2017/10/31

Arrakalak taldea

iritzia: 
Ordiziako Arrakala taldekoek argazki hau bidali dute blogerako. Irudian nabarmen geratu den moduan, ikasle saiatuak ditugu hauek, finak! Ez dute bururik altxa ere egiten!

2017/10/30

Gautxori taldea

iritzia: 

Ordiziako Gautxori taldeko kideek ere blogean parte hartu nahi izan dute eta euren burua aurkeztu digute ikus-entzunezko honetan. Ikusi bideoak!



Eta euskaraz jakingo banu?

iritzia: 


Eta euskaraz jakingo banu?


2017/10/26

Errigorako saskiak: zubigintzan eta herrilanean

iritzia: 

Auzolana, herri-lana, zubigintza. Horiek dira Errigora egitasmoaren kanpaina berriaren goiburuak. Nafarroa hegoaldeko euskara eta nekazaritza bultzatzeko ekimena elkartasunean eta elkarlanean oinarritzen da. Urtez urte zabaltzen doan proiektua da, eta kopuruak ere gorako bidean doaz. Iazko udazkeneko kanpainan 14.000 saski banatu zituzten, eta 175.000 euro bideratu zituzten euskalgintzako proiektuetara. Aurtengo udaberrian berriz, 85.000 litro olio banatu dituzte, 208.000 euroko laguntza lortuz.

Gaurtik azaroaren 14ra bitartean izango da martxan Errigoraren udazkeneko kanpaina berria. «Zubiak eraiki eta gurutzatu» nahi dituztela diote arduradunek: herrialde ezberdinetako herritarren arteko zubiak, lurraren eta euskararen artekoak eta nekazarien eta euskaltzaleen artekoak.




Bi saski ezberdin

Pasa den urteko ErrigoraGo kanpainan produktuen eskaintza zabaltzeko apustua egin zuten, eta aurten ere bi saski mota jarriko dituzte aukeran, zuria eta beltza, 50 euroren truke bakoitza. Azpiko irudian eta esku-orrian ikus dezakezue kaxa bakoitzak zer produktu dituen. 


Saskiak gure euskaltegietan eska ditzakezue, bai Beasaingoan eta baita Ordiziakoan ere. Azaroren 14a da eskaerak jasotzeko azken eguna, eta banaketa, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo da.

2017/10/25

Mintzapraktika egin nahi al duzu?

iritzia: 

Euskara praktikatu nahi baduzu, badago aukera! Euskaltegiko mintza-saioetan parte-har dezakezu, beste ikasle batzuekin batera. Mintza-saioak ostegunetan izaten dira:
  • Ordizian, 10:30etik 12:00etara
  • Beasainen, 17:30etik 19:00etara
Eman izena eta praktikatu euskara! 

Zergatik ez hasi euskara ikasten?

iritzia: 
Ikasturtea martxan da, baina ez da berandu euskara ikasten hasteko. Zergatik ez gaur hasi? A1 mailako taldeak ditugu euskaltegian, bai goizez bai arratsaldez. Eskolak astelehenetik asteazkenera izaten dira, goizez edo arratsaldez, honako ordutegietan: 09:45-12:00/ 17:45-20:00. 

Izar berriak taldea

iritzia: 

Izar berriak taldearen txanda dugu gaurkoan. Hauek ere euren berri eman digute: nongoak diren, non bizi diren, euren zaletasunak zein diren...Ikusi bideoa!


2017/10/24

Txakurtxulo taldea

iritzia: 

Gaurkoan, Ordiziako Txakurtxulo taldearen txanda dugu. Ikasleek banan-banan aurkeztu digute euren burua bideoan. Ikusi, eta utzi iruzkina!


2017/10/23

Goazen taldearen aurkezpena

iritzia: 

Euskaltegiko ikasleak hasi dira aurkezpen bideoak grabatzen, gainerako ikaskideei zein blogeko jarraitzaileei euren buruaren berri emateko eta elkar ezagutzeko. Gaurkoan, Ordiziako Goazen taldearen txanda dugu.  

2017/10/20

Azaroan hilabeteko ikastaro trinkoak Foruko barnetegian

iritzia: 
Hizkuntza bat ikasteko ez dago hizkuntza hori hitz egiten den ingurunean murgiltzea bezalakorik. Hori dela eta, egunean 24 orduz euskaraz bizitzeko aukera ematen dizugu Foruko barnetegian: euskaraz gosaldu, bazkaldu eta afaldu; euskara eskolak jaso; eta, ordu libreetan, euskara hutsean bizi.
AEK-k ikasturte osoan eskaintzen dizu, urritik ekainera, barnetegian ikasteko aukera. Hilabete edo gehiago (120 orduko ikastaroak) egin dezakezu Foruko barnetegian (Bizkaia), Urdaibaiko biosfera-erreserban.


Azaroko ikastaroa martxan dago, urriaren 30etik azaroaren 24ra izango da. Maila guztiak! Datozen hilabeteotan ere aukera gehiago izango duzu. Ikusi hemen.

Prezioa: 536 euro, eskolak, egonaldia eta otorduak barne.

Informazio gehiago eta izen-emateak: gernika@aek.eus // 946 253 596

2017/10/18

Zubigintza

iritzia: 
Zubigintza amildegiak gurutzatzeko artea da. Bizkarrez dauden munduak elkarri begira jartzekoa. Ertza abiapuntu bihurtzekoa. Alegia egia egitekoa. Horixe da, hain zuzen, Errigoraren langintza: zubiak eraikitzea. 

2017/10/17

Taldeak ezagutzen

iritzia: 
Goiztiri AEKren taldean martxan dira urri hasieratik eta hasi dira blogerako argazkiak ateratzen, elkar ezagutu dezagun. Bi talde ditugu hemen, Ordiziako euskaltegikoak; bata, iluntzekoa, Gautxori taldea, eta bestea, goizekoa, Auskalo taldea. 



Adi izan, talde gehiagoren argazkiak ere izango dira-eta datozen egunetan!

2017/10/11

Euskararen kriseilua Ordizian

iritzia: 

 
Euskararen Kriseilua proiektua jarriko du martxan Ordiziako Udalak. Euskararen erabilera sustatzea du helburu proiektuak eta Ordiziako familiei zuzendutako proposamena da; euskara, elkarrekin zaindu, transmititu eta hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egiteko gonbidapena. Joseba Aranburu zinegotziak, Euskararen Topagunea elkarteko ideiaren sortzaileak eta Ordiziako ikastetxeetako ordezkariek aurkeztu dute egitasmoa. Gipuzkoan egitasmoa burutuko duen lehenengo udalerria da.


Hizkuntza su txiki, argitsu eta koloretsu baten moduan irudikatzen du Euskararen Kriseilua egitasmoak. Euskaltzaleen Topaguneak sortu, eta Ordiziako udalak, herriko ikastetxeen laguntzaz, bere egin duen proiektua da hau. Etxea ezinbesteko gunea da hizkuntzaren transmisio eta sozializaziorako. Kalean, eskolan eta etxean, gertutik, hurbiletik egiten delako transmisio hori. ‘Denok partekatzen dugu hizkuntza jaso, bizi eta hurrengoei pasatzeko ardura’, esan dute.

Bi gonbidapen egiten zaizkie proiektuaren hartzaileak diren 4 eta 8 urte bitarteko haurrak dituzten familiei:

  • Lehenik euskararen sua bizirik mantentzea, Euskararen Kriseilua etxera eraman, zaindu eta hizkuntza erabiltzea.
  • Bigarrenik, Kriseilua etxean duten egun horietan, etxekoen hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko tarte bat hartu eta elkarrekin ohitura horiek hobetzeko konpromisoak aukeratzea. www.kriseilua.eus webgunearen bidez egin ahal izango da hausnarketa hori, bertan proposatzen den galdetegia erantzunez. Horren baitan familia bakoitzari erabilera sustatzeko dagozkion erronkak azalduko zaizkio.

Etxez etxe ibiliko da Euskararen kriseilua urrian hasi eta abendura arte. Aste betez izango dute familiek etxean, eta ondoren beste familia batek hartuko du lekukoa. Amaieran, denon parte hartzea eskertu eta hartutako konpromisoak ospatzeko jai bat egingo da.

Euskaren Kriseiluan parte hartzeko, www.ordizia-euskaraz.eus webguneko galdetegia edo ikastetxean banatuko den izen-emate fitxa bete beharko dira urriaren 23a baino lehen.

2017/10/10

Pirinioak AEK euskaltegiko ikasleen esperientzia

iritzia: 
Erronkariko Pirinioetako AEK euskaltegiko ikasleek euren esperientziari buruz hitz egin dute bideo eder honetan.Bejondeiela!


2017/10/09

Urriko lehiaketa

iritzia: 
 
Hilabete honetako galdera: Nola du izena AEKren aldizkariak?

Saria: Azaroaren 17an, 20:00etan, Beasaingo Usurbe antzokian egingo den Artxipielago kontzerturako bi sarrera. 
 
  • Artxipielago ikuskizunak kantagintza, bertsolaritza, musika eta irudien proiekzioa uztartzen ditu. 
  • Partaideak:
Ainhoa Garmendia, sopranoa
Andoni Egaña, bertsolaria
Pello Ramirez,txelo-jotzailea
Garikoitz Mendizabal,txistularia
Germán Ormazabal, piano-jotzailea

Parte hartzeko azken eguna: urriak 31.

 
Bidali zure erantzuna:
  • E-posta: goierri@aek.eus
  • Whatsapp mezua: 607 635 687
Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez. 
 

Lehiaketaren laguntzaileak:


2017/10/06

Online ikastaroak

iritzia: 
Egunero euskaltegira etortzerik ez baduzu, on line ikastaroak eskaintzen dizkizugu! On line ikastaroak iraupen jakineko ikastaroak dira (20-190 ordu), helburu zehatza daukate eta denbora epe jakinean burutzen dira (hiru hilabete edo ikasturte osoa). Tutorearen aholkularitza eta jarraipen zuzena eskainiko dizkizugu, baita ikastaldearen laguntza eta ikaskideekiko harreman etengabea ere. Ikastaro guztiak Moodle software librea erabilita ematen ditugu.

Hona hemen, 2017/18 ikasturterako eskaintza:

Mailak egiaztatzeko azterketak prestatzeko ikastaroak eta euskalduntzearen mailak:
  • A1
  • A2
  • B1 (1. maila)
  • B2 (2. maila)
  • C1 (3. maila)
  • C2 atarikoa (hobekuntza)
  • C2 (4.maila)

100 orduko ikastaroen prezioa: 342 euro.
190 orduko ikastaroen prezioa: 617 euro.


 Euskalduntzearen 4. maila (C2):

Ikastaro bat eta proiektua egin behar dira gero HABEren laugarren mailako azterketara aurkeztu ahal izateko.

Ikastaroa 180 ordukoa izan ohi da eta proiektua garatzeko 10 tutoretza-saio eskaintzen ditugu ikaslearekin hitzartutako egun eta orduetan guk proposatutako asteetan.
Ikastaroan edukiak lantzen dira eta normalki hiru asteetako lana izan ohi da. Nahi dutenean egin dezakete lana baina epe jakina izaten dute amaitzeko.
Proiektua martxoa-apirila aldera amaitua izan behar da normalki, 20.000 karaktereko lana da.

Prezioa*: Ikastaroa, 252 euro. Tutoretzak, 282 euro (HABEk diruz lagundua). Guztira: 534 euro.

*Prezio eta eskaintza hau 4. mailan inoiz matrikulatuta egon ez direnei begirakoa da, ikastaro bietan eman behar dute izena nahiz eta proiektua bigarren urtean egin. Aurretik 4. mailan ibilitakoak balira, eskaintza eta prezioak kontsultatu.

BOGA metodologian oinarritutako ikastaroak. Hasiera mailak (A1 eta A2):

Eredua ikusteko: hemen

Prezioak:
  • Hiruhileko bat: 218 euro. 72ordu. (urria abendua)
  • Bi hiruhileko: 436 euro. 144 ordu. (urria martxoa)
  • Hiru hiruhileko 654 euro.216 ordu. (urria ekaina)
  • Mintza-saioak egin daitezke. Baina hasiera mailetan ez dugu aholkatzen. Aparte kontratatu behar dira. Ordu bat astero. Mintza-saio solteak: 41 euro ordua. Taldean 5 (pertsona gutxienez): 8 euro ordua.



ONLINE IKASTAROEI BURUZKO INFORMAZIO GEHIAGO

Ikastaroak gune honetan ematen ditugu: Egela

Ikastaroen demoak hementxe:
  • Ikastaroen ereduak ikusi ahal dituzue bisitari modura sartuta ( bestela, erabiltzaile izena eta pasahitza: demoak):
Ikastaroen ezaugarri orokorrak:
  • Erabat online. Tutore baten artapen jarraia eta jarraipen pertsonalizatua.
  • Tutoretza saioak 15ean behin (bideo eta audio konferentziaz)
  • Ordubeteko mintza-saioak astero.
  • Ebaluazio jarraia.
Betebehar teknikoak :
  • IKTen oinarrizko erabilera. Webcam edota mikrofonoa. Interneterako konexioa.
  • Software librea edo doakoa erabiltzen dugunez, ikastaroaren bidez eskuratuko duzu beharrezkoa den bestelako softwarea.
HABEren azterketen informazioa:

Matrikulatzeko edo informazio gehiago eskatzeko:

Mezua bidali e-idazkaritza@aek.eus helbidera.
Izena emateko izen-abizenak, posta helbide elektronikoa eta telefono zenbakia bidali. 639 440 615 telefono zenbakira ere deitu dezakezu (Jaione Barandiaran).

2017/10/04

Ikasturte berriko AIZU! aldizkaria

iritzia: 

Elkarrizketa eta erreportaje interesgarriak: Sra. Polaroiska; DJ Bull; BIBA Bilbo; Leo Turiño #aekjendea; binilozko umeak... Liburu eta disko kritikak, denbora-pasak, komikiak eta askoz gehiago.

AEKn matrikulatuz gero, AIZU! aldizkaria opari, irakurriz ikasteko eta ikasiz gozatzeko. On egin, irakurle!

2017/10/03

Taldeen eskaintza

iritzia: 
 
 
Ikasturte berria martxan da eta azpiko dokumentuan agertzen diren hauek dira une honetan ditugun taldeak. Klaseak hasi berri direnez, taldeetan txertatzeko aukera dago oraindik, baina hilaren 20a baino lehen matrikulatu beharko da.Ikasi euskara praktikoa modu afektiboan!

2017/10/02

Mintzalaguna Ordizian

iritzia: 
Mintzalaguna egitasmoa euskaraz mintzatzeko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzeko programa da. Egitasmo honek hainbat helburu ditu: euskara hobetzea, gehiagotan erabiltzea, euskaraz bizitzea, normalizazioaren alde egitea, ingurune euskalduna sortu, indartu eta zabaltzea...

Astean behin bildu ohi dira, ordubetez edo, egunerokotasunean euskaraz aritzen direnak eta euskara praktikatu nahi dutenak. Paseoan, kafetegian, parkean edo edozein lekutan elkar daitezke, eurek nahi dutena euskaraz egiteko. Horretaz gain, ikasturtean zehar kultur ekintzetan parte hartzeko aukera ere izaten da.

Izena eman nahi izanez gero, Ordiziako euskaltegira (943889174/ ordizia@aek.eus) jo dezakezue edota Hitzaro Kultur Elkartera (943 162 366/ hitzaro@gmail.com) helbidera.Urriaren 21ean amaituko da izena emateko epea.