2012/03/21

Bitxigintza ikastaroa antolatu dugu apirilerako

Eraztunak egiten ikasteko aukera izango dute Goiztiri AEK-ko ikasleek zein herritarrek apirilean. Bi orduko bi saio izango dira apirilaren 16an eta 23an Ordiziako euskaltegian. Ikastaroa egin nahi duenak izena eman beharko du martxoaren 23tik 30era bitartean. Ikastaroaren prezioa 6 eurokoa da.

2012/03/20

Napoka Iria taldearen kontzertua izango da ostiralean Beasainen

Goiztiri AEK Euskaltegikook 25.urteurrena herritarrekin ospatzen eta gozatzen jarraitu nahi dugu, eta ostiralean, martxoak 23, beste ekitaldi bat izango dugu. Napoka Iria taldearen kontzertua izango da Beasaingo Igartza jauregian, 22:30ean. Napoka Iria taldea Miren Narbaiza eibartarrak eta Ander Mujika elgoibartarrak osatutako taldea da. 2005ean sortu zuten taldea eta hainbat kontzertu eman dituzte ordutik. Pare bat maketa kaleratu ondoren, iaz aurkeztu zuten euren lehen diskoa: Lehertarazi edifizioak. Disko horretako kantuak, aurretik sortuak eta bertsioren batzuk ere joko ditu Napoka Iriak ostiraleko kontzertuan. Animatu, eta etorri Napoka Iriaren musikaz gozatzera! Taldeari buruzko informazio gehiago topatuko duzue azpiko loturetan: http://www.facebook.com/pages/NAPOKA-IRIA/339447450202 http://www.myspace.com/napokairia http://napokairia.bandcamp.com/

Postre ikastaroa izan da Ordiziako jubilatuen egoitzan

Postre ikastaroa izan zen joan den ostiralean Ordiziako jubilatuen egoitzan. Goiztiri euskaltegiko Karmele Santoyo izan zuten irakasle Ordiziako egoitzan bildutako hamabost bat lagunek. Aurtengo ikastaroan laranja moussa eta gazta tarta nola egin azaldu zuen Santoyok. Ikastaroko parte-hartzaileek zintzo-zintzo hartu zituzten oharrak, ondoren norberak bere etxean egin ahal izateko. Amaieran, prestatutakoa dastatzeko aukera izan zuten eta askari goxo-goxoa egin zuten.

Erregea eta Bufoia Seguran

Seguran joan den ostiralean egindako Erregea eta Bufoia ikuskizuneko zati labur batzuk dituzue hemen. Ikusi eta gozatu! Bideo gehiago hemen edo hemen.

2012/03/19

Ikuskizun jendetsua eta umoretsua izan da Seguran

'Erregea eta Bufoia' bertso-antzezlana izan zen joan den ostiralean Segurako Botikaxahar kulturgunean, eta ez zen algararik eta jenderik falta izan. Ander Lipus antzezleak hainbat pertsonai taularatu zituen Josu Goikoetxearen gaien arabera inprobisatuz, eta Aitor Sarriegi bertsolariak gaiei eta pertsonaien ateraldiei erantzun behar izan zien. Kulturgunean 130 bat lagun bildu ziren; guztiek ederki gozatu zuten eta gogotik egin zuten barre ikuskizunak iraun zuen bitartean. Ekitaldia Goiztiri AEK Euskaltegiak antolatu zuen Segurako Iparra-Hegoa ekimenaren barruan.
Aitor Sarriegi bertsolaria kantuan.
Josu Goikoetxea, Ander Lipus eta Aitor Sarriegi. Ander Lipus Juan Jundaren paperean. Josu Goikoetxea.