giroa alaitzea lortu zuten, eta batzuk jo eta su dantzan aritu ziren kupel ondoan eta mahaien inguruan. 25.urteurreneko ospakizunak afari honekin amaitu genituen, batzuk gaua luzatzea erabaki zuten arren.