2020/03/13

Euskaltegiak itxita gaurtik aurrera

Koronabirusa dela eta, aurrez aurreko irakaskuntza eten dugu (eskolak, mintza-saioak, tutoretzak...) eta Beasaingo eta Ordiziako euskaltegietako ateak itxi ditugu. Gure ikasleekin jarduera didaktikoa mantentzen saiatuko gara urrunetik, teknologiak ematen dizkigun aukerak baliatuta. 

Eskerrik asko eta laster arte

2020/03/12

Elkarrizketa Kukumiku telebistan


Borrokalariak taldeko ikasleak Ordiziako Urdaneta ikastetxeko KukuMiku telebistan elkarrizketatu zituzten, blogean kontatu genuen bezala, eta bideoa ere ikusgai dago jadanik. Gozatu!

2020/03/11

Emakumeen istorioak


Astelehenean Ordiziako D'Elikatuz interpretazio zentroan izan ginen Munduko emakumeak izeneko ipuin kontaketa musikatuaz gozatzen Ameli ipuinen jostunaren eskutik. Bost ipuin kontatu zizkiguten, munduko hainbat tokitan emakumeei gertatuak. Hainbat gai landu zituzten kontakizunen bitartez: generoa, bakardadea, elkarlaguntza, familia, gerra, heriotza, tradizioa, kultura aniztasuna, emakumeen boterea, ausardia...Abestiak ere tartekatu zituzten, hainbat hizkuntzatan. Aho-zabalik geratu ginen han bildutako guztiak eta zer pentsatu eman ziguten.

2020/03/10

Euskaltegitik kanpo ere euskaraz gozatzen


Beasaingo Bareak eta Besteak taldekoek afaria egin zuten joan den astean. Eskolaz kanpo euskaraz gozatzen eta bizitzen jarraitzeko aukera paregabea izan zuten beraz, giro onean. Bejondeizuela!

2020/03/09

Martxoko lehiaketa: 2.pista

 
2.pista
 
Berritasuna izatetik, jende askoren eguneroko momentu kutunetako bat betetzera pasa naiz.

  • Arauak: astero pista bat emango dugu, hiru guztira. Taldearen erantzuna irakasleari jakinaraziko diozue, emailez bidali herritarren kasuan, baina ez dugu esango zuzena den ala ez. Hurrengo pistarekin erantzuna mantendu edo alda dezakezue. 1.pistarekin asmatzen baduzue, 3 puntu lortuko dituzue; 2.pistarekin asmatuz gero, 2 puntu; eta 3.enarekin asmatuta, puntu 1. Amaieran,laugarren astean, erantzuna jakinaraziko da blogean eta baita saria ere. Puntu gehien lortu dutenen artean zozkatuko da hilabeteko saria.
  • Erantzuna: 
    • Ikasleak: erantzuna irakasleari jakinarazi eta berak jasoko du. 
    • Herritarrak: erantzuna emailez bidali goierri@aek.eus helbidera. Izen-abizenak eta telefonoa jarri. 
 Lehiaketaren laguntzaileak:
 beasain udala bilaketarekin bat datozen irudiak