2012/02/20

Hamalaugarren aholkua euskara ikasleentzat

E-uskaltegia online zerbitzuaren hamalaugarren aholkua dugu honako hau. Bakoitza den bezalakoa dela gogorarazten digu, eta hizkuntzak ikastea ere badela geure burua ezagutzeko bidea.

2012/02/16

Bideokopla lehiaketa antolatu dute Bertsozale Elkarteak eta AEK-k

Bideokopla lehiaketa antolatu dute AEKren Mintzapraktika egitasmoak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. Lehiaketa honen helburua euskara ikasten edo praktikatzen ari direnak bertsolaritzara hurbiltzea, eta bertsolaritzak euskara praktikatzeko ematen dituen aukerak erakustea da.

Lehiaketan parte hartzeko koplak dituen bideoa sortu behar da. Taldeka hartu behar da parte, eta taldeek gutxienez bi lagunekoak izan behar dute. Gutxienez sei kopla eta gehienez hamabi sortu behar dira, eta gaia honako hau da: euskaraz bizi nahi dut, dugu, duzu...Doinua librea da.

Lehiaketa euskalduntze edo mintzapraktika egitasmoetan dabiltzan erakundeetako taldeei zuzenduta dago, baina talde horiek bertsolari baten laguntza izan dezakete, hala eskatuz gero. Gainera, inguruko bertso eskolarekin elkarlanean aritzea balioetsi egingo dute.

Bideoa praktikatu@gmail.com helbidera bidali behar da martxoaren 25a baino lehen. Irabazten duen taldeak bertso-bazkari edo afari bat lortuko du. Bi bertsolari izango dira bertan, eta taldeak eta antolakuntzak adostuko dute tokia.

Lehiaketako epaimahaia Bertsozale Elkartea izango da. Horrez gain, hala ere, edonork bere gustuko bideoa bozkatzeko aukera izango du Praktikatu AEK Facebookeko orrialdean.

Azpian duzue Korrika 17ko Euskalakari, koplari lehiaketako bideo irabazlea:

Informazio gehiago AEK-ko orrialde nagusian

2012/02/15

Soinuen gozotasuna

Goierriko Kastako kideek bosgarren testua sortu dute gure txoko honetan zintzilikatzeko. Hilabete honetan Ekaitz Goikoetxearen testua dugu. Goikoetxeak musika noten soinuak eta bizitzarenak parez pare jarri ditu.

Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena 1980ko abuztuaren 28an jaio zen Beasainen. Gurasoen ipuin, kontu eta kantuak entzunez barrendu zen hizkuntzaren adierazpide ezberdinetan, eta berak ondutako bertso, olerki eta narrazioekin hainbat sari eskuratu ditu. Nabarmentzekoa da 2003ko Gipuzkoako bertsolari txapelketan finalera iritsi zela.

Ofizioz euskara irakaslea da, eta egun Ikasketa Buru ere badihardu Burlatako Askatasuna Institutuan. Ikasleekin hainbat emanaldi antolatzen ditu urtean zehar, neska-mutilei beren baitan duten artista txikia azaleratzen gozatu egiten baitu beasaindarrak Halaber, larunbat goizetan, Irati arrebarekin batera Itaka literatur saioa zuzentzen du Segura Irratian. Zoriontsua da.

Irakurri eta gozatu!

2012/02/14

Talo ikastaroa izango da datorren asteazkenean Arriaranen

Taloak nola egiten diren ikasteko aukera izango da datorren asteazkenean, hilak 22, Arriarango Intxaurpe elkartean. Segurako talogileek taloak egiteko prozesua irakatsiko dute, eta, orea hartuta, taloei forma ematen ikasiko dute Intxaurpe elkartera hurbiltzen direnek. Prozesuaren amaieran, partaide bakoitzak norberak egindako taloa dastatuko du.

Ikastaroan parte hartu nahi duenak otsailaren 20a, astelehena, izango du izena emateko azken eguna. Helduek 4 euro ordaindu beharko dute, eta haurrek 2 euro. Izena eman eta ordaintzerakoan, txartela emango zaio partaide bakoitzari. Txartel hori ikastaroaren egunean erakutsi beharko da.

Ikastaroa Goiztiri AEK Euskaltegiak antolatu du Arriarango Intxaurpe Elkartearekin elkarlanean.

Animatu, eta ikasi taloa egiten!

2012/02/13

Probatu gabe ez dago jakiterik

E-uskaltegia online zerbitzuko kideek aholkuekin jarraitzen dute, eta hamahirugarrena dugu honako hau. Bideo honetan argi utzi nahi dute zerbait egin arte ezin dugula jakin zein izango den emaitza. Beldurrak uxatu eta saia gaitezen, beraz!