2017/12/22

Eguberri eta urte euskahaldun on!

iritzia: 
Goiztiri AEK euskaltegiko kideok oporrak hartuko ditugu gaur, urtarrilaren 8ra arte. Beraz, Beasaingo eta Ordiziako euskaltegiak itxita izango ditugu, ez da eskolarik izango, eta bloga eta sare sozialak ez ditugu eguneratuko. Eguberri eta urte euskahaldun on!


Loteria tokatuko balitzait...

iritzia: 
Auskalo taldekoek Gautxori taldearen galderari erantzun diote eta loteria tokatuz gero, zer egingo luketen azaldu dute.


Abenduko lehiaketaren zozketa

iritzia: 
Abenduko lehiaketaren zozketa egin dute Beasaingo goizeko taldekoek eta Ixiar Eratsun izan da irabazlea. Antzerki Garairako bonua irabazi du eta horri esker ekimen honen barruan izango diren antzerki guztiak ikusi ahalko ditu. Zorionak, Ixiar!



Azkarrak taldearen askaria

iritzia: 
Zaldibiako Azkarrak taldeak askaria egin zuen atzo urteko azken eskola egunean, urteari elkarrekin modu goxoan agur esateko.Tea edan zuten, eta Maroko eta Pakistan aldeko zenbait janari dastatu zituzten, hainbat gozorekin batera. 


Azkarrak izateaz gain, lotsati samarrak ere badirenez, batzuk bizkarrez agertu dira argazkian eta besteren batek ihes ere egin du. Ispiluari erreparatuz gero, ikusiko duzue argazkian falta dena.

Loteria tokatuko balitzaizue, zer egingo zenukete?

iritzia: 
Gautxori taldekoak baldintza hipotetikoa lantzen ari dira, eta loteria tokatuko balitzaie, zer egingo luketen kontatu digute bideoan. 


Eta zuek, zer egingo zenukete?

Asmakizunaren erantzuna

iritzia: 
Adarra taldekoek pare bat bideo grabatu zituzten bi lekuren inguruko pistak emanez eta beste taldeetakoek erantzun egin zuten iruzkinetan. Orain, Adarra taldekoek erantzun horiek zuzenak ziren ala ez adierazi dute azpiko bideoan. Ikusi eta ea zuzen zenbiltzaten!




2017/12/21

Banatu ditugu postal lehiaketaren sariak

iritzia: 

Euskal Gabonak ardatz hartuta, postal lehiaketa antolatu ohi dugu urtero Ordizian, eta Jakintza eta Urdaneta ikastetxeetako 3,4,5 eta 6.mailako ikasleek parte hartu ohi dute. Euskaltegiko ikasleek egiten dute epaimahai lana eta aurtengoan ia 200 lanen artean aukeratu behar izan dituzte maila bakoitzeko garaileak. Atzo Ordiziako Barrena jauregian egindako sari banaketan eman genuen irabazleen berri.

  • 3.maila: Oihan Lezea
Ikasleei postal alaia, koloretsua eta dibertigarria iruditu zaie eta diseinua originala eta txukuna dela azpimarratu dute. Oso landua, oro har. 



Saririk ez izan arren, maila bakoitzean bakarra ematen delako, aipamen berezi bat ere egin nahi izan diote Mikel Velascoren lanari, oso txukuna eta landua iruditu baitzaie, Olentzero irudikatzeko oso modu originala erabilita.

  • 4.maila: Safi Chaudhary
Oso fina eta txukuna iruditu zaie ikasleei, ipuin bateko magia ekarri die burura bertako diseinu eta koloreek.


  • 5.maila: Antonio Jesus Puertas
Postal polita delako eta detaile zainduak dituelako aukeratu dute. Pertsonaia mitologikoa ere presente izan du. Testu polita du, diseinu ona eta ongi antolatua.



  • 6.maila: Garazi Zubiaurre
Postalaren diseinuagatik eta simetrien jolasagatik hautatu dute. Horretaz gain, pertsonaia mitologikoekin jolastu du eta etxeari ere erreferentzia egin dio zuhaitza jarrita. Sinplea da baina fina, kolore konbinazio politarekin. Oso lan txukuna eta garbia iruditu zaie ikasleei. 



Lehiaketan parte hartu duten lan guztiekin osatutako erakusketa ikusgai izango da Ordiziako Barrena jauregian urtarrilaren 4ra arte. Hurbildu eta gozatu lanekin!

Zorionak eta eskerrik asko parte-hartzaile guztiei! Bejondeizuela!

2017/12/20

Euskal kantugintza ezagutzen: Huntza

iritzia: 
huntza bilaketarekin bat datozen irudiak

Ordiziako Adarra taldekoak euskal kantagintza ezagutzen ari dira eta aste honetan Huntza taldearen nondik norakoen berri izan dute. Horretaz gain, taldearen Elurretan kantua ere landu dute, hutsuneak betez.



Gautxori taldekoek eskuratu dute lehiaketaren saria

iritzia: 
Azaroko lehiaketan Goierriko liburu eta disko azoketako batean erabiltzeko 50 euroko bonua zozkatu genuen. Ordiziako Gautxori taldeari egokitu zitzaion saria eta igandean Beasaingo euskal liburu eta disko azokan izan ziren erosketak egiten. Taldearen ordezkari lana egin zuen Espek, eta Usua irakasleak ere lagundu zion aukeraketarekin. Gozatu sariaz!

2017/12/19

Postal lehiaketaren sari banaketa

iritzia: 
 
Iazko irabazleak

Gabonetako postal lehiaketaren sari banaketa egingo dugu bihar, hilak 20, Ordiziako Barrena jauregian, 18:30ean. Ordiziako 3,4,5 eta 6.mailako ikasleek euskal Gabonen gaia kontuan hartuta egindako lanak ikusita, maila bakoitzeko irabazle bana hautatu dute euskaltegiko ikasleek. Bihar jasoko dituzte sariak eta, horretaz gain, parte hartutako lan guztiekin osatutako erakusketa ere irekiko da, urtarril hasierara arte ikusgai egongo dena.

Bertara gonbidatzen zaituztegu guztiok!

2017/12/18

Sorginak taldea

iritzia: 
Ordiziako Sorginak taldeak ere egin du aurkezpen-bideoa. Emakume alaiak ditugu, zalantzarik gabe!



Kontrapas abesten

iritzia: 
Ordiziako Adarra taldeko kideek Kontrapas abestia kantatzeko gonbita egin zieten goizeko gainerako taldeei. Behar bezalako erantzuna eman zuten gainerako ikasleek ere, eta asteazken goizean euskaltegi aurrean bildu ziren kantua abesteko. Hona hemen emaitza:



Zer iruditu zaizue?

2017/12/14

Ikasleak kafea hartzen

iritzia: 
Ordiziako Goazen eta Izar Berriak taldeko kideek eguneroko elkarrizketen lanketa egin dute. Euskaltegian kafe-makina daukagu eta ohikoa izaten da bertan kafea hartuz, etenalditxoa egin eta kideekin hizketan aritzea. Ikasleek ere saiakera egin dute horretan, bideoetan ikus daitekeen moduan.




2017/12/12

Liburu eta disko azokak asteburuan

iritzia: 
Euskarazko liburu eta disko azokak izango dira asteburu honetan Ataunen, Beasainen, Lazkaon, Ordizian eta Seguran. Urteroko moduan, elkarlanean antolatu ditugu herri guztietakoak, 'Azokak batzen gaitu' lelopean. Euskarazko liburu, disko eta jolasak topatuko dituzue azoketan, %15eko deskontuarekin.

Beasaingoa, Goiztiri AEK euskaltegikook antolatzen dugu Beasaingo Udalaren eta Mirentxu liburu-dendaren laguntzaz. Aurten ere Gernika pasealekuan egingo dugu azoka, pilotaleku estaliaren parean. 

Ordutegia
  • Ostirala,hilak 15: 11:00-13:00 / 17:00-20:00
  • Larunbata, hilak 16: 11:00-14:00/ 17:00-20:00
  • Igandea, hilak 17: 11:00-15:00
Egitaraua

Ostirala
  • 11:00etan, Gabonetako kartel lehiaketaren sari banaketa.
  • 17:30ean, irakurle taldea. Mikel Etxabururen Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak liburuaren inguruko solasaldia eta errezitaldia ondoren. 
Larunbata
  • 12:00etan, musika eskolako trikitilariak.
  • 13:00etan, Migel Angel Mintegiren June eta meategiko iheslariak liburuaren aurkezpena. Irene Kortaberria izango da aurkezlea.
  • 18:30ean, Kantujiraren saioa.
Beste herrietako egitarauak ere ikus ditzakezue Goierriko Hitzak prestatutako irudi honetan.



Hurbildu azokara eta parte hartu ekitaldietan. Azokak, euskarak eta euskal kulturak batzen gaitu!

2017/12/11

Kontrapas abestia kantatzeko gonbita

iritzia: 
Jakintza ikastolako erakusketa bisitatu ostean, jakin-mina piztu eta gehiago sakondu dute Ordiziako Adarra taldekoek. Lore-jokoen inguruan lanketa egin dute eta Bernart Etxepare idazlea ere hobeto ezagutu dute. 



Horretaz gain, Etxepareren bertsoetan oinarritutako Kontrapas abestia entzun dute. Abestia gustatu eta gainerako taldeei gonbita egin diete asteazkenean, abenduak 13, 11:00etan, Ordiziako euskaltegi aurrean guztiok batera kantatzeko. Azpian duzue kantuaren bideoa, entseguak egin ahal izateko.


Ez ahaztu! Asteazkenean, 11:00etan, Ordiziako euskaltegi aurrean. Hasi eztarriak berotzen!

San Nikolas Txiki eguna ezagutzen

iritzia: 


San Nikolas Txiki eguna ospatu ohi dute Seguran abenduaren 6an eta bertan izan ginen euskaltegiko ikasle eta irakasle batzuk. Laureano Telleria segurarrak egun honen inguruko jatorri eta tradizioei buruz hitz egin zigun.


Aurten San Nikolas Txiki izan den Amets Albizuk ere badu lotura jai honekin,  jantziak bere birramonak egindakoak baitira eta lan handia egin baitzuen ohitura honi eusten.


Herriko haurrak kalean gora eta behera ibili ziren San Nikolas Txikiren abestia abestu eta etxeetan zeudenei eskean.





Ondoren, Rafa Berasategik gidatzen duen erakusketa bisitatu genuen, Erraztiolatza erakustokia, hain zuzen ere. Bertan, herriaren historia ikus daiteke maketetan, arbasoen bizimodua eta usadioak, tresneria...



Talde-argazkia ere atera genuen txangoaren amaieran Rafa Berasategirekin berarekin. 


Mila esker, Segura edo Erraztiolatza, harreragatik, eta hurrengora arte!

2017/12/06

Gozozaleak taldearen aurkezpen-bideoa

iritzia: 
Segurako Gozozaleak taldeak argazkia bidali zigun eta oraingoan aurkezpen- bideoa jaso dugu. Bideo polita bidali digute, gainera!



Euskararen jatorriari buruzko erakusketa

iritzia: 


Ordiziako Jakintza ikastolako ikasleek euskararen jatorriari buruz eurek prestatutako erakusketara gonbidatu gintuzten, eta bertan izan ginen astelehenean.


Ikasleek gidatu gintuzten erakusketan barrena eta hainbat alorren inguruko kontuak ikasi genituen: euskararen kronologia erromatarren garaitik hona, euskararen jatorriari buruzko hipotesiak, euskal idazleak eta zer ekarpen egin duten, Barandiaran eta mitoak...



 

Jolasa ere egin genuen kanpoko hizkuntzetatik hartutako maileguen euskal ordainak asmatzeko. 


Goiz-pasa ederra egin genuen eta oso harrera ona egin ziguten, gainera, ikasleek. Mila esker eta hurrengora arte!

2017/12/05

Abenduko lehiaketa

iritzia: 
Hilabete honetako galdera: Zein bertsolari goierritar arituko da kantuan 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean?


Saria: Beasain eta Ordizian egingo den Antzerki Garairako bonua. Bonuak antzerki guztiak ikusteko balio du.

Parte hartzeko azken eguna: abenduak 20.

Bidali zure erantzuna:
  • E-posta: goierri@aek.eus
  • Whatsapp mezua: 607 635 687

Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez.

Lehiaketaren laguntzaileak:

2017/12/04

Azaroko lehiaketaren irabazlea

iritzia: 
Azaroko lehiaketan 28 lagunek hartu dute parte, eta gaur goizean egin dute zozketa Ordiziako Adarra taldekoek, bideoan ikus daitekeen moduan.



Ondo aipatu dutenez, Gautxori taldeak eskuratu du saria. Beraz, 50 euroko bonua izango dute abenduaren 15,16 eta 17an Goierrin egingo diren liburu eta disko azoketako batean erabiltzeko. Zorionak Gautxori taldea!


2017/12/01

Hainbat ekitaldi Goierrin euskararen eguna ospatzeko

iritzia: 
 

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu eta Goierrin hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurtik hasi eta igandera bitarte. Goierriko Hitzako lagunek herrietako egitarauak bateratu dituzte eta azpiko irudian daukazue jasota.


Merezi du eguna ospatzea baina gogoan izan 365 egun dituela euskarak eta datorren urtean ere oso kontuan izan beharko dugu! 

Zer leku da?

iritzia: 
Ordiziako Adarra taldeko kideak leku batera nola hel gaitezkeen, txoko bat nolakoa den eta zergatik duten gustuko lantzen aritu dira eta, horren harira, asmakizun bideoa grabatu dute. Gure lana zer lekuri buruz ari diren asmatzea izango da! Idatzi iruzkinetan zuen ustez zer toki diren eta gero eurek esango digute zuzen gabiltzan ala ez.




Ea asmatzen duzuen! Idatzi iruzkinetan!