2019/03/15

Bertso Korrika Ordizian

Bertso Korrika izan genuen joan den asteazkenean Ordizian. Iker Zubeldia eta Maialen Akizu aritu ziren bertsotan, Aratz Igartzabalen gidaritzapean. Euskaltegian eman genion hasiera bertso-jardunari. Han, Aratzi 'Zorionak' abestia kantatu genion, bezperan bere urtebetetzea izan baitzen. Jarraian, bertsolariek agurrak abestu zituzten.


Handik Kantoi tabernara joan ginen eta martxoaren 8ko gai bat izan zuten kanturako. Horretaz gain, Igartzabalek emandako errimekin bertsoak osatu zituzten. Hurrengo geldialdia Leizean egin genuen eta, besteak beste, pintxo-potean zebiltzan turista frantziarren paperean kantatu zuten bertsolariek.


Sugar tabernan Txillardegiren paperean jarri zuen Akizu lehendabizi. Jarraian, pertsonaia ezkutuen jolasean jarri zituen biak; batak bestearen laguntzaz asmatu behar izan zituzten ikasleek proposatutako bi pertsonak eta azkar asmatu zituzten, gainera.


Plazan amaitu genuen ibilaldia libreko saioan eta agurrak kantatuz.


Arratsalde ederra igaro genuen bertsoez gozatuz eta lagunarteko giroan. Egin Klika!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina