2011/06/03

Eskerrik asko Goierri!

Korrika 17rekin bat egin du Goierrik. Euskarak eta Korrikak batu gaitu. Beste behin eskerrik asko Goierri, emandako laguntzagatik. Zorionak, Goierri!!!!!!!! K0rrika 17ren Goierriko argazki guztiak ikusi edo jaisteko bi lotura hauetatik egin ahal izango duzue: argazkiak 1 eta argazkiak 2 Euskal Herrikoak hementxe topatuko dituzue.

Doinua: Habanera

Badator berriro ere,

badator gure herrira.

Hamazazpigarren aldiz

helduko da Goierrira.

Euskal Herrian barrena

egingo du bere bira,

eta geratuko gara

hurrengoari begira.

Hamar egun besterik ez!

Hamar egun baina tira...

milaka euskalakari

gara, zarete ta dira.

Kilometroz kilometro

eman, jaso eta tira

zuei esker iritsiko

gara noizbait urrutira!

Ainhoa Mujika

2011/05/26

Oihal margoketa ikastaroa ekainaren 2 eta 9an.

Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiak oihal margoketa ikastaroa antolatu du. Oihal margoketan dauden teknika ezberdinak eta prozedura azaldu ostean, Kirmen Uriberen KUKU olerkia landuko da. Lehenik, olerki honen irakurketa egin eta sorkuntza idatziz edo ahoz eman ordez, marrazkiz erreproduzituko dute bertaratutakoek. Beraz, lehen egunean marrazkiak zehaztu eta oihalean marraztuko dituzte. Bigarrenean, lanak bukatu eta norbera bere lana azaltzen saiatuko da.

Ikastaroa ekainaren 2 eta 9an izango da Beasaingo Goiztiri AEK Euskaltegian. Ordu eta erdiko saioak izango dira biak, 09:30etik 11:00etara. Ikastaroa irekia eta doakoa da. Izena emandakoek kotoizko elastiko edo zapi bat besterik ez dute ekarri behar egunean bertan. Parte hartu nahi izanez gero AEKren egoitzara joan edota deitu. Datorren ostegunean, maiatzak 31, izena emateko epea amaituko da. Irakaslea Nekane Munduate artista ataundarra izango da:

Kirmen Uriberen KUKU olerkia:
Apirilaren hasieran entzun zuen aurrena kukua.
Urduri zebilelako beharbada,
kaosa ordenatzeko joera horrengatik beharbada,
kukuak zein notatan kantatzen zuen jakin nahi izan zuen.

Hurrengo arratsaldean, hantxe egon zen basoan zain,
diapasoia eskuan, kukuak noiz kantatuko.
Diapasoiak ez zioen gezurrik.
Si-sol ziren kukuaren notak.

2011/05/23

Asteazkenean amaituko da txiste eta pasadizoak aurkezteko epea.

Datorren asteazkenean, maiatzak 25, amaituko da Goierriko AEK-k antolatutako XX. Txiste eta Pasadizo idatzien lehiaketara lanak aurkezteko epea.
Iaz makina bat txiste eta pasadizo aurkeztu zen. Besteak beste hauxe:
Ez galdu aukera eta parte hartu! Sariak ere ez dira txarrak gero!

2011/05/20

Haristizabal baserrian izan ziren Goierriko Goiztiri AEK-ko hainbat irakasle-ikasle eta herritar.

Haristizabal baserrian, marmeladaren prozesuaz gain, gaur egungo sagarrak nondik datozen, sagar motak, Hariztizabal baserrian egiten duten frutazaintza, …. ikusi eta ikasi zuten joan den egunean Goiztiri AEKtikbaserrira egindako bisitan. Fruta-arbolak dauden zelaiak ere (sagastiak eta kiwiak) bisitatu zituzten. Txorikumez betetako habia ere ikusi zuten. Gainera, Hariztizabal baserria Gipuzkoako arte eta arkitektura ondarearen zerrendan katalogatuta dago, eta baserri hau noiz, zergatik eta zertarako egin zuten azaldu zieten. Ekintza polita eta gomendagarria da, baita parte hartzailea ere. Bertaratutakoei asko gustatu zitzaien.