2016/10/10

'Praktikatu eta bizi' jardunaldia azaroaren 4an izango da Bilbon




Azaroaren 4an burutuko da, Bilboko Ondare aretoan, Praktikatu eta Bizi jardunaldiaren III. edizioa, AEKren Praktikatu zerbitzuak antolatuta.

Praktikatu eta Bizi jardunaldiaren aurreko edizioetan motibazioaren gaiari heldu izan diogu; 2014an, mintzapraktika egitasmoetako parte-hartzaileen motibazioaz eta jorratu beharreko diskurtsoaz aritu ginen. 2015ean, aldiz, motibazioak plangintzetan jokatu beharreko paperari erreparatu genion.

Aurtengo jardunaldian eragiteko errezetak topatzen saiatuko gara, hizlarien laguntzaz eta psikologiaren ikuspegitik. Horretarako, eremu bi alderatuko ditugu: batetik, entzungo dugu zelan ulertu, jokatu eta aritu behar dugun gune urbano nagusiki erdaldunetan; bestetik, jakingo dugu nolako garrantzia duen norberaren hizkuntz jokaerak arnasgune deritzegunetan, bai eta praktika onak ezagutu ere. Lehen-lehenik, baina, ahaleginduko gara antzematen, eta partekatzen, zer den akuilu norberaren motibazioan.



Jardunaldian, zenbait adituren ekarpenak aditzeaz gain, erronka handi honen gaineko gogoeta egingo dugu, denon esperientzia/proiektuen berri emateaz batera. Berebiziko aukera izango dugu, hortaz, hitz egin dezagun mintzapraktika egitasmoen egoeraz, bidelagun zein bidelarien aktibazioaz eta, jakina, programa hauen etorkizunaz.

Egitaraua
09:30 Harrera eta ongi etorria
10:00 Eduardo Apodaka: Praktiken altzoan.
10:30 Gemma Sanginés eta Mikel Urdangarin: Mintzapraktika programak euskahalduntzerako bidean.
11:30: Atsedena. Kafea
12:00 Amaia Agirre: Coachinga mintzapraktika taldeetan.
12:30 Mahai-ingurua hizlariekin.
13:30 Agurra

Mintzapraktika egitasmoak sustatzen dabiltzan lagunei zuzendua dago jardunaldia: dinamizatzaileak, euskara teknikariak, euskara elkarteetako kideak, euskaltegietako irakasleak eta abar.

Izen ematea doakoa da, baina MATRIKULA-ORRIA bete beharra dago. Leku-kopurua mugatua denez, izen-emate dataren arabera gordeko da lekua. Izena emateko azken eguna urriaren 31 izango da. Eman izena lehenbailehen!

Informazio gehiago hemen.

2016/10/06

Taldeen eskaintza


Ikasturte berria martxan da eta azpiko dokumentuan agertzen diren hauek dira une honetan ditugun taldeak. Klaseak hasi berri direnez, taldeetan txertatzeko aukera dago oraindik baina hilaren 21a baino lehen matrikulatu beharko da.  Kendu zama gainetik eta ikasi euskara!


Animatu!

2016/10/05

Urriko lehiaketa



Hilabete honetako galdera: Zein izan da 2016/2017ko kanpainarako Goiztiri AEK euskaltegikook erabili dugun leloa, spotean islatzen dena? 

Saria: Mozkorra parregarri opera komikoa, lehenengo euskal opera, ikusteko bi sarrera. Ekitaldia azaroaren 12an izango da, 19:30ean, Beasaingo Usurbe antzokian.



Parte hartzeko azken eguna: urriak 31.

Bidali zure erantzuna:

  • E-posta: goierri@aek.eus
  • Whatsapp mezua: 607 635 687

Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez.



Lehiaketaren laguntzaileak:

2016/10/04

Hasi dugu ikasturtea!


Ikasturte berria, 2016/2017, martxan da jada! Atzo hasi ziren euskara klaseak AEKren Ordizia eta Beasaingo euskaltegietan.



Euskara modu afektibo eta efektiboan ikasiko dute ikasleek eta gure kultur ekintzekin ere gozatuko dute. Euskaraz bizitzeko abentura honetan kide izango gara guztiok hemendik aurrera! 

Ongi etorri guztioi Goiztiri AEKren familia honetara!

2016/10/03

AEKren aplikazioa



AEK, euskara praktikoa AEK-ren aplikazioa da. Bertan, oinarrizko elkarrizketetan moldatzeko hitzak nahiz esamoldeak aurkituko dituzu. Aurtengo berrikuntzetako bat da hiztegiarekin aritzeko jarri dugun jolasa. Era berean, hurbilen duzun euskaltegiari buruzko informazioa eskura dezakezu; nahi izanez gero, bertara idatzi eta AEK-ren euskaltegietako eskaintzaren nondik norakoak ezagutuko dituzu.