2016/03/15

Esaera zaharren txapelketa Sopelan

Udaberria ate joka daukagu, eta horrekin batera, Esaera Zaharren Sopelako Txapelketaren XXIII. edizioa. Apirilaren 9a aukeratu dute Sopelako AEK-ko lagunek aurtengo edizioa burutzeko.

Bertsoak eta atsotitzak elkartzea eta euskaraz primeran pasatzea da ekitaldiaren helburua. Lehiaketan taldeka - 2, 3 edo 4 lagunek osatutako taldea- hartzen da parte eta izena eman behar da apirilaren 4a baino lehen.


Parte-hartzaileek bertsoak entzungo dituzte eta esaera zaharrekin identifikatu beharko dituzte. Esaera zahar horien zerrenda (100 esaera) aurrez lortzeko aukera ere izango da, parte hartzeko asmoa dutenek esaerak ikasteko eta praktikatzeko aukera izan dezaten.

Txapelketak bi saio ditu. Goizean, 11:00etatik aurrera, parte-hartzaileak multzoka banatu eta nor bere ibilbideari lotuko zaio, tabernaz taberna, musika-giroan. Zeregina izango dute Algortako Bertso Eskolako kideen bertso idatziak entzun eta, bakoitzaren azpian gordetzen den esaera zaharra zein ote den erabakita, atsotitza asmatzea eta zuzen esatea. Horrela, multzoetatik talde bana sailkatuko da final-erdirako, puntu gehien eskuratutakoa, hain zuzen.

Ondoren, 15:00ak aldera, herri-bazkaria izango da, Ander Deuna ikastolan. Bazkalostean, berriz, final-erdiak eta finala jokatuko dira, ia-ia goizeko modu berean. Izan ere, oraingoan bat-bateko bertsoak adituko dituzte taldeek, Itxaso Paia eta Odei Barroso bertsolarien ahoetatik.

Izen-emateak 10 euro balio du taldeko eta bazkariak 20 euro pertsonako. Sariak ere egongo dira!

Informazioa eta izen emateak: telefonoz (618.57.44.45 / 695.77.40.15) edo posta elektronikoz (jose-p@aek.eus / aitor-f@aek.eus).

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina