2013/06/11

Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketaren sari banaketa izango dugu bihar

Mintzalagunen ikasturte amaierako festarekin bat egin eta XXII. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketaren sari banaketa egingo dugu bihar. Lehenik eta behin, Barry Barrez-en bakarrizketa izango da. Barry irlandarra da eta euskarazko bakarrizketak egiten ditu bere umore finaz. Azpian duzue bere jardunaren erakusgarri den bideoa:



Bakarrizketaren ondoren, sari banaketa egingo dugu. Lehiaketako hiru sarituek euren saria jaso eta irabazle egin dituen txistea kontatuko dute. Amaitzeko, oturuntza izango da.

Animatu eta etorri,umorerik ez zaigu faltako eta!

2013/06/10

Ordizia hobeto ezagutzeko ibilalditxoa egingo dugu bihar



Ordiziako toki nagusiak hobeto ezagutzeko parada izango dugu bihar goizean. Izan ere, ibilalditxoa egingo dugu Belen Maiza zinegotziarekin batera eta Ordiziako argazki zaharrak ikusiz, herriak izandako bilakaera ere ezagutuko dugu, Maizaren azalpenekin batera.


Euskaltegitik atera eta Fray Andres estatuaren parean egingo dugu lehen geldialdia. Jarraian, pilotaleku inguruan ibiliko gara eta plaza nagusira joko dugu. Hortik, Garagartza plazara abiatuko gara, ondoren Eskarabilla auzora eta, azkenik, geltoki inguruan amaituko dugu ibilaldia.

A zer goiz pasa interesgarria izango dugun!

2013/06/07

Beasaingo goizeko taldeak irabazi du II. Pintxo Lehiaketa

 

Eguzkiaren laguntzaz burutu genuen II. Pintxo Lehiaketa joan den asteazkenean, ekainak 5, Ordiziako plaza nagusian. Euskaltegiko bost talde elkartu ziren bertan, nor baino nor, eta arratsaldeko seiak aldera hasi ziren lanean. Talde bakoitzak bi pintxo mota ezberdin egin zituen eta bakoitzetik launa aurkeztu.

Pintxo orijinalak prestatu zituzten, bai eduki aldetik eta baita izenez ere. Hauexek izan ziren pintxoen izenak: Udaberria, Brotxeta freskoa, Tots som un pais, Udaberriko oparia, Badator San Fermin, Miloja begetala, Euskalduntxoak, Axio, Itsaskidun larrosa eta Lapiko Gozoa.


Epaimahaikoa osatu zuten hiru kideek euren epaia jakinarazi zuten pintxo guztiak dastatu ondoren. Hirugarren geratu ziren 'Miloka begetala' prestatu zutenak, bigarren 'Badator San Fermin' pintxoaren egileak eta irabazle izan ziren 'Itsaskidun larrosa' prestatu zuten Beasaingo goizeko taldeko ikasleak. 




Irabazleek euskaltegiko zenbait ikaslek eginiko oroigarria jaso zuten: domina dotorea
. 


Jan-edanean eta berriketan amaitu genuen arratsaldea, plazara inguratu ziren herritar eta umeekin batera. Ederki pasa genuen, bai horixe! Datorren urtean gehiago!


2013/06/06

Ekaineko lehiaketa

 

Hilabete honetako galdera: Zein izenburu dute Garazi Goiaren lehen nobelak eta Gozategiren lehen diskoak?


Saria: Garazi Goia segurarraren 'Txartel bat (des)herrira' liburua eta Gozategi taldearen 'All stars' diskoa.


Parte hartzeko azken eguna: ekainak 28.

Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.

2013/06/05

Skypen euskarazko bertsioa eskuragarri dago

Skype, Internetez deitzeko eta idatziz solasean aritzeko programa, deskargatu egin daiteke euskarazko bertsioan zerbitzari honetan:


Orain dela urte batzuk, Skype euskaratu zuen Aitzol Arruabarrenak Emunen laguntzarekin baina  gaur egun ez dago eskuragarri. 

Skypeko azken bertsioetarako euskaratze lana egin du Emun, Fagor eta Koniker arteko talde batek. Euskarazko paketea http://www.euskara.euskadi.net webgunean eskuragarri izateko tramitetan dabiltza.