2018/05/30

Pastak egiten

iritzia: 

Zeraingo Jaioberriak taldekoak eta Segurako Gozozaleak taldeko zenbait kide sukalde lanetarako elkartu ziren joan den ostiralean. Euskaltegiko ikasle baten amak pasta goxo-goxoak egiten irakatsi zien. Itxuraz gain, zaporea ere bikaina zuten.




Errezeta emango ote digute ikasleek? Ea animatzen diren!

2018/05/29

Iztueta baserrira bisita

iritzia: 

Ordiziako jubilatuak Lazkaomendiko Iztueta baserrian izan ziren eta euren lana gertutik ezagutzeko parada izan zuten: ukuiluan zeuden behiak ikusi, ikus-entzunezkoaz gozatu, azalpenak jaso...Arratsalde pasa ederra eta aberasgarria egin zuten, irudietan ikus daitekeen moduan. 



2018/05/24

Euskara ikasteko aholkuak

iritzia: 
advice bilaketarekin bat datozen irudiak

Zaldibiako Azkarrak taldekoek aholkuen inguruko lanketa egin dute eta, ondorioz, gomendioak ematen trebatu dira. Hainbat gairen inguruan kaltegarria eta komenigarria dena adierazi dute eskoletan. Oraingoan, euskara ikasteko onuragarria dena azaldu digute.

- Zer da komenigarria euskara ikasteko?
  • Irakasleak ondo azaltzea
  • Jendearekin hitz egitea
  • Etxerako lanak egitea
  • Telebista ikustea
  • Euskara praktikatzea
  • Etxean errepasatzea
  • Irratia entzutea
  • Egunkaria irakurtzea
- Zer da kaltegarria euskara ikasteko?
  • Klasean ez kontzentratzea
  • Ez hitz egitea

2018/05/23

Plaza-dantzak ikasten

iritzia: 


Udaberrian jaiak izaten dira batean eta bestean, eta plazetan erromeria ugari. Dantza egiteko abagune horiek aprobetxatze aldera, saioa egin genuen atzo Aurtzaka dantza-taldearen eskutik; taldean dantzan aritzeko zenbait pauso ikasi zituzten. Kontzentratuta aritu ziren guztiak, ahalik eta finen, argazki eta bideoetan ikus daitekeen moduan.






Bejondeizuela eta orain plazetan ikasitakoa praktikan jartzera!

2018/05/22

Datorren ikasturterako aurrematrikula eskaintza

iritzia: 
Datorren ikasturtean, euskara ikasten jarraitu edo euskara ikasten hasi nahi baduzue, ez itxaron. Orain izena emanez gero hainbat abantaila izango dituzu eta!

Aurrematrikula ikasi euskera



















Ekainaren 19a baino lehen aurrematrikula egiten dutenek -AEK-ko ikasleek edo ikasle berriek- honako onura hauek izango dituzte:
  •  %5eko deskontua 18-19 ikasturteko matrikularen prezioan 
  • Ordainketa malguagoa, epe bat gehituta ohiko ordainketa epeei 
  • Lehentasuna taldeak eratzeko orduan
Orain matrikulatuz gero, ekarpen hau egin beharko duzue aurrematrikula gisa
(lehenengo ordainketa):
  • 240 ordutik gorako ikastaroetan: 120 €
  • 240 ordu-120 ordu bitarteko ikastaroetan: 100 €
Ikastaroa ez egitea erabakiko bazenu, aurrematrikularen %100 itzuliko zaizue, irailaren 26a baino lehen jakinaraziz gero. Hortik aurrera, matrikula-itzulketen ohiko baldintzak aplikatuko dira.

Aprobetxatu AEK-ren aurrematrikula eskaintza berezia. Eman izena ekainaren 19a baino lehen, eta ikasi eta landu euskara gurekin!

2018/05/18

Bi errezeta

iritzia: 
Azkarrak taldeko ikasleek ere bi errezeta bildu dituzte blogera ekartzeko. Otordu bat egiteko lain bada behintzat. Ea gustuko dituzuen!

2018/05/17

Tortillometroa

iritzia: 
Gautxori taldekoek beste otordu eder bat egin dute eskoletan martxan duten ekimen bati esker: tortillometroa. Eskola-orduetan erdaraz hitz egiten duenari marratxo bat jartzen diote paretan ipinitako zerrendan, eta 10 marra pilatutakoan, kide horrek patata-tortilla ekarri behar izaten du gelara. Carlosi egokitu zaio oraingoan eta askari goxoa egin dute bere kontura. 


2018/05/16

Maiatzeko AIZU! aldizkaria

iritzia: 
Jose Angel Iribar eta Leire Etxanizi elkarrizketak; Armagintzaren museora bisita; Larrunen geroa ezbaian; Gasteizko Eraztun Berdea; familia eta euskara... Askotariko edukiak hilabete honetako alean.


AEK-ko ikasleek doan jasotzen duzue euskaltegian. Zuk eroso-eroso etxean jaso nahi baduzu, harpidetza egin dezakezu.

Irakurriz ikasi, ikasiz gozatu: aizu.eus

On egin!

2018/05/11

Errezetak

iritzia: 
Goazen taldeko ikasleek hainbat errezeta proposatu dituzte. Azpiko dokumentuan dituzue jasoak:


Gustatu al zaizkizue? Zein prestatuko zenukete?

2018/05/10

Euskarazko txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa

iritzia: 
Maite dugu umorea, barre egitea eta ondo pasatzea, ezta? Bada, are gehiago gozatzen dugu hori guztia euskaraz egiten dugunean. Ez al da hala? 
 
Asmo horiek tarteko, XXVII. Euskarazko txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa antolatu dugu. 
 
LEHIAKETAREN BALDINTZAK
  • Zer: euskaraz, batuan edota euskalkian, idatzitako txiste edo pasadizoak. 
  • Edukia: txiste arrazista edo matxistarik ez da onartuko.
  • Parte hartzaileak: 16 urtetik gorakoak.
  • Epaimahaia: Goiztiri AEKren ikasleak.
  • Parte hartzeko modua: pasadizo edo txiste idatziak e-postaz bidali behar dira goierri@aek.eus helbidera,  izen-abizenak, helbidea eta telefonoa jarrita.
  • Parte hartzeko azken eguna: ekainak 1.
  • Sariak:
    • 1.saria: 5 lagunentzako afaria Ataungo Urbitarte sagardotegian.
    • 2.saria: 2 lagunentzako afaria, gaueko egonaldia eta gosaria Zeraingo Oiharten.
    • 3.saria: tableta.
 
Parte hartu ekainaren 1a baino lehen!
 
Iazko sari banaketaren kronika eta irudiak hemen.

Dantza ikastaroa egingo dugu hilaren 22an

iritzia: 
Udaberriak gorputza pizten digula aprobetxatuz, dantza egiteko garaia iritsi zaigu. Hori dela eta, dantza ikastaroa antolatu dugu hilaren 22rako, 18:00etatik 20:00etara, Beasaingo Antzizar kiroldegian. Aurtzaka dantza taldekoek plaza-dantza bat erakutsiko digute, jaietako erromerietan gorputzari eragiteko. 


Interesa izanez gero, hilaren 18a baino lehen eman behar duzue izena gure euskaltegian. Azkar ibili, plaza mugatuak daude eta!
 
Animatu!


2018/05/09

Azokan erosten

iritzia: 
Goazen taldeko ikasleak erosketen inguruko lanketa egiten aritu dira eskoletan: produktuen inguruko lexikoa, erosterakoan erabiltzeko esamoldeak eta abar. Ikasgela barruan praktika egin ondoren, kalera atera dira ikasitakoak egunerokotasunean erabiltzeko asmoz. Horretarako, Ordiziako azokan izan dira gaur goizean eta ez dira esku-hutsik itzuli etxera. Helburua lortu dute, beraz!

Zerainen kantuan

iritzia: 
Zeraingo Jaioberri taldeko irakasleak eta ikasleek eztarriak goxatu dituzte kantuan. Zer abestu duten? Bada, kantu klasiko eta ederra: Maritxu, nora zoaz!



Alaitasuna ematen dute, ezta?

2018/05/08

Lapurdira egun-pasa

iritzia: 
Auskalo taldekoek Lapurdira egun-pasa egiteko proposamena osatu dute. Sara, Azkaine eta Urruña inguruan ibiltzeko plana idatzi dute, txukun-txukun. Irakurri eta ea zer iruditzen zaizuen.



Plan polita egin dute, ezta? Orain joatea falta!

Euskal kantagintza ezagutzen: Vendetta

iritzia: 
Adarra taldekoek euskal kantugintza lantzen jarraitzen dute. Oraingoan, Vendetta taldearen txanda izan da eta euren Udarako gau luzeak abestia ezagutu dute, besteak beste.






Gustuko al duzue kantua?

2018/05/07

Maiatzeko lehiaketa

iritzia: 
 

Hilabete honetako galdera: Zenbat egun iraungo du Euskaraldiak?

Saria: ekainaren 15ean egingo dugun ikasturte amaierako afarian bi lagunentzako otordua doan.

Parte hartzeko azken eguna: maiatzak 31.

Bidali zure erantzuna:

E-posta: goierri@aek.eus
Whatsapp mezua: 607 635 687

Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez.

Lehiaketaren laguntzaileak:

Apirileko saria Txakurtxulo taldearentzat

iritzia: 
Liburuaren nazioarteko eguna noiz izaten den galdetu genuen apirileko lehiaketan, eta parte-hartzaile guztiek aipatu duten moduan, apirilaren 23an izaten da. Ekaitz Goienetxearen Zaldi mamarroa nobela eta Xabier Sarasolaren Haizeak dakar diskoa zozkatu ditugu eta Ordiziako Txakurtxulo taldekoei egokitu zaie saria. Gozatu, lagunok!

2018/05/04

Udako irakurle kanpaina

iritzia: 
AEKren udako irakurle kanpaina martxan da eta, horri esker, liburuak, material didaktikoa eta jolasak merkeago eskura ditzakezue ikasleok. Liburuak mailakatuta daude, gainera, zuentzat aproposenak zein izan daitezkeen jakiteko. Katalogoan duzue udako eskaintza:



Eskaera egiteko, honako prozedura jarraitu behar duzue:
  • Katalogoan dagoen amaierako orria bete.
  • Ordainketa egin, bertan agertzen den kontuan. Euskaltegiaren izena jarri, gure kasuan: Goiztiri AEK.
  • Eskaera-orria eta ordainagiria irakasleari eman.
  • Azken eguna: maiatzak 23
Animatu eta erosi, udan ere modu dibertigarrian euskara lantzen jarraitzeko!

2018/05/02

Ekainean ikastaro trinkoa Foruan

iritzia: 
Uda iritsi baino lehen, ikasturteko azken barnetegia eskainiko du AEK-k Foruan (Bizkaia), ekainaren 4tik 29ra.


Hizkuntza bat ikasteko ez dago hizkuntza hori hitz egiten den ingurunean murgiltzea bezalakorik. Hori dela eta, egunean 24 orduz euskaraz bizitzeko aukera ematen dizugu barnetegian: euskaraz gosaldu, bazkaldu eta afaldu; euskara eskolak jaso; eta, ordu libreetan, euskara hutsean bizi.

Maila guztiak!

Prezioa: 536 euro.

Paraje zoragarrian eta herri euskaldun batean euskara praktikatzeko aukera zoragarri hau ez galdu!

Informazioa/izen-emateak: Gernikako AEK Tel. 946 253 596/673 200 100 gernika@aek.eus