2016/01/27

Taloa eta euskal giroa

iritzia: 

Talogintza tailerra egin genuen atzo Arriarango Intxaurpe elkartean, eta 80 bat lagun bildu ginen. Segurako talogileek taloak egiteko prozesua erakutsi zuten, nahiz eta askok baduten jada eskarmentua, urteroko parte hartzeari esker. 


Talogileek orea egin ondoren, mahaietan banatu eta parte hartzaileek taloak egin zituzten talogileen aholkuei jarraituz. Ondoren, erretzera eraman zituzten eta, ondo erretakoan, hirugiharrez, txistorrez, txokolatez edo gaztaz bete zituzten taloak. 


Aurtengoan, gainera, Oiangu jatetxeko sukaldarietako batek parte hartu zuen tailerrean eta sutan lanean ere aritu zen. Beste batzuk ere lagundu ziguten zereginetan. Bejondeizula!


Amaitzeko, bakoitzak norberak egindako taloa dastatu zuen. Ikastaroan izandakoek aipatu dutenez, "gustura eta giro onean" aritu ziren talo-jardunean. Datorren urtean elkartuko gara berriz!


2016/01/26

Santutxuko AEK-k 50 urte

iritzia: 


Aurten, Bilboko Santutxu AEK euskaltegiaren 50. urteurrena ospatuko da eta urte osoan hainbat ekitaldi egingo dira: lehiaketak, hitzaldiak, tailerrak... Halere, hiru bereziak izango dira, martxoan, uztailean eta irailean, hain zuzen ere. Martxoan, Santutxu eta Txurdinagako Euskararen Astearen barruan, erakusketa interaktiboa antolatuko dute eta uztailean, Santutxuko jaien egitarauaren barruan, ekitaldi bereziak antolatuko dituzte . Irailean, berriz, jai erraldoia antolatuko dute, bazkari, kontzertu eta guzti!

Horren guztiaren berri zuzenean izango dute sare sozialen bitartez. Neu ere ibilia naiz Santutxu AEKn Facebook komunitateren jarraitzaile egiten direnek, euren esperientziak eta argazkiak partekatzeko parada izango dute, euskaltegian igaro zuten garaia gogora ekarrita: noiz egon ziren, zein irakaslerekin...

50 URTE SANTUTXU EUSKAHALDUNTZEN! ZORIONAK ETA JARRAITU HORRELA!

AEK- jendea

iritzia: 

Bihar aurkeztuko dugu AEK-jendea egitasmoa Lasarte- Orian. Mertxe Mugika AEKren Koordinatzaile Nagusia eta Juanma Iturriondo, bertako euskaltegian duela urte batzuk euskara ikasi zuen herritarra, izango dira; hau da, ekimenaren abiatzearen lehen protagonista.

Jakina da azken hamarkadotan milaka lagunek euskaldundu dutela beren burua euskaltegi batean, eta egun euskaraz bizi dira. Une honetan ere milaka lagun dabil abentura berean murgilduta. Euskarak irabazten dituen pertsonak dira, eta, era berean, mundu berri bat eskuratzen duten lagunak ditugu. Juanma horietako bat da. Juanma, beste hamaika euskAHALdun moduan, AEK-jendea da.


Hitzordua, esan bezala, bihar (hilak 27), 12:00etan, Lasarte-Oriako Jalgi Kafe Antzokian.

2016/01/21

Matrikulazioa irekita dago otsailaren 4ra arte

iritzia: 


Urte berriarekin batera, asmo berriak izaten ditugu eta oraintxe da erronkarik ederrenari heltzeko garaia: euskara ikastea. Horretarako aukera paregabea duzu Goiztiri AEKn. B1,B2 eta C1 mailako tituluak lortzeko azterketak prestatzeko ikastaroak eskainiko ditugu eta baita euskalduntzeko prozesuan oinarrizko diren A1 eta A2 hasiera mailetakoak ere. Horretaz gain, etorkinei zuzenduriko 60 orduko ikastaroak ere baditugu. 


Aurrez aurreko klaseetara joaterik ez dutenek badituzte beste aukera batzuk ere: autoikaskuntza eta online . Autoikaskuntzan lanak etxean egiten dira eta tutorearekin elkartu behar izaten da hamabost egunean behin, jarraipena egiteko. Astero mintza-saioa ere izaten da. Online ikastaroetan, berriz, funtzionamendua bera izaten da baina dena ordenagailu bidez egiten da, bai lanak, bai tutoretzak eta baita mintza-saioak ere. 

Eman izena Goiztiri AEKn, otsailaren 4a baino lehen, eta ikasi euskara praktikoa!

2016/01/20

Urtarrileko AIZU aldizkaria

iritzia: 

Alex Txikon dugu urtarrileko AIZU aldizkariko elkarrizketatu nagusia. Hilabete honetan Pakistanen egongo da, Nanga Parbat (8.126m) mendi "hiltzailea" izendatuaren magalean, espedizioko gainontzeko lagunekin batera.



Lemoarraz gain, beste hainbat kontu ere badira hil honetako alean: Zegama-Aizkorri mendi maratoia, Auzoko elkartea Seaskaren egutegia... Testigantzak atalera Euskarazko komikigintza ekarri dute.

Eta, horretaz gain, ohiko moduan, liburu eta film kritikak, albiste laburrak..

Gozatu!

2016/01/18

Talogintza tailerra hilaren 26an egingo dugu

iritzia: 
 

Kultur ekintza arrakastatsuenetakoa dugu talogintza tailerra eta ikasturte honetakoa hilaren 26an egingo dugu, 18:30ean, Arriarango Intxaurpe elkartean. Segurako talogileak izango dira bertan eta orea nola egiten den erakutsiko dute hasieran. Gero, mahaietan jarri eta norberak bere taloari forma emango dio talogileen aholkuak lagun dituztela. Gero egindako taloa erre eta dastatzeko aukera izango da, noski.


Helduek 4 euro ordaindu beharko dute eta umeek, berriz, 2 euro. Izena emateko epea ostiralean amaituko da, beraz, azkar ibili! Interesa baduzu, Goiztiri AEK euskaltegira jo edo harremanetan jarri telefonoz edo e-postaz.

Taloak egiten ikasi eta giro jator eta euskaldunean arratsaldea ondo pasa nahi baduzu, etor zaitez Arriaranera!

Urtarrileko lehiaketa

iritzia: 


Hilabete honetako galdera: Zein da Ordiziako kaldereroetako pertsonaia?

Saria: Ruper Ordorikaren Lurrean etzanda diskoa, Markel Ormazabalen Hemen naiz, ez gelditzeko baina liburua eta Zozomikoteren ipuina.

Parte hartzeko azken eguna: urtarrilak 31.

Bidali zure erantzuna:
  • E-posta: goierri@aek.org
  • Whatsapp mezua: 607 635 687 
Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.

Lehiaketaren laguntzailea: