2017/06/30

Zaldibiako eta Legorretako ikasleen agurra

iritzia: 


Zaldibiako eta Legorretako AISA ikasleek aste honetan bukatu dute ikasturtea eta klasean jolasean zein klasetik kanpoko otorduekin eman diote amaiera. 



2017/06/29

Euskaltegiko ikaslea Euskadi Irratian

iritzia: 

Marrazoak taldeko ikaslea den Lejla Oruch Euskadi Irratian izan zen joan den astean errefuxiatuen gaiari buruz hitz egiteko. Lejlak sei urterekin ihes egin zuen Bosniatik ama eta ahizparekin.  Mari Jose Ansalaz ordiziarra ere irratian izan da bere testigantza ematen, errefuxiatuei laguntzen ibilitakoa baita. Hemen entzun dezakezue elkarrizketa osoa.

2017/06/28

Beasaingo taldearen aldizkaria: Hamaiketan hamaiketakoa

iritzia: 
Beasaingo AEORRI taldeak aldizkaria sortu du ikasturte amaieran. Ikasgelan egiten ari ziren lanketa batetik abiatuta, idatzizko komunikabide interesgarri hau sortu dute: Hamaiketan hamaiketakoa. Ikasle bakoitzak bere ardura izan du eta gai baten inguruan idatzi dute. Begira zer emaitza txukuna!

2017/06/27

Ikasturtea agurtzen

iritzia: 
Euskaltegiaren ikasturte amaierako irteera eta afaria egin genuen hilaren 16an, baina talde bat baino gehiagok badu elkartzeko joera behin betiko agurra emateko ikasturteari. Beasaingo AEORRI taldekoak mahaiaren bueltan eseri ziren, ikasturte osoko bizipenak bildu eta borobiltzeko. 

 

Erosketak egiten

iritzia: 
Ikasturteko azken egunean Ordiziako Harizti taldekoek erosketak egin zituzten. Maiz ibiltzen diren saltokietara jo zuten eta euskaraz egin zuten elkarrizketa osoa, erosketak euskaraz egiten ohitzeko eta segurtasuna hartzeko. Ikasle bakoitzak bina lekutara jo behar izan zuen behar zuena eskuratzeko:
  • Martin: ogia eta egunkaria + boligrafoa (azken uneko ezustea)
  • Manu: ogia eta tabakoa
  • Goyo: frutak eta egunkaria
  • Manoli: arraina eta galletak
Azokan erosi zuen fruta Goyok eta bertan atera zuten argazkia, oroitzapen gisa.


2017/06/23

Umorea garaile

iritzia: 
XXVI. Euskarazko txiste eta pasadizoen sari banaketa egin genuen asteazkenean Ordiziako Barrena jauregian. Azken urteetan ohitura den moduan, Hitzaro euskara elkarteak Mintzalagunentzat antolatzen duen ikasturte amaierako jaiarekin uztartu genuen gure ekitaldia.

1.SARIA


Ordiziako Anitzak taldeak eskuratu zuen saria eta bertako ikasle den Arantxa Martinek kontatu zuen txistea. 'Bibliak saltzen' txisteari esker, Urbitarte sagardotegian 5 lagunentzako otordua eskuratu dute.




2.SARIA

Ordiziako Oiangu taldeko ikaslea den Ana Merinok lortu zuen bigarren saria 'Behiaren belarria' txistearen bidez. Zeraingo Oiharte nekazalturismoan bi lagunentzako afariaz, gaueko egonaldiaz eta gosariaz gozatuko du. 



3.SARIA

'Beti ikasten' taldeko Espe Garciak hirugarren postua lortu zuen, 'Lan bila' txisteari esker eta tableta irabazi du.



Sari banaketaren ondoren, Jose Cruz Gurrutxagaren 'Umorea' bakarrizketa izan zen eta, amaitzeko, luntxa.


Aurtengoa amaitu da, beraz, baina datorren urtean ere izango dugu umorerako tartea! Bien bitartean, segi euskarazko umoreaz gozatzen!

2017/06/21

Ibilaldia eta afaria lagunartean

iritzia: 

Joan den ostiralean, hilak 16, egin genuen ikasturte amaierako irteera. Lareoko urtegiaren inguruan ibilaldia egin genuen eta hankak luzatu eta aire freskoaz gozatzeko parada izan genuen; baita paisaiaz ere, lainoa izan arren.


Jarraian, Lizarrustin indarberritzeko geldialdia egin genuen eta handik Ordiziara itzuli ginen, Tximista sagardotegira. Bertan berdindu genuen sabela, sagardoz lagundurik eta elkarrekin hizketaldi gozoan. 


Ondoren, kantutegia atera eta abesteari ekin genion, mikrofono eta bozgorailu baten laguntzaz. Talde bakoitzak abesti bana aukeratu zuen eta hura abestu, guztion ahotsen konpainian. Hura amaitutakoan batzuek etxerako bidea hartu zuten eta beste batzuek, berriz, gaua luzatu nahi izan zuten herriko hainbat txokotan barna. 

Ikasturteari amaiera emateko modu polita izan zen eta datorren urtean ere elkartuko gara berriz!

Argazki galeria hemen.

2017/06/19

Barnetegi ibiltariak: euskara lantzeko aukera bikaina!

iritzia: 
Udaran euskara ikasteko aukerak ugaritu egiten dira, eta horren isla dira AEK-k uztailetik irailera bitartean abian jarriko dituen era guztietako barnetegi eta ikastaroak.

 
Barnetegi ibiltariak (oinez zein bizikletaz) naturarekin harreman estuan egiten dira. Hauetan ez dago eskola ordurik, batez ere, mintzapraktikara bideratuta daudelako, baina arduradunak irakasleak dira eta beti egoten dira prest edozein zalantza argitzeko edota zuzentzeko.

Oinezkoan, Euskal Herria mendebaldetik ekialdeko muturreraino oinez zeharkatuko dute; uztailaren 15ean Bizkaiko Areatza ingurutik abiatuko dira, Gorbeia, Anboto, Aizkorri, Aralar eta bestelako mendigune ederretatik igaro ondoren, Nafarroako Hiru Erregeen Mahaiaren tontorrean bukatu dute euren ibilbidea, uztailaren 29an.


Barnetegi ibiltaria bizikletaz, berriz, uztailaren 29tik abuztuaren 12ra, Debatik Etxarri-Aranazera izango da. Bizikletaz igo eta pedalei ekinez, Euskal Herriko leku polit ugari bisitatuko dituzte: Urdaibaiko Biosfera Erreserba, Matxitxako lurmuturra, San Juan Gaztelugatxekoa, Arabako lautada, Urbasa, Andia, Ultzamako herri ederrak, Zugarramurdi, Irunberriko eta Arbaiungo arroilak, Anboto mendi misteriotsua, Erronkari harana, Artaxoa eta Butroi gazteluak, Otsagi, Irati, Aralar, Omako baso margotua, Baztan...


Barnetegi ibiltariei buruzko informazioa (garraioa, etapak...) HEMEN.

Informazio gehiago eskuratzeko edota izena emateko: · 
  • 946 464 000 edo 673 200 100
  • udabarnetegiak@aek.eus

Animatu eta eman izena! Ez duzu ahaztuko!

2017/06/15

AEK Jendea Faktorian

iritzia: 

AEK Jendea dugu Leo TuriƱo eta Euskadi Irratiko Faktoria saioan izan da bere ikasketa prozesuaz hitz egiteko. Kuban hasi zen euskara ikasten bere kabuz, gramatika liburu baten laguntzaz, eta Igorrera iritsitakoan, AEKn eman zuen izena. Bere jarrera eta grina azpimarratu dute elkarrizketan.

2017/06/14

Bisita izan dugu euskaltegian

iritzia: 
Ordizian bizi diren hainbat etorkin bisitan izan ditugu euskaltegian, Ainara Ormaetxea migrazio eta aniztasun teknikariarekin eta Jakintza ikastolako zenbait ikaslerekin batera. Herriko hainbat txoko ezagutu dituzte eta tartean gure euskaltegia. Gelak ikusi eta ikasleekin egoteko parada izan dute. Bisita amaitzeko, talde-argazkia atera dugu euskaltegiaren kanpoaldean.


2017/06/13

Aurrematrikula epea zabalik

iritzia: 

Datorren ikasturterako, 17/18, aurrematrikula egiteko epea zabalik dugu eta orain izena emateak hainbat abantaila ditu:
  • %5eko deskontua matrikularen prezioan.
  • Ordainketa malguagoa, beste epe bat gehituta ohiko ordainketa epeari.
  • Lehentasuna taldeak eratzeko orduan.
Aurrematrikularen prezioa (lehenengo ordainketa):
  • 120 euro 240 ordutik gora ikastaroetan.
  • 100 euro 120-240 ordu bitarteko ikastaroetan.
Ikastaroa ez egitea erabakiko bazenu, aurrematrikularen %100 itzuliko dizugu, irailaren 26a baino lehen jakinaraziz gero. Hortik aurrera, matrikula itzulketen ohiko baldintzak aplikatuko zaizkizu.

Izena emateko epea: ekainaren 19ra arte. Informazioa gehiago eskatzeko edo izena emateko, jarri gurekin harremanetan.

2017/06/12

Udako eskaintza Goiztiri AEKn

iritzia: 

Datorren astean udari ongietorria emango diogu eta urtaro berriarekin batera amaituko zaigu ikasturtea. Hala ere, badira udan euskara ikasten jarraitzeko aukerak.

  • Mintzamena prestatzeko ikastaro trinkoak. 
    • Helburua: B1, B2 edo C1/EGA mailen azterketako mintzamen proba lantzea.
    • Iraupena: 40 ordu (egunean 2,5 ordu; uztaila edota iraila).
    • Prezioa: 71 €.
  •  Azterketak prestatzeko ikastaroak. 
    • Helburua: B1, B2 edota C1 mailak egiaztatzeko azterketak prestatzea.
    • Iraupena: 80 ordu (egunero 4 ordu, iraila)
    • Prezioa: 142 €
  • Online ikastaroak: azterketak prestatzeko ikastaroak, A1 eta A2, AEKn irakasle izateko ikastaroa...
  • Udako barnetegiak: euskalduntze, azterketak prestatzeko, familia barnetegia, ibiltaria...

Informazioa eskatzeko edota izena emateko, jarri harremanetan gurekin.

2017/06/09

Pintxo eta aurkezpen dotoreak

iritzia: 

VI.Pintxo lehiaketa egin genuen asteazkenean Ordiziako plazan eta ikasleak fin-fin aritu ziren sukalde lanetan. Osagaiekin jolastu zuten eta itxura ederreko pintxoak sortu zituzten. Gainera, aurkezpenari ere garrantzia handia eman zioten.




Epaimahaikoek guztiak dastatu zituzten eta lanak amaitutakoan, euren epaia jakinarazi zuten. 


Tximeleta taldeak eskuratu zuen bigarren postua, Eskaintza pintxoarekin. 


Irabazleak, berriz, Aizkorri eta Pinpilinpauxa taldekoak izan ziren, Ostadar pintxoari esker. Harizti taldekoek egindako oroigarria lortu zuten, sukaldari kapela. 


Giro zoragarria izan genuen eta primeran pasatu genuen. Datorren urtean elkartuko gara berriro pintxoare festan!

2017/06/08

Maiatzeko lehiaketaren zozketa

iritzia: 
Maiatzeko lehiaketan ekainaren 16an egingo dugun irteerako afaria zen jokoan, bi lagunentzat. Idiazabalgo Axari taldekoek atera dute irabazlearen izena eta Pili Alayon ikasleari egokitu zaio. Zorionak, Pili!


2017/06/07

Agurainen 75 ordu euskaraz

iritzia: 
Iazko azaroaren 8, 9, 10 eta 11n aguraindar ugarik 75 ordu igaro zituzten euskaraz hitz egiten. «Agurainen 75 ordu euskaraz» egitasmoa izan zen hura eta herrian euskara sustatzea zen ekitaldiaren helburu nagusia.

agurainen 75 ordu euskataz bilaketarekin bat datozen irudiak

Hitzordu hartatik hilabete batzuk igaro badira ere, ekimena ez ahazteko haren bideo-dokumentala ikusgai jarri dute orain sarean. Aguraindarren testigantzez, antolatzaileen adierazpenez, eszenaratzeez eta Aguraingo irudi ederrez osatu dute 20 minutuko iraupena duen dokumentala.

2017/06/06

Pintxo lehiaketarako prest

iritzia: 

Iritsi da ikasleentzat kultur ekintza kutunetakoa dena, pintxo lehiaketa! Bihar elkartuko gara Ordiziako plazan, 18:00etan eta ikasleek taldeka eurek aurrez pentsatu eta diseinatutako bi pintxoak prestatuko dituzte. Euskaltegiak jarriko ditu osagaiak eta ordu eta erdi izango dute pintxo hotzak egiteko. Mota bakoitzeko pintxo dezente prestatuko dituzte, epaimahaikoek eta gainerako parte-hartzaileek ere dasta ditzaten.

Zazpi eta erdiak aldera, epaimahaikoak euren lanarekin hasiko dira, ikasleek burututako pintxoak probatzen. Pintxo bakoitzari puntuazioa emango diote eta euren ustez hiru onenak zein diren jakinaraziko dute. Lehen postuan geratzen den taldeak oroigarria lortuko du, gainera, euskaltegiko ikasle batzuek egina. Amaitzeko, pintxoak jango ditugu, giro ederrean.

Animatu eta hurbildu ikustera!

2017/06/05

Ekaineko lehiaketa

iritzia: 
 

Hilabete honetako galdera: Nor da eta nongoa da  AIZU! aldizkariaren ekaineko azaleko pertsonaia, elkarrizketa nagusian protagonista dena?

Saria:
liburu sorta eta jolasak.
  Parte hartzeko azken eguna: ekainak 18.
Bidali zure erantzuna:
  • E-posta: goierri@aek.eus
  • Whatsapp mezua: 607 635 687
Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez. 
Lehiaketaren laguntzaileak:




2017/06/02

AIZU! aldizkariaren ekaineko alea

iritzia: 

AIZU! aldizkariaren ekaineko alea argitaratu berri dute eta hainbat eduki interesgarriz osatuta dator: Ainhoa Garmendia sopranoari elkarrizketa, Zigor Iturrieta sukaldari eta mendi-korrikalariari elkarrizketa, Okela sormen lantegiari eta Errekaleorri buruzko erreportajeak...Kontu hauek guztiak eta beste hainbeste AIZU!-ren azken alean. Gozatu!

2017/06/01

Galde debalde? Telegramen

iritzia: 
AIZU! aldizkariaren Galde debalde? atalaren edukiak asteazkenero argitaratzen dira AEKren Telegram kanalean: telegram.me/AEKeus

Galde debalde? Zalantzak argitzeko, AEK-k txoko hori eskaintzen du hilero AIZU! aldizkariaren 'Ez da hain fazila' erdiko gehigarriaren barruan. Asteazkenero, horko lagin bat ekartzen dugu gure telegram kanalera. Hona hemen, aste honetakoa:



GALDERA: Bikotekideak eta biok beti izaten dugu eztabaida bera erosketa-zerrenda egiteko orduan, neuk beti esaten baitut “okelik gabe gaude”. Berak dioenez, “okelarik gabe” da zuzena. Hala al da? Lagundu, mesedez, zoratzen ari naiz-eta!

Bada, sentitzen dugu, baina borroka hori galduta daukazu! Izan ere, berba okela baita; alegia, -a itsatsia darama. Beraz, deklinatzeko orduan ezin zaionez azkeneko hizki hori kendu, “okelarik gabe” zaudetela esan beharko diozu aurrerantzean. Bestetik, halako zalantzarik edukiz gero, beti daukazue hiztegira jotzea (Hiztegi Batura, esaterako), berbak -a itsatsia daraman egiaztatzeko. Horrela, azkarrago konponduko dituzue zeuen hizkuntz gatazkatxoak! Beste kontu bat da euskalki batzuek (gipuzkerak, bereziki) -a itsatsiak gal­tzeko duten joera bizia (gauz bat, hainbat pertsonen, industri handia...). Hori, baina, dialektologia da.