2015/04/30

Euskarazko txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa martxan

iritzia: 
 

Umorea  beharrezkoa dugu geure egunerokotasunean eta euskaldunok geure hizkuntzan lantzen dugu geure alderdi komikoa. Goiztiri AEK-kook XXIV. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa antolatu dugu umorea euskaraz egiten eta zabaltzen jarraitzeko. 

LEHIAKETA
  • Zer: euskaraz, batuan edota euskalkian, idatzitako txiste edota pasadizoak.
  • Parte hartzaileak: 16 urtetik gorakoak.
  • Epaimahaiak: Goiztiri AEKren ikasleak.
  • Parte hartzeko modua: pasadizo edo txiste idatziak e-postaz bidali behar dira goierri@aek.org helbidera,  izen-abizenak, helbidea eta telefonoa jarrita.
  • Parte hartzeko azken eguna: maiatzak 22.
  • Sariak:
    • 1.saria: 5 lagunentzako afaria Ataungo Urbitarte sagardotegian.
    • 2.saria: 2 lagunentzako afaria, gaueko egonaldia eta gosaria Zeraingo Oiharten.
    • 3.saria: tablet-a.
 

Parte hartu euskahaldun umoretsuok!

2015/04/29

Euskahalduntzeko tailerra izango dugu maiatzaren 8an Beasainen

iritzia: 


Euskahaldun oso eta eroso izan nahi al duzu? Bada, helburu hori lortzeko tailer dinamikoa, atsegina eta parte-hartzailea antolatu dugu maiatzaren 8rako Beasainen.

  • Zer: euskaraz hitz egin eta ingurukoengan eragin nahi duten pertsonek erabil ditzaketen teknikak eta baliabide zehatzak landuko dira, talde dinamiken eta rol jokoan bidez. 
  • Noiz: maiatzaren 8an, 09:30ean.
  • Non: Beasaingo Igartza jauregian.
  • Iraupena: 4 ordu, 09:30etik 13:30era.
  • Parte-hartzaileak: 16 urtetik gorakoak
  • Gidaria: Mikel Urdangarin, Ahizeko teknikaria.

 

Parte hartzeko interesa baduzu, eman izena maiatzaren 5a baino lehen Beasaingo edo Ordiziako euskaltegian. Animatu eta izan euskahaldun!

2015/04/24

Euskara Goierrin

iritzia: 
ETBko "Tribuaren berbak"  saiokoak Goierrira etorri ziren eskualdea kanpoko jendeak uste duen bezain euskalduna den ala ez aztertzeko eta hizkuntza zein egoeratan dagoen jakiteko. Erantzuna nahi? Ikusi azpiko bideoa eta, nahi baduzu, saioa osorik.


               
Saioa osorik hemen.

2015/04/23

Irakurri, gozatu eta oparitu

iritzia: 
Liburuaren Nazioarteko Eguna dugu gaur eta, honen harira, gaurtik aurrera martxan izango da 'Irakurri, gozatu eta oparitu' kanpaina Beasainen. Kanpainak ekainaren 30era arte iraungo du.


Irakurleak euskarara gerturatzea da helburua, euskaraz ere irakurtzeko aukera zabala dagoela ikusteko. Euskarazko kultur produktuen kontsumoa ere bultzatu nahi da, bai umeena baita helduena ere. Azken batean, herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatzea da asmoa.
Beasaingo herritar guztiek izango dute kanpainan parte hartzeko eta abantailez baliatzeko aukera. 


Lau pausu eman behar dira parte partzeko :
  1. IRAKURRI: Lehenengo pausua irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, herritarrak Udal liburutegiko mailegu zerbitzua erabilita, bertako euskarazko liburu bat eramango du etxera irakurtzeko.
  2. GOZATU: Behin irakurrita liburua bibliotekan itzulitakoan irakurle fitxa erraz bat bete beharko du (zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman dion…) Fitxa hori beteta, bibliotekako arduradunak erosketa txekea emango dio irakurleari, hitzartutako liburu dendan erosteko.
  3. EROSI beste liburu bat %25eko edo %50eko deskontuarekin. Liburutegian jasotako erosketa txekearekin %25 merkeago erosiko du norbaiti oparituko dion euskarazko liburu bat. Euskara ikasleentzat erosketa txekeen balioa %50ekoa izango da.
  4. OPARITU erositako liburua: senide, lagun, lankideren bati… edo norbere buruari.
Hileroko zozketa: Udal bibliotekan, maiatzean eta ekainean, hilabete bakoitzean liburutegian maileguan libururen bat hartu dutenen artean, 30 euroko erosketa txekeak zozketatuko dituzte.
Animatu eta parte hartu, euskahaldun!

2015/04/22

Beasaingo bazterrak ezagutzeko aukera igandean

iritzia: 

Igandean, apirilak 26, Josetxo Zufiaurre beasaindarrak herriko txokoak erakutsiko ditu eta kale izendegien jatorriaz eta historiaz hitz egingo du herrian zehar egindako ibilbidean. Irteera 10:00etan izango da San Martin estatuatik. Parte hartzeko interesa baduzu, apirilaren 23a, osteguna, izango duzu izena emateko azken eguna kultura@beasain.eus helbidera e-posta idatzita edo 943 02 80 65 telefono zenbakira deituta. Animatu!

Larunbatean euskahaldunok Iruñera

iritzia: 


19. Korrikaren bukaeran, Lorea Agirreren mezuak zioen bezala, euskara plazara ekarri nahi dugu euskahaldunok. Izan eta ekin Euskal Herria euskaldundu arte! Hori dela eta, larunbatean Kontseiluak euskaraz bizitzearen alde Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 18:30ean, burutuko duen ekitaldian hartuko dugu parte.

 
Euskaraz bizitzearen aldeko ekitaldia girotzeko bestelako ekintzak ere burutuko dira. Batetik, goizean Ezkaban  bi orduko mendi buelta antolatu dute, lasterka, lehiarik gabe. Doakoa bada ere, izena eman behar da euskarazbizinahidut@gmail.com helbide elektronikoan. Geroago, 12:00etan, mintzodromoa izango da, Gaztelu plazan!

Bestetik, egun horretarako bertso bazkaria ere prestatu dute Kirol Elkarteko jatetxean. Fredi Paia, Julio Soto eta Alaia Martinen bertsoekin gozatu nahi duenak lehen aipatutako e-postara idatzi behar du edota Karrikiri euskal denda edo Iruñezar/Irrintzi AEK euskaltegitik pasatu sarrerak 25 euroan eskuratu ahal izateko.

Menpeko perpausa izateari utzi eta ahaldundu! Euskaraz bizi, ikasi, jolastu, lan egin egin... nahi dugulako, larunbatean euskahaldunok Iruñera!

2015/04/21

EGA azterketari buruz aritu dira Euskal Herria Zuzenean saioan

iritzia: 
ETB1eko Euskal Herria Zuzenean saioan EGA azterketaren inguruko albistea eman dute: Euskararen Gaitasun Agiriaren azterketa egiten dutenen % 26k besterik ez du gainditzen, lautik batek. Euren datuen arabera, 2014an 16.500 lagun aurkeztu ziren EGA azterketara, eta 4.600ek baino ez zuten lortu agiria. Gai honen inguruan hitz egiten aritu dira eta gazteei ere galdetu diete zer pentsatzen duten.

               
                

Zer iritzi duzu zuk?

2015/04/20

Apirileko lehiaketa

iritzia: 
 
Hilabete honetako galdera: Zein da Pako Aristik euskararen inguruan idatzi duen azken liburua?

Saria: Beira taldearen 'Dena ez denean ezer' diskoa eta Raul Perezen Jacques Anquetil liburua.

Parte hartzeko azken eguna: apirilak 30.

Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.


Lehiaketaren laguntzailea:


                                 

2015/04/16

Behin batean Loiolan

iritzia: 
 

Ordiziako iluntzeko A2 taldekoek Egan taldearen 'Behin batean Loiolan' abestia landu dute aste honetan. Bilintxen bertsoak ditu oinarri eta John Denver musikari estatubatuarraren 'Annie's song' abestiaren doinua du. 


Txomin Artola eta Amaia Zubiriak ere abestu dituzte bertso hauek.


Zein duzue gustukoago?

Irteera antolatu dute Beasainen iganderako

iritzia: 
Apirilaren 19an irteera antolatu da Suhar arkeologia taldekoekin eta Beasaingo txoko hauek ezagutzeko aukera izango da: Larrarteko trikuharria, Murumendiko Burdin Aroko herrixka eta Mariren kobazuloa. Autobusa 09:00etan aterako da Barrendain plazatik. Eman izena!



2015/04/15

HABEren azterketa egiteko matrikulazio epea zabalik

iritzia: 


Euskaltegian maila aitortu eta HABEren maiatzeko azterketa deialdira aurkeztu nahi duzuenok apirilaren 21erako egin behar duzue matrikula HABEren orrialdean.Hauxe da egutegia:
  • Matrikula-epea: apirilaren 14tik 21era.
  • Onartuen zerrenda: apirilaren 22an.
  • Entzumeneko eta irakurmeneko probak euskaltegian
    • 1.maila: maiatzaren 8an eta 9an
    • 2.eta 3.mailak: maiatzaren 8an eta 9an.
    • 4.maila: maiatzaren 5ean.
  • Entzumen eta irakurmeneko emaitzak: maiatzaren 13an.
  • Idazmeneko proba: maiatzaren 16an.
  • Idazmeneko emaitzak: ekainaren 11n.
  • Mintzameneko probak
    • 1. eta 2.mailak: ekainaren 18, 19 eta 20an.
    • 3.maila: ekainaren 26 eta 27an.
    • 4.maila: ekainaren 27an.
  • Emaitzak: uztailaren 8an. 

2015/04/01

Eskerrik asko Euskal Herria!

iritzia: 
Eskerrik asko Goierri eta Euskal Herria!