2014/02/26

GITBren egoitza ezagutu dugu gaur goizean

iritzia: 
 

GITBren (Goierri Irrati Telebista) egoitzan izan gara gaur goizean Ordiziako goizeko taldekoak. Ion Aldanondo zuzendariak eman digu ongietorria eta bera izan dugu gidari, txoko guztiak erakutsi eta azalpen osoa eman baitigu. Lehenik eta behin, telebista eta irratiaren hastapen garaiko kontuak aipatu dizkigu eta historiaren berri eman digu, labur-labur. Ondoren, telebistako platoa erakutsi digu; bertan dute sukaldaritza saioa egiteko sukaldea (azpiko argazkian ageri dena) eta eztabaida saioetarako erabiltzen duten dekoratua. 


Jarraian, irratira jo dugu. Une honetan musika da irratian da emisioaren oinarria, baina telebistan eta irratian ematen den 'Ikusi irratia' elkarrizketa saioa ere bertan egiten dute. Irratia ezagututakoan, erredakziora jo dugu. Bertan egoten dira publizitateaz eta administrazioaz arduratzen diren langileak eta baita kazetari taldea ere. Grabatutako bideoen edizioa zein soinu lanketa ere bertan egiten dute. Azkenik, emisioa kontrolatzeko erabiltzen duten gelatxora jo dugu eta emisioaren kontrola nola egiten duten erakutsi digu Aldanondok.


 
Goiz interesgarria izan dugu, tokiko komunikabideetako bat barrutik ezagutzeko parada izan baitugu. Esperientzia polita, bai horixe!

2014/02/24

Triki-txotx: sagardoa eta dantza

iritzia: 
 

Ataungo Urbitarte sagardotegira egin genuen irteera joan den ostiralean. Ordiziako Mintzalagunak, Hitzaroko bazkideak eta Goiztiri AEKren ikasle eta irakasleak elkartu ginen bertan, 64 lagun guztira. Jende ugari, beraz, eta umore alaian ibili ginen, gainera. 

 Sagardotegiko ohiko menua izan genuen afaltzeko: bakailao tortila, bakailaoa eta txuleta. Postrean, berriz, intxaurrak eta gazta. Bakailaoa tomatetan atera ziguten eta gozatu egin genuen jaten, ederra baitzegoen! Bertako ogi guztia jan genuen ia, bakailaoaren tomate saltsan bustita!

Afalondoren, trikitilariak jo eta su aritu ziren. Gari Lizarraga ere inguruan zebilen eta, soinua jotzeko grinak hartuta, pieza dezente jo zizkigun. Majo dantzatu genuen. Horren erakusgarri dira azpiko bideoak. Ikusi, ikusi!








Argazki bilduma.
Bideoak Youtubeko gure kanalean.

2014/02/21

Mobilizazio iraunkorra hasi dute Nafarroan AEK-k eta IKAk

iritzia: 
Nafarroako AEK eta IKA euskaltegiek mobilizazio iraunkorra jarri dute martxan. Otsailaren 19an egin zuten lehen elkarretaratzea Gobernuaren egoitzaren aurrean eta hilean behin egingo dute aurrerantzean ere; hurrengo hitzordua martxoaren 12an izango da, hain zuzen ere.


Agerraldi hauen helburua Euskarabideari lehenbailehen euskaltegientzako diru-laguntzak banatzeko eskaera egitea da. Izan ere, 2012ko urritik ez dute euro bakar bat ere jaso Nafarroako Gobernutik,  2013 eta 2014ko aurrekontuetan euskaltegientzako partidak azaldu diren arren. Egoera zein den ikusita, martxoaren 31 baino lehen diru-laguntzen deialdia indarrean jartzea eskatzen diote Gobernuari, maiatzerako, beranduenez, dagokien partida euskaltegien esku izateko.

 Albistea AEKren webgunean.

2014/02/19

Deklinabidea lantzeko aplikazioa

iritzia: 
Deklinabidea landu nahi al duzu, paper artean galdu gabe? Bada, Gesmae informatika etxeak deklinabidearen inguruko aplikazioa sortu du. Aplikazioak euskal deklinabideko kasu guztiak eskaintzen ditu; hutsuneak dituzten esaldiak ageri dira eta erabiltzaileak dagokion kasu marka jarri behar du. Kontsulta teorikoak ere egin daitezke, taulen bidez.


'Deklinabidea' izeneko aplikazioa ordenagailuan eta Android edo Iphone sakeleko telefonoetan doan lor daiteke. Interneko www.deklinabideapp.net orrialdean bertsio bakoitzerako estekak daude.

Beraz, badakizue, deskargatu aplikazioa eta eman egurra deklinabideari!

2014/02/17

Euskaltegiko taldeak

iritzia: 
Pixkanaka-pixkanaka euskaltegiko taldeen argazki bilduma osatzen ari da. Bi argazki berri iritsi zaizkigu oraingoan: Ordiziako iluntzeko A1 taldekoena eta Ordiziako langabetuena. Azpiko irudietan ikus ditzakezue bi taldeetako kideetako batzuk.

2014/02/14

Sagardotegirako gonbidapen-oharra

iritzia: 
Ordiziako B1 taldekoek sagardotegirako gonbita egin ziguten mezu baten bidez eta, oraingoan, Beasaingo goizeko taldekoek berretsi dute gonbidapena. Ordiziako eta Beasaingo euskaltegietan jarri dute oharra, azpiko irudian ikus daitekeen moduan.


Erantzunaren zain daude orain bi taldeetakoak. Has dadila, beraz, erantzun zaparrada!

Taloak egiten, giro ederrean

iritzia: 
;

Talo ikastaroa egin genuen joan den asteartean Arriarango Intxaurpe elkartean. 110 lagun inguru elkartu ginen taloa nola egiten den ikasteko eta Segurako talogileak izan genituen irakasle. Hasieran, orea nola egiten den azaldu zuten talogileek eta, ondoren, taloari forma ematen ikasi genuen bertaratu ginenok. Behin forma emanda, sutara eraman behar zen taloa erretzeko eta, azkenik, hirugiharrez, txokolatez, txistorrez edota gaztaz beteta dastatu zuten norberak egindako taloa.


 



Goierri Telebistakoek ere bideoan jaso dute talo ikastaroaren berri.



Giro ederra sortu zen bildutako ume, ikasle eta gainerako herritarren artean eta guztiok sabela ondo beteta eta pozik itzuli ginen etxera. Datorren urtean gehiago!

Argazki bilduma.

2014/02/12

Otsaileko lehiaketa

iritzia: 
 


Hilabete honetako galdera: Zer esan nahi du 'aratuste' hitzak ?

Saria: Idiazabal jatorri-izenpedun ardi gazta eta 6 botila sagardo.


2 olio botila (bat ekologikoa), 3 piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, 2 zainzuri lata, tomate-pikillo saltsa (ekologikoa) eta barazki krema (ekologikoa). Kalitate oneneko produktuak dira. - See more at: http://www.guaixe.net/Albisteak.asp?IdNoticia=17798&IdHerria=16#sthash.WHvIb6xD.dpuf
2 olio botila (bat ekologikoa), 3 piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, 2 zainzuri lata, tomate-pikillo saltsa (ekologikoa) eta barazki krema (ekologikoa). Kalitate oneneko produktuak dira. - See more at: http://www.guaixe.net/Albisteak.asp?IdNoticia=17798&IdHerria=16#sthash.WHvIb6xD.dpuf
2 olio botila (bat ekologikoa), 3 piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, 2 zainzuri lata, tomate-pikillo saltsa (ekologikoa) eta barazki krema (ekologikoa). Kalitate oneneko produktuak dira. - See more at: http://www.guaixe.net/Albisteak.asp?IdNoticia=17798&IdHerria=16#sthash.WHvIb6xD.dpuf
Parte hartzeko azken eguna: otsailak 28.

Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.


Lehiaketaren laguntzailea:
                                 

2014/02/10

Kopla kantuan aritu dira Ordizian

iritzia: 


Goiztiri AEKren ikasle diren jubilatuak, Urdaneta ikastetxeko ikasle, irakasle eta gurasoak, eta Mintzalagunak kopla kantuan aritu ziren Ordizian Agate Deuna bezperan. 

Lukusin plazan elkartu ziren eta Filipineta aldetik, Barrenara joan ziren eta Barandiaran plazan amaitu zuten. Ibilbide horretan euskaltegian geldialdia eta kantu saioa egiteko ere aprobetxatu zuten!

2014/02/07

Segurako talogileen taloak

iritzia: 
Dakizuen moduan, datorren asteartean, hilak 11, talo ikastaroa egingo dugu Arriarango Intxaurpe elkartean. Segurako talogileak izango ditugu irakasle eta eurek erakutsiko digute taloak nola egin. Eskarmentu handia eta ospea dute Segurako talogileek, eta norbere herrian profeta izatea nekeza dela esaten duten arren, herritarrek ere estimatzen dituzte bertako talogileak. Horren erakusgarri da Segurako gazteek orain dela urte batzuk festa girorako egindako bideoa:


Gustatu al zaizue? Bada, ikasi kantua eta asteartean abestuko dugu!


2014/02/06

Sagardotegirako gonbita

iritzia: 

Ordiziako iluntzeko B1 taldekoek sagardotegira joateko gonbita egin digute. Hona hemen beraien mezua:

DENOK SAGARDOTEGIRA!


Datorren otsailaren 21ean, ostiralean, Ataungo Urbitarte sagardotegian afari bat antolatu dugu AEK-ko guztiok. 25€ balio du eta etorri nahi baduzue eman izena AEK-ko euskaltegian.

Autobusez joango gara 20:30ean eta itzulera 00:00etan izango da. Trikitilariak edukiko ditugu dantza egin nahi baduzue txotx egin bitartean.

Anima zaitez! Oso ondo pasatuko dugu eta euskara praktikatzeko oso aukera ona izango da.


Sagardotegirako plana girotzeko kopla batzuk ere sortu zituen guretzat Mikel Artolak, aurreko astean egindako bertso-kantu saioan. Hasi, beraz, entseatzen!


2014/02/05

Agate Deuna bezperako koplak reggae doinuan

iritzia: 
Egun hauetako kopla ezagunak abesteaz nazkatuta al zaude? Erritmo gehixeagoren premian al zabiltza? Hementxe dituzu koplak reggae doinuz jantzita. Gozatu!



2014/02/04

Agate Deuna bezperan kantua nagusi

iritzia: 
 

Agate Deuna bezpera dugu gaurkoan eta, ohitura den moduan, kopla kantuan aterako dira  asko eta asko Euskal Herriko hainbat txokotan.Azpiko bideoan dituzue hain ezagunak diren koplak:




Hasi eztarriak berotzen!

2014/02/03

Ormaiztegi eta Legorretako taldeak

iritzia: 
Euskaltegiko taldeak ezagutzen hasteko, zenbait argazki jarri genituen duela aste pare bat blogean. Argazki galeria elikatzen jarraituko genuela aipatu genizuen eta hitza emanda bete egin behar izaten denez gero, Legorretako AISA taldeko ikasleak eta Ormaiztegiko iluntzeko A1eko ikasleak dituzue azpiko argazkietan. Ez daude guztiak, kamera aurrean lotsatzen den bat edo beste badelako, baina daudenak badira, behintzat.

Ormaiztegiko taldea
 
 Legorretako AISA taldea