2015/02/26

Bertsoak, pintxoak, petoak eta poteak



Saio berezia izan genuen asteazkenean Ordizian Bertso Korrikaren barruan: II. Atera txapelketako finalisten arteko errebantxa. Gabiriako taldea eta Zumarraga-Urretxukoa aritu ziren bertsotan nor baino nor. Taldeen arteko lehia estua izan zen baina, azkenean, gabiriarrek irabazi zuten oraingoan ere. Gabiriako taldea Jokin Muruak, Aratz Igartzabalek eta Mikel Asurabarrenak osatu zuten eta Zumarraga-Urretxukoa, berriz, Asier Sasietak, Maialen Akizuk eta Beñat Torresek. 


Ordiziako euskaltegian eman genion hasiera bertso-peto-poteo ibilbideari, ikasle eta irakasleok geuk egindako Korrikako petoa jantzita genuela.  Euskaltegi barruan mokadutxoa jan eta kanpoaldera irten ginen hasierako agurrak entzuteko. Entzule izateaz gain, epaimahaiko lana ere egin genuen; geldialdi bakoitzeko saioan gehien gustatu zitzaigun taldearen aldeko botoa eman genuen besoa jasota. Hona hemen hasierako bi agur:





Handik aurrera hasi zen bertsoen, pintxoen, petoen eta poteen arteko uztarketa. Lehenengo, geltoki pareko tabernara jo genuen eta han bertsolariak atakan jarri zituen Ainhoa Mujika gai-jartzaileak: ligatu ezinda batzuk eta zortzi oin bihurrirekin beste batzuk.





Handik Garagartza plazara joan ginen eta Beñat Torres eta Jokin Murua pertsonaia ezaguna asmatzeko jolasean aritu ziren. Maialen Akizu eta Mikel Asurabarrena, berriz, gustura aritu ziren bertsotan, eskutik helduta.


Barrena ingurura jo genuen ondoren, eta objektu batzuk izan zituzten eskuetan kanturako: iratzargailua eta 10 euroko billetea. Lurrikarak ere harrapatu zituen sei bertsolariak eta une horretan zertan ari ziren kontatu behar izan zuten.


Azken aurreko geldialdian Rajoy eta Pedro Sanchezen paperean kantatu zuten Jokin Murua eta Beñat Torresek: pintxo-potean elkartu ziren Pablo Iglesiasen aurkako estrategia prestatzeko. Umorea izan zen nagusi saioan baina gai serio baten inguruan ere abestu behar izan zuten Aratz Igartzabalek eta Maialen Akizuk.


Plaza izan zen azkeneko geltokia. Bertan euren ametsak kontatu zituzten eta puntukako lanean ere aritu ziren, i bokala duten hitzak erabili ezinda. Lan zaila izaki, bertsolari batzuk azkar geratu ziren jolasetik kanpo. Ariketa hauen ondoren ikasleek euren bozka eman zuten eta gabiriarrek berdinketa lortu zuten hirugarren puntua jasota. Bukaerako agurrek erabaki zuten irabazlea eta Gabiriako taldekideek eskuratu zuten garaileen petoa.





Han ez zen garaile eta galtzailerik egon, ordea. Guztiok izan ginen irabazle, bertso saio ederra entzun, sabela bete eta, eguraldia lagun ez izanda ere, giro ederrean egon baikinen. Ez al da hala?


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina