2019/03/29

Iztueta baserrira bisita

iritzia: 

Lazkaomendin dagoen Iztueta baserrian izan ginen joan den asteazkenean.  Esnea ekoitzi eta esnekiak, jogurtak eta izozkiak, egiten dituzte bertan. 


Bertara iritsi eta Ainitze Salak egin zigun ongietorria. Ikus-entzunezko bat ikusi genuen baserrian zer egiten zuten azaltzen zuena, familiaren jatorria eta abar. 




Ondoren, ukuilura egin genuen bisita. Ainitzek behien eguneroko bizimoduari buruz hitz egin zigun: noiz eta nola jezten dituzten, zer eta zenbat jaten duten, larrean zenbat egoten diren...Animalien ezaugarri eta bizi-motari buruz ere hitz egin zigun. Gainera, ikasleek hiztegia zabaltzeko aukera izan zuten Ainitzeren azalpenei esker: susaldi, ernaldi, urrixa, bigaia, jetzi, idiskoa, oritza...


Jarraian, kanpoaldera atera eta behiak ikusi genituen larrean. Han, azkeneko azalpenak eman eta barrualdera sartu ginen berriro baserrian egiten dituzten jogurtak eta izozkiak dastatzeko. Ez ginen, ez, atzera geratu! Zapore ezberdineko esnekietan koilaratxoak sartu eta gogokoena zein genuen aipatzen aritu ginen. Erosteko ere aprobetxatu zuten batek baino gehiagok.


Paraje ederrean ibili ginen, eguraldi eguzkitsuarekin eta bisita interesgarria izan zen oso. Asko ikasi genuen eta kalitateko produktuak dastatu genituen. Itzuliko gara, seguru!

2019/03/26

Ipuinekin liluratuta

iritzia: 
Ahoz aho jaialdiaren barruan, Eneko Haritza ipuin-kontalaria izan genuen Ordiziako euskaltegian. Berak sortutako ipuinak zein beste batzuenak kontatu zituen; luzeagoak izan ziren batzuk, laburragoak besteak. 


Ikasleek adi-adi entzun zituzten ahozko kontakizunak, xehetasun guztiak harrapatu nahirik. Bat baino gehiago ikusi genituen aho-zabalik, harriturik, beldurrezko edo misteriozko istorioekin eta baita irribarretsu ere. 


Liluratuta atera ziren handik, ipuinak entzuten gozatu ederra hartuta. 


Mila esker, Eneko Haritza, eta hurrengora arte.

2019/03/22

Asteburuko barnetegiak maiatzean

iritzia: 

Azkeneko ikasturteetan bezala, AEK-k aurten ere asteburuko barnetegiak antolatu ditu. Hona hemen datak:

- Maiatzaren 3, 4 eta 5ean, Arantzan. B2 eta C1eko ahozkoa prestatzeko.
- Maiatzaren 10, 11 eta 12an, Arantzan. A2 eta B1 mailak.
- Maiatzaren 18 eta 19an. Iruñean. Hiri-barnetegia (gutxieneko maila B1).
Informazioa eta izen-ematea: Iruñerriko AEK euskaltegietan, donibane@aek.eus, 948274160.

Foruko barnetegia, urte osoan zabalik
Hizkuntza bat ikasteko ez dago hizkuntza hori hitz egiten den ingurunean murgiltzea bezalakorik. Hori dela eta, egunean 24 orduz euskaraz bizitzeko aukera ematen dizugu Foruko barnetegian: euskaraz gosaldu, bazkaldu eta afaldu; euskara eskolak jaso; eta, ordu libreetan, euskara hutsean bizi.
AEK-k ikasturte osoan eskaintzen dizu, urritik ekainera, barnetegian ikasteko aukera. Hilabete edo gehiago (120 orduko ikastaroak) egin dezakezu Foruko barnetegian (Bizkaia), Urdaibaiko biosfera-erreserban. Prezioa: 536 euro, eskolak, egonaldia eta otorduak barne.
Hurrengo ikastaroak:
- 2019ko apirilaren 1etik maiatzaren 2ra.
- 2019ko maiatzaren 6tik 31ra.
- 2019ko ekainaren 3tik 28ra.

Izen-emateak eta informazioa: AEKren euskaltegietan edo telefonoz: 673 200 100 / 946 464 000
AEKn, euskara praktikoa!

2019/03/21

KORRIKA Munduan: bozkatu zure bideo gogokoena!

iritzia: 
21. KORRIKA apirilaren 4tik 14ra ibiliko da euskal errepideetan zehar, Garestik Gasteiza, euskararen aldeko aldarria eginez. Baina ez da soilik Euskal Herrira mugatuko; izan ere, azken urteetan bezala, aurten ere KORRIKAREN lekukoa nazioarteko txoko guztietara iritsiko da.

AEK eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzari esker, KORRIKA txikiak eta egitarau bereziak antolatuko dira nazioarteko hainbat unibertsitate eta Euskal Etxetan.


Tartean, bigarren aldiz antolatu da dagoeneko abian den bideo-lehiaketa. Mundu osoko ikasleek euskararen aldeko aldarriak bidali dituzte bideo formatuan. AEKren YouTubeko kanalean jarri ditugu ikusgai; eta ikusleek gustukoenen alde bozkatzeko aukera dute, Klika eginaz, jakina!



“Atsegin dut” gehien dituzten bi bideoek (kategoria bakoitzeko batek) irabaziko dute: munduko Euskal Etxeetatik bidalitako bideoen artean bozkatuenak eta nazioarteko unibertsitateetako irakurletzetatik jasotako bideo bozkatuenak. Irabazleek udan Euskal Herriko barnetegi batean egonaldia egiteko aukera izango dute euskararen ikaskuntzan sakondu eta Euskal Herria ezagutzeko.

Apirilaren 7a bitartean bozka daitezke bideoak, sartu AEKren YouTube kanalean, ikusi eta aukeratu zure gogokoena!

2019/03/20

Hamaiketako gonbidapena

iritzia: 

hamaiketakoa bilaketarekin bat datozen irudiak
Hasiberriak taldekoek honako gonbidapen hau idatzi dute Eguzki Lore taldekoentzat:

Kaixo, Eguzki Lore taldea:

Hasiberriak taldeko ikasleak gara. Gure irakaslea Maitane da. Zuek ezagutzeko, hamaiketakoa prestatuko dugu: urdaiazpikoa, gazta, ogia, olibak, irasagarra, tortilla, edariak...Dena oso goxoa egongo da. Hamaiketakoa apirilaren 2an izango da. Animatuko zarete? Zuen erantzunaren zain.

Hasiberriak taldea

Zein da zuen erantzuna, Eguzki lore taldea?

2019/03/16

Elkarrekin sortzen

iritzia: 
Korrika Kulturalaren barruan, Enkarguz emanaldia izan genuen ostiralean Beasainen. Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Zabala musikariak hainbat abesti sortu dituzte elkarrekin eta prozesu hori jendaurrera eramaten dute orain saio honen bidez.


Lehendabizi, abestia sortzeko gai proposamenak eskatu zizkiguten Igartza jauregian bildu ginenoi. Guztiak jaso eta mutiko batek gaietako bat atera zuen saskitik. Kapitain pilotu izan zen egokitu zen gaia eta hori ardatz hartuta, abestiaren tonua eta ildoa zein izango zen erabaki genuen guztion artean. Hitz gako batzuk ere hautatu genituen Egañaren gidaritzapean eta Alberto de Abajok pantailan ipini zuen guztia txukun-txukun jarrai genezan.

Hau guztia pentsatu bitartean, Zabalak doinua landu zuen lehendabizi eta baita errepika ere. Haren metrikari jarraituz, arbelean leloaren letra osatu genuen. Jarraian, estrofako metrika ere eman zigun Zabalak eta letra jarri genion. Amaitzeko, sortutakoa abestu genuen Zabalak prestatutako musikaren laguntzaz.

Ederra izan zen abesti baten sorkuntza bertatik bertara bizitzea eta geure aletxoa jartzea prozesu horretan. Hau bizitzeko aukera baduzue, ez galdu!

2019/03/15

Bertso Korrika Ordizian

iritzia: 
Bertso Korrika izan genuen joan den asteazkenean Ordizian. Iker Zubeldia eta Maialen Akizu aritu ziren bertsotan, Aratz Igartzabalen gidaritzapean. Euskaltegian eman genion hasiera bertso-jardunari. Han, Aratzi 'Zorionak' abestia kantatu genion, bezperan bere urtebetetzea izan baitzen. Jarraian, bertsolariek agurrak abestu zituzten.


Handik Kantoi tabernara joan ginen eta martxoaren 8ko gai bat izan zuten kanturako. Horretaz gain, Igartzabalek emandako errimekin bertsoak osatu zituzten. Hurrengo geldialdia Leizean egin genuen eta, besteak beste, pintxo-potean zebiltzan turista frantziarren paperean kantatu zuten bertsolariek.


Sugar tabernan Txillardegiren paperean jarri zuen Akizu lehendabizi. Jarraian, pertsonaia ezkutuen jolasean jarri zituen biak; batak bestearen laguntzaz asmatu behar izan zituzten ikasleek proposatutako bi pertsonak eta azkar asmatu zituzten, gainera.


Plazan amaitu genuen ibilaldia libreko saioan eta agurrak kantatuz.


Arratsalde ederra igaro genuen bertsoez gozatuz eta lagunarteko giroan. Egin Klika!

2019/03/14

Korrikari buruz Segura Irratian

iritzia: 
Goierriko Korrika arduradunetako bat, Andoni Mikelarena, Segura Irratiko Bixi-bixi saioan izan da eta Korrikaren inguruko kontuak kontatu ditu. Hemen entzun dezakezue elkarrizketa.

Andoni mikelarenaErlazionatutako irudia

Petoak salgai

iritzia: 
Euskararen aldeko lasterketa erraldoirako atzera kontaketa hasi da. Horregatik, Goierrira iristeko hilabete falta den honetan, PETOAK SALGAI jarri ditugu.

🤔 Nola eskuratu?

📌 Ordizia edo Beasaingo AEKra gerturatuta edo zure herriko batzordearen bidez.

Badator #Klika! 

2019/03/12

Bertsolaritzari buruz ikasten

iritzia: 
Bertso Korrika dela-eta, Aratz Igartzabal bertsolaria izan genuen euskaltegian astelehenean bertsolaritzari buruzko azalpenak eman eta kultur ekintzaren nondik norakoak azaltzeko.

Euskaltegian hainbat mailatako ikasleak ditugunez, eta asko bertso-saio batean sekula izan gabeak, bertsoa zer den azaldu zigun lehendabizi. Neurri ohikoenak erakutsi zizkigun eta baita doinuak ere. Bertso batzuk ere kantatu genituen. Horretaz gain, oinak eman eta zegokien tokian jarri genituen bertsoa osatzeko.


Bukatzeko, asteazkeneko Bertso Korrikarako gaiak, errimak, objektuak zein pertsonaia ezkutuak proposatu genituen. Ea zeintzuk aukeratzen dituen Aratzek eta bertsolariek zer kantatzen duten! Entzuteko gogotsu gaude!

Martxoko lehiaketa

iritzia: 
 
 
Hilabete honetako galdera: Zein da 21. Korrikaren leloa?

Saria:  Eñaut Elorrieta eta & Kaabestri String Ensemblek-en Harian ikuskizunerako bi sarrera. Apirilaren 6an izango da, 20:00etan, Beasaingo Usurbe antzokian.
Parte hartzeko azken eguna: martxoak 31.
 
Bidali zure erantzuna:

E-posta: goierri@aek.eus   
Whatsapp mezua: 688 74 66 38

Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez.

Lehiaketaren laguntzaileak:
beasain udala bilaketarekin bat datozen irudiak

2019/03/11

iritzia: 
Züek heben ikuskizuna izango da Ataungo San Gregorio auzoan, 19:00etan, elkargunean. Hilaren 14tik herrian ibiliko dira lau lagun Ataungo euskara behatzen, jendearekin berriketan, soinuak eta argazkiak hartzen...Emanaldian, berriz, euren kantuak eta musikak eskaintzeaz gain, bertan bildutako ahotsak, soinuak eta argazkiak ere aurkeztuko dituzte.

Enkarguz emanaldia Beasainen

iritzia: 
Enkarguz emanaldia izango dugu Beasainen datorren ostiralean, hilak 15, Igartza jauregian, 19:00etan. Korrika Kulturalaren barruko ekitaldia izango da eta doakoa.

Enkarguz sormen proposamena da, sormenaren nondik norakoak publiko aurrean garatzen dituena. Xabier Zabalak eta Andoni Egañak, elkarrekin, hamaika abesti sortu dituzte. Hilabeteotako lanketa hau oholtza gainean jorratzeko jauzia egin dute. Musikaren eta hizkuntzaren artisauei Alberto De Abajo gehitu zaie, ikuskizunaren alde bisuala zainduz. Publikoak, pantailaren bitartez, sormen prozesuaren urratsak argiago jarraitzeko.

Publikoaren parte hartzearekin,abestiaren helburua, tonua, kolorea...zehaztuko dituzte, unean uneko gaiari helduz, ezkutaturiko abestia azaleratzeko. 

Animatu, ederra izango da eta!

2019/03/07

Euskaltegiko langileok bat egingo dugu martxoaren 8ko grebarekin

iritzia: 
Goiztiri AEKren langileok bat egingo dugu martxoaren 8ko greba feministarekin. Hori dela eta,Ordiziako eta Beasaingo euskaltegiak itxita egongo dira. 


Kultura eta gastronomia aniztasunaz ikasten

iritzia: 

Zaldibiako Txapelduna taldekoek jatorri, kultura eta izaera aniztasun handia dute euren baitan eta horren erakusgarri izan da asteazkenean egindako otordua. Bakoitzak norbere herriko plateren bat prestatu zuen eta, bide batez, elkarri buruz eta euren kulturari buruz ikasteko baliatu zuten eskola.Sabela bete, jakintza zabaldu eta elkarren konpainiaz gozatu, ezer hoberik ba al da?

2019/03/06

Bertso Korrika Ordizian

iritzia: 
Bertso Korrika izango dugu datorren asteazkenean, hilak 13, Ordizian. Euskaltegitik abiatuko gara 18:30ean eta honako ibilbidea egingo dugu: Kantoi, Leizea, Sugar, Herrikoa eta plaza nagusia. Gune bakoitzean bertsotan arituko dira Iker Zubeldia eta Maialen Akizu, Aratz Igartzabalek aurkeztutako gaiei erantzunez. Giro ederra izango dugu eta ziur gaude ederki pasatuko dugula! Animatu zeu ere!

2019/03/02

Aurrera! taldekoak pintxo-potean

iritzia: 
Inauterien harira izendatutako "Zozomipotean" izan ziren Aurrera! taldekoak joan den astean eta giroa gustatu egin zitzaien, antza, berriz errepikatu baitute asteazkeneko pintxo-potean. Gustura dirudite, ezta?


2019/03/01

Gozogintza saioa

iritzia: 


Hoberenak taldekoek trebetasun handia dute sukaldaritza kontuetan eta joan den asteazkenean argi erakutsi zuten gozogintza saioan. Sukaldera sartu eta postre gozo-gozoak egin zituzten askaltzeko. Egin eta gero, txokolate beroaz lagundurik jan zuten guztia. Inbidia ematen du, ezta?


Igartubeiti baserrira bisita

iritzia: 

Azken egunetako eguraldi ederraren konpainian, Igartubeiti baserri museoan izan ginen asteartean. Bertako museoa eta baserria bisitatu genituen gidaren laguntzaz. Hark euskal baserriaren historiaren berri eman zigun, bizimoduari eta bilakaerari buruzko kontuak ere tartean zirela. Informazio ugari jaso genuen eta jakintzaren poltsa beteago genuela itzuli ginen euskaltegira, goiz- pasa ederra eginda.