2014/05/08

D'elikatuzen izan gara gaur goizean


Ordiziako goizeko A1 eta EGAko taldekoak D'elikatuz Interpretazio Zentroan izan gara gaur goizean. Lehenik eta behin, sarrerako solairuan bildu gara eta Ordiziako hiribilduari  eta Interpretazio Zentroaren sorrerari buruzkoak kontatu dizkigu Gemak. 


Jarraian, hirugarren pisura igo eta bertan Ordiziako azokari buruzko ikus-entzunezkoa ikusi dugu eta Idiazabalgo gaztaren ingurukoen berri ere izan dugu: jatorri izendapena, nola egiten den gazta... 


Ondoren, bigarren pisuan elikadurak gizakientzat duen garrantziaz jabetu gara eta elikadura piramidea ere ezagutu dugu, elikagai mota bakoitza zer maiztasunez jan behar den jakiteko.Pisatu ere egin gara eta bakoitzak egunean jan beharreko kaloria kopurua ere kalkulatu digu bertako makinak.

Azkenik, Goierriko turismoari buruzko bideoa ikusi dugu eta baita bertako ezaugarri diren hainbat elementu ikusi ere.

Bisita interesgarria izan da, benetan. Berriz ere itzuliko gara ziur asko, gehiago ikastera!

2014/05/07

Euskara batua vs. euskalkiak

 

Euskara batuak eta euskalkiak nola uztar daitezkeen aztertuko dute gaurko 'Tribuaren berbak' saioan. Euskalkien sorreraz, beste hizkuntzetan gai honen inguruan dauden iritziez, eta euskara batuaren sorreraz arituko dira saioan. Horretaz gain, Ordizia aldean ibili dira herritarrei hitzen inguruan galdezka, eurenak ez diren euskalkiei buruz zer dakiten jakiteko. Gaur gauean duzue ikusteko aukera, ETB1en, 22:15ean. 


               
               

2014/05/06

Ezetz esanahia asmatu!

 


EGAko goizeko taldekoek zenbait lokuzio aukeratu dituzte Mantxut izeneko webgunetik. Testuinguruan kokatu dituzte, euren esanahia asmatu ahal izateko. Ea lortzen duzuen!

1. Tabernan nengoen lagunekin eta dantzan hasi nintzenean itzalik gabe geratu nintzen.

2. Kotxea kolpatu zidan. Hori da alukia!

3. Ordaintzera nindoala, dirurik gabe nengoela konturatu nintzen.: uhaingi!

4. Zerbitzariari: garagardoa bazin bazun baso bitzen, mesedez.

5. Kotxean zilipituan iritsi nintzen Donostiara.

6. Hainbeste ikasi dut azterketetarako ezen izugarrizko fritomasa dudan!

7. - Hawaiko Ironmana egingo dut.
    -  Astoaren polainak!

8. Gaua iluna zen arren, Koldo eta biok izarrak zenbatzen aritu ginen. 

9. Londresen abokatu lanetan ari denetik ur handiko arraina bihurtu da.

10. Hainbeste ikasi dut azterketetarako non itsosupeteku fritomasa dudan!

Zuen erantzunen zain geratuko gara eta esango dizuegu asmatu duzuen ala ez. Animo!

2014/04/30

Iritsi da eguna!


Iritsi da eguna, '.eus' domeinua onartu dute! ICANN erakundeak baiezkoa eman dio .eus domeinuari urtebeteko ebaluazio fasearen ondoren. Interneten euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen domeinu izateko aurkeztu zen proiektua duela bost urte.


Domeinuaren erabilera gizarteratu egingo da aurrerantzean eta sarean erabilgarri jarri. Hasieran, 90 aitzindarik erabili ahal izango dute domeinua sei hilabetez, modu esklusiboan. Lehen hauek ekarpen ekonomiko berezia egin beharko dute eta erreferentzialtasuna izango dute helburu. Hainbat eragilek egin ahal izango dute eskaera eta diru ekarpena bakoitzaren araberakoa izango da: norbanakoek 300 euro; euskara eta euskararen sustapenean aritzen diren erakundeek 500 euro; instituzio publikoek eta horiengandik eratorritako erakundeek, 3000 euro; eta enpresa eta hedabideek 5000 euro. Eskaera maiatzaren 30era arte egin daiteke. 

Domeinua komunitateari zabaltzeko prozesua abenduaren 3an hasiko da, Euskararen Egunarekin batera. Eskatzailea den atariak euskarazko bertsioa eduki beharko du baina ez du zertan erabat euskaraz izan. Edozein hizkuntzatako izan daiteke baina euskarazko bertsioduna, betiere. Euskal kulturari buruz aritzen diren webguneek ere .eus erabiltzeko aukera izango dute. Euskal kultura jorratu baina euskal bertsiorik ez dutenek ere izango lukete euren tartea.


Irakurri albistea Berrian.

2014/04/29

Irakurketa tailerra martxan da Beasainen

Danele Sarriugarte idazle elgoibartarrak Igartza Sariaren bidez kaleratutako 'Erraiak' liburua izango dute hizpide Beasaingo irakurketa taldean. Maiatzaren 15ean bilera egingo da idazlearekin egingo den topaketa prestatzeko eta maiatzaren 22an bilduko dira Sarriugarterekin.

Parte hartzeko asmoa dutenek Beasaingo Udaleko Euskara eta Kultura sailarekin jarri behar dute harremanetan. Horretarako, 943 02 80 63 telefono zenbakira deitu edo e-posta bidali ebpn@beasain.net posta helbidera.