2018/03/27

Euskaltegia itxita apirilaren 9ra arte

iritzia: 
Oporretan izango gara apirilaren 9ra arte eta, ondorioz, euskaltegiak itxita egongo dira, eta ez da euskara eskolarik izango ordura arte. Horretaz gain, bloga eta sare sozialak ere ez ditugu eguneratuko. Ondo pasa opor euskahaldunak!

2018/03/26

Oporraldiaren aurreko hamaiketakoa

iritzia: 
Segurako Gozozaleak taldekoek tabernan hamaiketakoa egin zuten, opor aurretik indarrak hartzeko. Pozik ageri dira, ezta? Orain, pilak kargatu, bueltan gogotsu izan eta asko ikasteko!


Defentsa pertsonala ikasten

iritzia: 

Defentsa pertsonaleko ikastaroa egin genuen martxoaren 21ean Ordiziako Majori kiroldegian, Aritz Agirrebengoa Yoseikan Budoko irakaslearen eskutik. Hasieran, pilotarekin jolasean eta bestelako luzaketetan aritu ziren beroketa modura eta, jarraian, euren burua zenbait erasotatik babesten ikasi zuten. 





 






2018/03/23

Segurako Ondarre gaztandegira bisita

iritzia: 

Eguerdiko taldeetako zenbait ikasle Segurako Ondarre gaztandegian izan ziren eta bertako gaztaren prozesu osoa ezagutu zuten, eta baita dastatu ere. Ederki ibili ziren, alajaina!


Tabernan eskatzen

iritzia: 
Izar Berriak taldeko ikasleak ere tabernan eskatzen ikasi dute, eta gosariak eta hamaiketakoak eskatzeko antzezten aritu dira. Horretan ageri dira bideo hauetan. Hauek ere ondo moldatzen dira, ezta? 





Zer iruditzen zaizue?

2018/03/21

Hamaiketakoa, hiruhilekoa agurtzeko

iritzia: 
Ikasturteko bigarren hiruhilekoari amaiera emateko, hamaiketakoa egin dute Goazen taldekoek. Gustura daudela dirudi, argazkiari erreparatuta behintzat!

Gosaria eta hamaiketakoa eskatzen

iritzia: 
Goazen taldeko ikasleak tabernako elkarrizketak lantzen aritu dira: zer eta nola eskatu. Horren haritik, bi antzezpen egin dituzte, batean gosaria eskatzen eta bestean hamaiketakoa. 



Badute abilezia, ezta? Ez dira goseak geratuko!

Albistegiaren tartea

iritzia: 
Sorginak taldeko ikasleek azken eskola eguna izan dute, eta azpiko bideoan ikus eta entzun daitekeen albistegi laburra egin dute.



Asko ikasi dute, ezta?

2018/03/20

Film laburrak ikusten

iritzia: 
Adarra taldeko ikasleek bi film labur ikusi dituzte: Amona Putz eta Zurea. Bien inguruko lanketa egin dute eta, amaitzeko, Amona Putz filmaren laburpena ere idatzi dute ikasleek.




Zer iruditu zaizue?

2018/03/19

Kultura digitala

iritzia: 
Kultura digitalaren astea izan zen aurrekoa Ordizian eta euskaltegiko ikasleak hitzaldietako batean izan ziren, euren burua alor horretan gehiago janzteko asmoz. Hizkuntza eta teknologia izan zituzten hizpide, eta Elhuyarren baliabideak ezagutu zituzten, tartean Xuxen zuzentzailea, Matxin itzultzailea eta hiztegia.




Ipuinak eta kantuak

iritzia: 

Pello AƱorga ipuin-kontalaria izan genuen joan den astean Ordiziako euskaltegian Ahoz aho jaialdiaren barruan. Hainbat ipuin kontatu zituen, natur elementuak eta animaliak tartean zituztenak. Horretaz gain, abestu ere egin zuen. Ikasleek motibazioaz, norberaren ahotsa baliatzeaz, akatsak egiteko beldurra galtzeaz eta beste hainbat konturi buruzko mezuak jaso zituzten. 



2018/03/15

Esaera zaharren txapelketa

iritzia: 
Sopelako AEK aspaldi hasi zen Esaera Zaharren Txapelketa antolatzen; hala, aurten 25 urte beteko ditu lehiaketak. Ekitaldiaren oinarria dira bertsoak eta atsotitzak, eta, jakina, primeran pasatzea. Bi saio ditu: lehen fasea, goizean, herrian zehar; bigarrena (finalerdiak eta finala), Sopelako Ander Deuna ikastolan, herri-bazkariaren ostean. Txapelketan taldeka hartzen da parte: 2-3-4 kide, 16 urtetik gorakoak. Zertan datza? Bertsoak entzun eta zein esaerari dagozkion asmatzean. Bertsoak, goizean, Algortako Bertso Eskolarenak izango dira; arratsaldean, Oihane Enbeita eta Amets Arzallusenak.

Xedea da puntuak pilatzea, bertsoak eta esaerak lotu ahala. Atsotitzak zerrenda batean daude (100), aurretiaz ikasteko (erantsita). Izan ere, txapelketan ezin da zerrenda eskuragarri izan. Atsotitz horietako bat, haatik, ez da benetakoa; saria zozketatuko da "faltsua" antzematen duten lagunen artean.



Izen-emateak 10 euro balio du taldeko, eta bazkariak 17 euro pertsonako. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, deitu telefonoz (618 57 44 45 / 695 77 40 15), edo bidali mezua posta elektronikoz (esaera.zaharrak@aek.eus) apirilaren 23a baino lehen.

Sariak, bertsoak, musika, bazkaria, giro ona... apirilaren 28an, Sopelan!

2018/03/12

Defentsa pertsonaleko ikastaroa egingo dugu hilaren 21ean

iritzia: 
Defentsa pertsonaleko ikastaroa egingo dugu Ordizian, hilaren 21ean. Ikastaroa doakoa izango da, eta Yoseikan Budoko irakaslea den Aritz Agirrebengoa izango da saioaren emailea. Ordiziako Majori kiroldegian egingo dugu ikastaroa, 10:00etatik 12:00etara


Parte hartu nahi duenak hilaren 16a baino lehen eman behar du izena. Horretarako, gurekin jarri behar duzue harremanetan.

2018/03/07

Martxoaren 8an euskaltegiko emakumeok lanuzteak egingo ditugu

iritzia: 
Mugimendu feministak antolatutako grebarekin bat eginez, martxoaren 8an Goiztiri AEK euskaltegian lan egiten dugun emakumeok lanuztea egitea erabaki dugu.

Zergatik?

- Eredu ekonomiko honek zapaltzen gaituelako.

- Indarkeria matxistak jipoitzen gaituelako.

- Arrazakeriak akabatzen gaituelako.

- Kultura patriarkalak baztertu, objektu bihurtu eta estereotipatzen gaituelako.


Planto eginez, gure lanak duen balioa aldarrikatzea eta emakumeok debalde egiten dugun zaintza lanak aitortzea bilatzen dugu. Erakutsiko dugu emakumeak behar beharrezkoak garela eredu sozioekonomikoa aurrera eramateko eta guztion bizimodua sostengatzeko. Eta bidezkoa dena eskatuko dugu: lan hori guztia aitortzea eta eskubideak lortzeko bidea izatea; zor zaizkigun eskubideak aitortzea, alegia.
  
Lanuzteak 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara egingo ditugu.

2018/03/06

Sagardotegian giro onean

iritzia: 
 

Hainbat kultur ekintza egin ohi ditugu ikasturtean zehar: batzuk berriak eta beste batzuk urterokoak, ia tradizio bihurtuak. Azken horietakoa da sagardotegira egiten dugun irteera. Ataungo Urbitarte sagardotegira joan ginen ostiralean, Ordiziako Mintzalagunekin eta Hitzaro euskara elkarteko bazkideekin batera.



Sagardo, janari, trikiti eta giro onik ez zen falta izan, ohiko moduan! Bideoan koplatan, kantuan eta dantzan aritu zirela ere ikusten da. Horrela bai!





Hurrengo urtean izango dugu berriz aukera sagardotegian gozatzeko!

2018/03/05

Martxoko lehiaketa

iritzia: 


Hilabete honetako galdera: Zenbat aktorek hartzen dute parte Miss Karaoke antzezlanean?

Saria: apirilaren 13an, 22:15ean, Beasaingo Usurbe antzokian izango den Miss Karaoke antzezlanerako bi sarrera.

Parte hartzeko azken eguna: martxoak 23.

Bidali zure erantzuna:

E-posta: goierri@aek.eus
Whatsapp mezua: 607 635 687

Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez.

Lehiaketaren laguntzaileak: