2015/03/03

Errigoraren olioa salgai izango da Beasainen



Errigoraren oliba olioa salduko dute Beasaingo Herri dendan (San Inazio kalean, udaletxetik gora) martxoaren 20tik aurrera. Ostiraletan 17:00etatik 19:30era egoten da denda zabalik eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.

Bi motako olioak daude: konbentzionala eta ekologikoa. Oliba olio birjina estra konbentzionalak 20 euro balio ditu eta oliba olio birjina estra ekologikoak 28 euro. Bertako produktuak dira, Nafarroa hegoaldekoak, eta ekoizlearen jatorrizko prezioan saltzen dira.




Nafar Hegoaldeko uzta eskutik eskura!

Korrikaren argazkiz osatutako erakusketa martxan da Beasainen



19.Korrika martxoaren 19an abiatuko da Urepeletik eta herriz herri ibiliko da martxoaren 29an Bilbora iritsi arte. Lekukoa eskutik eskura pasatuko da, euskahaldunen artean. Urte hauetan guztietan jende askok eraman du Korrikaren lekukoa eta argazkietan jasota geratu dira. Argazki horiek hartu eta erakusketa jarri dugu Beasaingo Usurbe aretoan. Erakusketa martxoaren 8ra arte egongo da zabalik, 19:00etatik 21:00etara, eta 8.ediziotik 14.era arteko argazkiak topatuko dituzue bertan. 





Gerturatu eta ikusi erakusketa! Ahal baduzue, amaieran utzi zuen mezua lekukoaren barruan!



2015/03/02

Trikiti-txotxa



Goiztiri AEKren ikasle eta irakasleok urtero egiten dugu Ataungo Urbitarte sagardotegira irteera Hitzaro euskara elkarteko bazkide eta Ordiziako Mintzalagunekin batera. Joan den ostiralean, otsailak 28, egin genuen irteera eta ederki pasa genuen. 


Bapo afaldu eta edateaz gain, trikitiaren konpainian aritu ginen kantuan. Beste batzuetan baino dantza gutxiago egin genuen baina euskaraz solasean aritu ginen, umoretsu eta giro ederrean. 


Datorren urtean berriz!


Aste honetako Korrika Batzordeak


Hauxek dira herrietako batzordeen aste honetako hitzorduak:
  • Lazkao: martxoaren 2an, 18:00etan, udaletxean.
  • Segura: martxoaren 2an, 18:30ean, kultur etxean. 
  • Beasain: martxoaren 3an, 18:00etan, udaletxeko areto txikian (batzar nagusiaren ondoan).
  • Zegama: martxoaren 3an, 19:00etan, kultur etxean.
  • Ataun: martxoaren 4an, 18:00etan, udaletxean.
  • Ormaiztegi: martxoaren 4an, 18:30ean, udaletxean. 
  • Ordizia: martxoaren 5ean, 18:30ean, Barrenako biltzar aretoan. 
  • Idiazabal: martxoaren 6an, 17:30ean, udaletxean.


Animatu eta parte hartu!

Ane Arrieta segurarrak eskuratu du Korrikaren kamiseta

 

Urtarrileko lehiaketan Korrika 19ren kamiseta zozketatu genuen honako galdera hau zuzen erantzun zutenen artean: zer hiru lehiaketa jarri ditu martxan Korrika Kulturalak? Parte hartzaile guztiok zuzen erantzun zenuten galdera eta hauexek dira hiru lehiaketak: bideo lehiaketa, abesti bertsioa eta bideo-kopla lehiaketa.

Ohitura duzun bezala, euskaltegiko taldeetako batek zozketako potean eskua sartu eta irabazlea atera zuen: Ane Arrieta segurarra. Bejondeizula eta gozatu sariaz, Ane!