2018/04/13

AEK ere bretoieraren alde

Ar Redadeg bretoieraren aldeko Korrika da. Maiatzaren 4an hasiko da Kemperretik, eta 1800 kilometro egindakoan, hilaren 12an bukatuko da Plougernen, eta AEK-ko kideok ere bertan izango gara! Izan ere, edizio bakoitzean egin ohi duten bezala, Ipar Euskal Herriko AEK-k kilometroa hartu du; bigarren larunbatean, hain zuzen, maiatzaren 12an.

Zeuk ere bertan parte hartzeko aukera daukazu. Izan ere, Oiartzundik autobusa antolatu dute Karaez-Oiartzun Senidetza taldeak eta Oarsoaldeko AEK-k. Oiartzuarrek apirilaren 1etik 15era eman beharko dute izena, eta izen-emate irekia apirilaren 16tik 30era izango da. Interesa izanez gero, mezua bidali redadeg2018@gmail.com helbidera.



Hamargarren urtemuga ospatzeko, REDADEG ekimenak mahai-ingurua antolatu du, Europan egiten diren “KORRIKA” modukoak parte hartzera gonbidatuz. AEK-Korrikaren izenean, Mertxe Mugika (AEKren koordinatzaile nagusia), Asier Amondo (KORRIKA arduraduna) eta Jakes Bortayru (Iparraldeko koordinatzailea eta Korrika batzordeko kidea) izango dira bertan. Gainontzeko partaideak hauek izango dira: Correlingua: Galizia, Correlengua: Catalunya, Course Lingua: Val d'Aran, Le Passem: Bearn, Ar Redadeg: Bretainia, Ras Yr Laith: Gales, An Rith: Irlanda.Esperientziak partekatzeaz gain, Hizkuntzen aldeko lasterketen Europar sarea osatuko dugu, elkarrekin nazioartean urrats berriak emateko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina