2019/01/16

Izan Korrika laguntzaile!

Beste Korrika baten atarian gaude. Berriro ere, zure laguntzari esker Euskal Herriko bazter guztietara zabalduko dugu euskararen aldeko mezua. Aurreko edizioa amaitu zenetik, urratsak egin ditugu, bai eta konpromisoak hartu ere, eta, euskaraz bizitzeko hautua eginda, euskaltegira hurbildu gara. Tamalez, bide luzea dugu aurretik, eta administrazioei dagokienez, esan behar dugu euskaltegi eta gau-eskolei bideratzen dizkieten baliabideak ez direla nahikoak oraindik ere.

Gauzak horrela, KORRIKAren helburu garrantzitsuenetako bat da euskalduntze-alfabetatzerako bitartekoak eskuratzea eta euskaltegien zein gau-eskolen lana sustatzea. 21. KORRIKAk jasotzen duen dirua, beraz, Euskal Herri osoko gau-eskolei eta euskaltegiei laguntzeko erabili nahi dugu.


AEKren ekimenari esker, eta milaka lagunen laguntzari esker, Korrika den bezalakoa izatea lortu dugu, eta bide horretan jarraituko dugu. Korrika laguntzaileak KORRIKAren zutabe nagusietako bat dira
Aurten ere laguntza bera eskatzera gatoz, hau da, 21. Korrikaren Korrika laguntzailea izan zaitezen nahi dugu. 12 euroren truke jasoko duzu edizio honetako pina, txartela eta hori erabiltzeko deskontuen katalogoa. Eta, batik bat, 12 euro emanez, Korrika laguntzailea izango zara. Horretaz gain, hilabete bakoitzeko zozketan sariren bat irabazi ahalko duzu. Guztiaren berri jakiteko buletina ere jasoko duzu.

Oraindik Korrika laguntzailea ez bazara, AEKren euskaltegietan eska ditzakezu pina, txartela eta katalogoa. Internet bidez ere egin dezakezu zure eskaria (galdetegia gaztelaniaz dago. Barkatu eragozpenak!) eta etxean jasoko duzu.

Izan zaitez KORRIKA laguntzaile eta gozatu bideaz!

2019/01/15

Korrikaren materiala Beasainen salgai

21. Korrikaren materiala salgai daukagu Goierrin, Beasaingo Herri dendan (San Inazio kalea 2, udaletxetik gertu). Askotariko produktuak aurkituko dituzue bertan, haur, gazte, zein helduentzat: kamisetak, izerditakoak, kamiseta teknikoak, biserak, lepokoak, giltzatakoak, libretak...


Denda ostiraletan 17:00etatik 19:30era egoten da zabalik eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.

Ikusi katalogoa.

2019/01/10

Korrika arduradunei elkarrizketa


21. Korrikaren Goierriko arduradunak ditugu Andoni Mikelarena eta Leire Barandiaran beasaindarrak. Elkarrizketa egin diete biei Goierriko Hitza egunkarian eta argi geratu da lanerako ilusioz eta gogotsu daudela. Irakurri elkarrizketa HEMEN.

2019/01/09

Apirilaren 13an iritsiko da Korrika Goierrira


Korrika badator! Apirilaren 4tik 14ra egingo du Gares eta Gasteiz arteko bidea AEKren euskararen aldeko lasterketa erraldoiak. Goierrira, berriz, apirilaren 13an iritsiko da 21. Korrika

Korrikak 58 kilometro egingo ditu guztira Goierrin. Legorretatik sartu eta Zumarraga aldetik aterako da Korrika. Hauxe izango da ibilbidea eta ordutegia:

  • Legorreta - 06:03
  • Itsasondo - 06.16
  • Ordizia - 06:29
  • Beasain - 06:42
  • Lazkao - 07:01
  • Olaberria - 07:19
  • Idiazabal - 07:54
  • Segura - 08:20
  • Zerain - 08:42
  • Mutiloa - 09:01
  • Ormaiztegi - 09:27
Ibilbide osoa hemen duzue jasota.


21. Korrika Goierrira iritsi aurretik hainbat kontu izango ditugu, ordea, eskualdean. Guztiaren berri emateko aurkezpena egingo dugu datorren asteartean, hilak 15, Beasaingo Igartza jauregian, 19.00etan. Joateko asmoa baduzu, eman izena hemen.
Etorri eta egin klika!

2019/01/08

21. Korrikaren ibilbidearen aurkezpena



21. Korrika zure herritik pasatuko den jakin nahi al duzu? Bada, azti ibili bihar, hilak 9, orduan jakinaraziko baita ibilbidea www.korrika.eus gunean.